mikel rodriguez
ANALISIA

Haga: kontzeptua eta errealitatea

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Fatou Bensouda Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak ohar bat argitaratu zuen duela egun batzuk. Antza denez, azkenaldian behin eta berriz galdetu diote ea EI Estatu Islamikoaren krimenengatik ikerketaren bat irekiko duen. Erantzun argia eman du Bensoudak: Nazioarteko Zigor Auzitegiaren funtzionamendua zein den azaldu du.

Hasteko, oroitarazi zuen EIren krimenak nazioartean onartutako bi estaturen mugen barrenean gertatu direla, Sirian eta Iraken. Nazioarteko Zigor Auzitegiak, ordea, ez du jurisdikziorik estatu horietan, Siriak ez duelako berretsita Erromako Estatutua, eta Irakek ez du ezta sinatuta ere. Estatutu horretan oinarrituta sortu zuten auzitegia. Hala ere, bertze aukera bat du Bensoudak EIren inguruko ikerketa bat hasteko: NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hori agintzea, hori baita jurisdikzioa gainditzeko aukera bakarra. Agindu hori ez zaio ailegatu.

Bensoudak bere adierazpenekin argi utzi duena da Nazioarteko Zigor Auzitegiak duen aho bikoitza: justizia unibertsalaren kontzeptua ideal gisa, eta nazioarteko interesen eragina. Gero eta presentzia handiagoa du Hagan egoitza duen auzitegi horrek munduko agintarien adierazpenetan, hedabideetan, gobernuz kanpoko erakundeen salaketetan, eta baita zapalketen biktima diren kolektibo eta norbanakoetan ere. Toki bat munduan, zentralizatua, edozein txokotan gerta litezkeen basakeriak eta injustiziak salatzeko aukera emanen duena. Eta, horrekin batera, basakeria horien egileak geldiarazi beharko lituzkeen egitate bat, ulertarazi beharko liekeena haien gainetik badagoela botere bat inpunitatea baliogabe uzten duena. Hori litzateke planteamendu ideala.

Gero errealitatea dator, ordea. Israel haserrearazi du Palestina Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide bihurtzeak. Itxura eta diplomazia arrazoiengatik gehienbat, Gazan sendi osoa galdu zuen herritar batek nekez ikusiko baititu hiltzaileak Hagan jarrita, Israelek jurisdikzioa ez onartzeaz gain, egintzat jotzen baita AEBek NBEko Segurtasun Kontseiluan betoa paratuko lieketela israeldarrak auzipetzeko ahaleginei. AEBek, Errusiak eta Txinak, haiek ere jurisdikzioa onartzen ez duten arren, onartzen ez duen bertze bati ezartzeko ahalmena dute. Kexa hori dute Afrikako agintari anitzek, ustelak, genozidak edo legitimotzat jotakoak izan. Justizia unibertsala gauzatzeko ideala gauzaezina da, gaizto guztiak ez direlako Hagatik pasatuko, eta pasatuko diren guztiak ez direlako zertan hain gaizto izan. Eta gaiztoek ere erabaki dezaketelako zein den gaiztoa eta zein ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.