Igor Susaeta.

Harrisek zergatik ez duen irabazi

2024ko azaroaren 6a
12:00
Entzun

Ezin da zehatz-mehatz adierazi Kamala Harris noiz hasi zen hauteskundeak galtzen. Badira, ordea, sinbolikoak izanagatik pisu bat duten uneak, erabakiak, eta horiek balantza desorekatzen lagundu dezakete; areago, AEBetako presidentetzarako hauteskundeotan bezala, lehia hain estua aurreikusten zenean. Momentu horietako bat da Dick Cheneyk iragarri zuenekoa, irail hasieran, Harrisen alde bozkatuko zuela. George W. Bush errepublikanoak Etxe Zuriko giltzak eduki zituenean (2001-2009) presidenteorde izan zen, eta, besteak beste, Irak eta Afganistan inbaditzea hauspotu zuen, baita Guantanamoko espetxearen eginkizuna defendatu ere. Eta Harris pozik agertu zen belatz horren babesa zuelako. 

Gerrazale bat alde izan du, eta beste gatazka batzuen inguruan izan duen jarrerak ez dio lagundu, ez, Alderdi Demokratako presidentegaiari. Israel sarraski bat egiten ari da Gazan, baina Harrisek ez dio belarrietatik tira egin Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, nahiz eta eskatu dion, nolabait, neurriz jokatzeko aspaldion martxan duen oldarraldian. Horrek AEBetako komunitate musulmana haserretu du. Ez da bloke uniforme bat bere horretan, baina, oro har, demokraten alde bozkatu izan du. 2020ko bozetan, esaterako, haien botoak ezinbestekoak izan ziren Joe Biden Michiganen nagusitu zedin.

Swing state edo estatu erabakigarrietako bat izan ohi da hori AEBetako hauteskundeetan. Aurten, bozen atarian, Michiganen musulmanen kopurua nabarmena den tokietan For peace, vote Trump lelodun kartelak itsatsi zituzten (Bakea lortzeko, Trumpen alde bozkatu). Hau da, Donald Trump, ziurrenik berriro AEBetako presidentea izango dena, ez dutela gerrarekin lotzen. Trumpek harro esan ohi du aurrez presidente izan zenean, 2017 eta 2021 artean, ez zela gerrarik piztu munduan. Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko, bi estatuen bidea defendatzen zuen. Ikusteko dago AEBek zer bide hartuko duten aurrerantzean Ekialde Hurbilean. Argi dago, hori bai, Trumpek Netanyahu babesten duela; Harrisek bezala, bide batez.

(ID_14406980) USA PRESIDENTIAL ELECTIONS 2024
Harrisen jarraitzaile batzuk, gaur, Washingtonen. SHAWN THEW / EFE

Eta adiskidetasun-edo horrek ez dio mesederik egin azken lau urteetan herrialdeko presidenteorde izandakoari; batez ere, gazteen artean. AEBetako hainbat unibertsitatetan Israelen aurkako eta Palestinaren aldeko manifestazioak egin ziren aurreko udaberrian; protesta horiek baliatu zituzten, gainera, Washington auzi horretan edukitzen ari den jarrera kritikatzeko. Milaka pertsona atxilotu zituzten Polizia indarrek. Gazteek demokraten alde bozkatu izan dute tradizionalki, eta Pew Research Center enpresak duela bi aste pasa kaleratutako inkesta batek erakutsi zuen 18 eta 34 urte arteko estatubatuarren %57k Harrisen alde egingo zutela, eta %34k emango ziotela botoa Trumpi. Baina hauteskundeetako emaitzek erakutsi dute apaldu egin dela herritar multzo horrek demokratei eman ohi izan dien babesa; izan ere, NBC telebista kateak jakinarazi duenez, 2008tik presidentegai errepublikano batek 30 urtetik beherakoen artean edukitako babesik handiena lortu du Trumpek.

Ondoriozta daiteke, beraz, Alderdi Demokrata zigortu dutela, atzerri politikan azken lau urteetan hartutako erabakiengatik. Errusia-Ukraina gatazkan, esate baterako, Kiev militarki hornitzea besterik ez du proposatu.

Hauteskundeetako emaitzek erakutsi dute apaldu egin dela 18 eta 34 urte artekoek demokratei eman ohi izan dieten babesa

Dena den, Etxe Zurira iristeko ahaleginean, batez ere aldagai ekonomikoak desorekatzen du balantza alde batera edo bestera. Ipsos etxeak inkesta bat argitaratu zuen bozen aurretik, eta bozkatzaileen %90ek onartu zuten hautagaiek proposatutako neurri ekonomikoak aintzat hartuta aurreikusten dituzten diru sarrerek berebiziko garrantzia dutela botoa nori eman erabakitzerakoan. Trumpek esaten du, adibidez, bera agintean badago prezioek ez dutela gora egingo, eta AEBetako enpresak behartuko dituela han lanpostuak sortzera. Harrisek adierazi zuen kanpainan helburu izango lukeela AEBak berriro «oparoak» izatea, eta klase ertaina izango litzatekeela prozesu horren protagonista.

Aurrenekoaren mezua gailendu da. Harresi urdina deitutako espazioan ere bai; alegia, Wisconsinen, Michiganen eta Pennsylvanian. XX. mendearen hasieran AEBen hazkunde industriala bultzatu zuten hiru estatu horiek nagusiki, eta 1980ko hamarkadatik, desindustrializazio betean, demokraten gotorlekua izan ohi da. Joe Bidenek hango emaitzei esker irabazi zituen bozak 2020an; zenbaketa amaitu zain, hiru horietan galtzekoa da Harris.

Eta bozkatzaileen beste multzo batean ere indarra galdu du. Latinoek demokraten alde bozkatu ohi dute, baina National Election Pool etxeak hauteslekuetan zundaketa bat egin du azken orduetan, eta horrek erakutsi du komunitate horrek Trumpi emandako babesa hamahiru puntu igo dela 2020an eduki zuenarekin alderatuta, nahiz eta Harrisek diskriminazioaren aurkako politikak planteatu dituen. Hain zuzen, latinoen %53k esan dute demokrataren alde egingo zutela, eta %45ek errepublikanoa babestuko zutela. Bozkatzeko aukera eduki duten 244 milioi pertsonen artean, 36 milioi dira latinoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.