ERC Esquerra Republicanarekin zuen gobernu ituna haustea eta Kataluniako Generalitatetik ateratzea erabaki zuen JxC Junts Per Catalunyak 2022ko urriaren 7an. Erabaki horren ondorioz prozesu subiranista bukatu zela iruditzen zitzaiola esan zuen hurrengo egunean Jordi Sanchez alderdi horren idazkari nagusi izandakoak. Inork ez zion kontra egin; ez orduan, ez orduz geroztik. Halere, prozesuaren unerik gorenean Generalitateko presidentea eta presidenteordea zirenak daude bi alderdi independentista hegemonikoen lidergoan: Carles Puigdemont, zeina urri amaieran aukeratu zuten JxCko presidente; eta Oriol Junqueras, larunbatean ERCren presidente aukeratua berriro, ozta-ozta izanagatik ere.
Zalantzak daude subiranismoarentzat onuragarria ote den hori. Bi milioi boto lortu zituen 2017ko abenduaren 21ean, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan; joan den maiatzeko bozetan, berriz, 1,2 milioi boto. Aldea nabarmena da. Eta zazpi urte horietan apaldu egin da independentziaren alde daudenen portzentajea: 2017ko urrian %49 ziren; Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroaren azken barometroaren arabera —azaro amaieran kaleratu zuen—, %40 dira orain.
Abstentzioak, berriz, gora egin du inoiz independentista izan zirenen artean. Eta hori izan daiteke diskurtso baten eraginkortasuna agortu delako; agortzea eragin zuten sintomak, gainera, ez dira guztiz desagertu. Inork ez, du, ordea, erantzukizuna hartu.