Ane irazabal

Hirugarrenak lehen

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Migrazioaren auzia toxikoa bilakatu da Europan. Ez du axola sozialdemokraziak, eskuinak edo eskuin muturrak gobernatzen duen. Europako herrialde guztiek beren mugak esternalizatu dituzte, eta hirugarren herrialde seguru gisa definitzen diren estatuen esku utzi dute etorkinen etorrera geratzeko erantzukizuna. Kontinente zaharrak esperientzia handia du eginkizun horretan. Udaberri Arabiarrek eztanda egin baino lehenago, Ekialde Hurbileko diktadoreek dirutza jasotzen zuten migratzaileak Mediterraneoren hegoaldeko kostaldeetan pilatuta edukitzeko, eta, denborarekin, tradizioari eutsi diote Europako liderrek. Italiak Libiarekin eta Tunisiarekin sinatuak dituen akordioak berritu ditu, Espainiako Estatuak Marokorekin hitzartutako migrazio itunari eusten dio, eta Bruselak Turkiaren esku utzi du ekialdeko muga kontrolatzeko eginkizuna.

Halere, azkenaldian aldaketa nabarmena sumatzen da. Ez dira soilik Europa hegoaldeko harrera herrialdeak halako akordioak bultzatzeko interesa erakusten dutenak. Iparraldera begiratzea besterik ez dago. Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzeko plana aurkeztu zuenetik, beste hainbat herrialde batu zaizkio politika plan berrira; tartean, Danimarka eta Herbehereak. Ruandak aspalditik lortu du migrazioaren aferarekin negozioa egitea. Hasieran, Burundiko eta Kongoko Errepublika Demokratikoko iheslariak jasotzen hasi zen, eta, denborarekin, egonkortasunarenuharte gisa aurkeztu da nazioarteko potentzien aurrean; gatazkak pairatzen dituzten bizilagunekin alderatuz.

Halere, azkenaldian aldaketa nabarmena sumatzen da. Ez dira soilik Europa hegoaldeko harrera herrialdeak halako akordioak bultzatzeko interesa erakusten dutenak. Iparraldera begiratzea besterik ez dago

Edonola ere, Italiak nahiago du Albania. Tiranako gobernu ezkertiarra prest agertu da Erromari lan zikina egiteko, eta Giorgia Meloni gobernuburuak Albaniako migrazio zentro berrien lanak bisitatu berri ditu. Aurrerantzean, bertara kanporatuko dituzte Mediterraneoa gurutzatu ostean Italiako kostetara iristen diren etorkinak. Lehen zentroa Shengjineko portuan eraikiko dute eta identifikazio gune bat izango da. Bigarren zentroa, berriz, Gjaderren eraikiko dute, eta kanporaketak egingo dituzte bertatik. Urtero, 36.000 pertsonako fluxua kudeatzeko gai izango direla hitzeman du Melonik. Erromaren helburua iritsierei pizgarriak kentzea da, baina babes politikoa eskuratzeko eskubidea duten pertsonen deportazioak legez kanpokoak direla gogoratu behar izan dio oposizioak. Akordiotik kanpo adin txikikoak, haurdun dauden emakumeak eta pertsona zaurgarriak geratuko dira soilik.

Nolanahi ere, deigarriena da Alemania ekimen beretsura batu dela. Nancy Faeser Barne ministro sozialdemokratak aurkeztu berri duen planaren arabera, delitu kriminalak dituzten atzerritarrek berehalako deportazio agindua jasoko dute, baita gatazkan dauden edo gerra zibila pairatzen duten herrialdeetakoak badira ere. Beste modu batera esanda: Alemaniak atea ireki dio Siriako eta Afganistango asilo eskatzaileak kanporatzeari. Baina Berlingo gobernuak haratago joan asmo du oraingoan. Deportaziorako arrazoi gisa zerrendatu dituen delitu kriminalen artean dago sare sozialetan idatzitako komentarioei «atsegin dut» ematea. Delitu horietan artean zenbatu ditu, besteak beste, irain antisemitak, eta dagoeneko hainbat kasu ezagutzera eman dituzte. Gehienak Palestinaren aldeko iruzkinak idatzi edo partekatu dituzten migratzaileen kontrakoak dira. Iragan urriaren 7tik, Alemaniak antisemitatzat jo ditu Palestinaren aldeko protestak, elkarretaratzeak, leloak eta sinboloak. Horregatik, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute migrazioaren araudi berriak adierazpen askatasuna isildu nahi duela eta Palestinarenganako elkartasuna hertsatu. Asilo eskaera ukatu zaien errefuxiatuak azkarrago kanporatzeko araudiak ere bat egin du beste ekimen batekin; alegia, Alemaniako herritartasuna eskuratzeko Israel existitzen dela onartu behar izatea. Hori hala, azken hamarkadetan deportatzeko arriskuan egon diren migratzaileei babesa eskaintzeaz eta jasotzeaz arduratu diren eliza protestanteak mobilizatzen hasi dira Alemanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.