Hamarkadetan guztiak beti egin zuen gora Txinan: ekonomiak, biztanleriak, bizitza kalitateak… eta betirako zirudien. Biztanleriaren zahartzea edo langabezia urruneko arazoak ziren, iritsi diren arte. Aurten, urteroko bilkura politiko nagusian, LiangHui bilkuran hain zuzen ere, lehen ministroaren irekierako hitzaldian gai horiek izan dira protagonisten artean bi. Li Qiang-ek hirietan hamabi milioi lanpostu sortzea agindu du, besteak beste.
Azken urtean agerraldi batean baino gehiagotan egin die Xi Jinpingek langabeziaren aurrean «animatzeko» deia: gazteak konbentzitzen saiatu da beren ikasketekin zerikusirik ez duten lanak onar ditzaten. Eta telebistan Xi hitzaldi horietako bat ematen ikusi ondoren iristen diren iragarkietan, etxea garbitzeko produktuak aurkezten dituen familia hiru haurrekoa izaten da; eta gero iristen diren marrazki bizidunetan ere, protagonista lau haur dituen familia bat da. Mezu horietan guztietan erraz asmatzen da zein den gobernuak duen kezka nagusia.
Mezuak helarazteko dituen bide guztiak ari da erabiltzen gizartearen jarrera aldatu nahian: haur gehiago izan ditzaten, lanpostu txarragoak onartu ditzaten... baina herritarrek ez diote kasu handirik egiten; gazteek behintzat ez dute CCTV telebista katea ikusten, mundu paralelo batean bizi dira, eta alderdiak oraingoz ez du aurkitu beraiengana iristeko modu alternatiborik. Bitartean, gobernuaren kezka handienek handitzen jarraitzen dute eta guztiek dute lotura: langabeziak, jaiotza tasa baxuak, biztanleriaren zahartzeak, zaintzaren erronka berriak.
Adinekoen zaintza, Txinan ere erronka nagusi
Hurrengo hamar urteotan, Txinan 300 milioi pertsonak hartuko dute erretiroa. Aldi berean, langabezia gora ari da egiten: orain, batez beste %6 ingurukoa da; gazteen langabeziari dagokionez, 2024an errekorra gainditu du, %21era iritsita. Pandemiak eta itxialdi luzeek ekonomiari eman dioten kolpea ez da oraindik erabat pasatu, eta egoera ez bada oso azkar aldatzen, urte batzuk barru ez da egongo nahikoa gazte lanean, erretiratu horien guztien pentsioa ordaintzeko. Txinako estatistika erakundearen datuek aurreikusten dute 2035. urterako pentsio funtsa dirurik gabe gera daitekeela.
Txinako estatistika erakundearen datuek aurreikusten dute 2035. urterako pentsio funtsa dirurik gabe gera daitekeela
Orain arte, Txinan jubilazioa Europakoarekin alderatuta baxua bazen ere —batez beste, hirietan bizi diren jubilatuek hilean 400 euroko pentsioa jasotzen dute—, egoera are okerragoa izan liteke laster. Txinatarrak ohituta daude elkar babesten; egunerokotasunean behintzat ez da gobernua beraien bizitza kalitateaz arduratzen dena: osasungintza publikoa da teorian, baina gaixotasun larri bat iristean, senideek beren poltsikotik ordaindu behar dute; haurren ikaskuntza publikoa da teorian, baina ez dago eskura guztientzat —adibidez, Pekinen aspalditik bizita ere, hiriburuan erroldatzea lortu ez duten milioika biztanlek ez dute haurrak eskola publiko batera eramateko aukerarik—; pentsioarekin antzera: teorian existitzen bada ere, ez da nahikoa eta orain arte behintzat adinekoen zaintzaren ardura beti beren gain hartu dute seme-alabek.

Baina nork zaintzen ditu seme-alaba horiek? Gobernuak, behintzat, ez. Beraien egoera profesionala zerbait konplikatu da, haurrak badituzte diru kopuru handiak bideratu behar dituzte eta hezkuntzara... Pentsaera ere aldatu da, eta bizitza kalitatea lehenesten dute: bikote gazteek ez dute estres iturrien zerrendara zahartu diren gurasoen zaintza gehitu nahi. Bestalde, sektore honetako profesionalen falta ere badago, eta azken datuen arabera, Txina osoko zahar etxeetan zortzi milioi ohe daude bakarrik, nahiz eta 200 milioi baino gehiagok orain 65 urte baino gehiago dituzten. Egoera horretan beldurra sortu da: nork zainduko ditu etorkizunean adineko horiek guztiak?
Robotak edonon
Gobernuak ideia bat izan du: humanoideak izango dira adinekoen zaintza lanetan arituko direnak. 2024aren amaieran argitaratu duten txosten batean gobernuak adinekoak zaintzen dituzten humanoideen garapen azkarra ezarri du helburu nagusietako bat bezala, eta adimen artifizialaren sektoreko enpresei robot mota horiei lehentasuna emateko deia egin die. Eskualde batzuetan hasi dira aurrerapausoak ematen, eta Wuhanen, adibidez, 3D eskaneatzeari esker senideen itxura bera duten robotak sortzeko sistema aurkeztu dute. Gobernuaren txostenaren arabera, humanoide horien zeregin nagusiak larrialdi egoeratan abisua ematea edo erorketen prebentzioa bermatzea izango da; horretatik haratago, laguntza fisikoa emateko ez ezik, bakardadeari aurre egiteko ere lagungarriak izango dira.
Iraultza hori gobernuak azkar egin nahi du, eta, helburuen zerrendaren arabera, 2029rako zaintza mota hau bermatzeko sistema prest egongo da, eta 2035. urterako familia guztiek edukiko dute eskura aukera hori. Oraingoz, humanoideen produkzioa garesti samar ateratzen den arren, pixkanaka ekoizpen kostuak murriztu eta robot horietako bat 10.000 bat euroan izango dute herritarrek eskura, prebisioen arabera.
Aldiz, herritarrei galdetuta, aukera hori ez dute ikusten. Distopikoa iruditzen zaie, eta ez daude prest maite dituzten adinekoak humanoide batekin uzteko. Herritarrek robotak onar ditzaten, gobernua propaganda handia egiten ari da, eta berriz, bere mezuak helarazteko dituen bide guztietan robotak ageri dira edonon: telebista programetan, politikarien hitzaldietan... Baina gero eta eragin txikiagoa dute mezu horiek, eta gazte asko egiten ari diren galdera da: ez ote da garaia propaganda gutxiago egin eta diru gehiago emateko? Jaiotza tasa handitzea nahi badute, eman ditzatela familientzat benetako dirulaguntzak, konbentzitzen saiatu ordez egin dezatela eskuragarriago osasungintza eta ikaskuntza publikoa.
Ezin da ukatu Txinan lortu den guztia; irekiera hasi zenetik, 700 milioi pertsona baino gehiago pobreziatik atera eta landa eremuko herrialdea munduko lehen potentzia ekonomiko bihurtu dute; baina gizartea aldatu da, pentsaera berria dute gazteek, eta gaur egungo erronka berriei aurre egiteko konponbide berriak eskatzen dituzte orain.