Mokoka dabiltza berriro Mexiko eta Espainiako Erresuma. Haserre dira mexikarrak, ez bakarrik Felipe VI.ak orain 500 urteko sarraskiagatik barkamena eskatzeari muzin egin diolako (edo baita ere), baina, batez ere, Espainiakoek, gaur, orain, hartutako lainezagatik. Itsasoaren alde bietan oso antzekoak izan dira auzi honen inguruko aburuak. Gehienak barkamen eskaeraren bitxikeriara mugatu dira, haratago izan diren zioak aintzat hartu gabe. Izan ere, 2019ko martxoan Borboikoari igorritako gutunean Mexikoko orduko presidente Lopez Obradorrek aitortzen zion Espainiakoari herri indigenen aurkako jazarpen eta sarraskiak ez zirela independentziarekin agortu, eta, Espainiak bezala, Mexikok ere barkamena eskatu beharko ziela. Eta eskatu die: 2022ko urrian lursail andana itzuli zion estatuak Sonora eskualdean bizi den Yaqui herriari; eta presidentetza utzi bezperan, orain aste bi, Parlamentuan lortutako gehiengoa baliatu du Lopez Obradorrek, konstituzioan jatorrizko herri guztiei herri gisa dagozkien eskubideak aitortzeko.
Haratago zihoan Lopez Obrador gutunean. Barkamena giltza zen herrialde bien «harremanetan aro berri bati ekiteko», eta «hurrengo belaunaldiei elkarbizitza estuago, arinago eta anaiartekoago baterako bideak eskaintzeko». Horra hor gakoa, herrialde bien artean gaur gertatzen ari direnak. Ez konkista garaikoak, ez erregeordetzakoak, eta ez independentzia gerrakoak, ez, gaurkoak dira laido eta bidegabekeriak. Eta horregatik hain zuzen, 2022an Lopez Obradorrek herrialde bien arteko harremanetan etenaldi bat egitea erabaki zuen.
Egin dezagun apur bat atzera, non gauden ulertzeko. Lopez Obradorrek 2018an irabazi zituen hauteskundeak, aurreko presidente Peña Nietok energia alorrean 2014an egindako pribatizazioak atzera botako zituen promesarekin. Abenduan, kargua hartu eta segituan, estatuaren energia munduko enpresak —PEMEX petrolio mexikarra eta CFE elektrizitate batzorde federala— ahalduntzeko neurri zorrotzak agindu zituen, Repsol, OHL eta Iberdrola bezalako enpresen kalterako. Espainiako Gobernuak berehala erantzun zuen: 2019ko urtarrilaren 7an jakin genuen Pedro Sanchez presidentea Mexikon izango zela hil amaieran, eta, besteak beste, herrialde bien arteko harreman ekonomikoak izango zituela hizpide. Espainia da Mexikoren bigarren bazkide komertziala, eta horixe nabarmendu zuten presidente biek Mexiko Hirian batzartu zirenean. Sanchezek baikor agertu nahi izan zuen arren, Espainiako enpresen ordezkariekin egindako bileran Lopez Obradorrek errieta egin zien haiei guztiei, beraien presidentearen aurrean: euren jardunean «jokabide etikoa» eskatu zien, «legerik ez urratzeko», eta «ustelkeriari muzin» egiteko.
Patxadak ez zuen askorik iraun. 2019ko otsailaren 23an ofizialismoari lotutako Sin Embargo aldizkari digitalak egin zuen salaketa: «Ustelkeria, giza eskubideen urraketak… Espainiako enpresak ez dira praktika onenekin iristen Mexikora». Ezin gogorragoa zen artikulua Iberdrola, Renovalia, Elecnor, Abengoa edo OHL-Mexico bezalako enpresen kontra. Idatzita dago enpresa horiek guztiek Mexikon jardun izan dutela ustelkeria eta eskupekoak baliatuz, eta herri indigenen giza eskubideak zapalduz. Egun eta giro horretan idatzita dago martxoaren 1ean Borboikoari igorritako gutun sonatua.
Jakina den bezala, Felipe VI.ak idatzia jaso ez zuen itxura egin zuen, baina isilean eman zion prentsari, haien burla eta isekarako. Hiru urtera, 2022an, helduko zen harreman diplomatikoen etena. Eguneroko agerraldi haietako batean argitu zuen Lopez Obradorrek erabakia: gogoratu zuen pribatizazioa sustatu zuten Felipe Calderon eta Peña Nieto presidenteekin harreman oso estua zuela gobernu espainiarrak, eta salatu zuen haien agintaldietan Espainiako enpresek «nahi zutena» egiten zutela Mexikon. «Konkista lurralde bezala ikusten gintuzten, bigarren konkista bezala, baina hori amaitu da».
Ez konkista garaikoak, ez erregeordetzakoak, eta ez independentzia gerrakoak, ez, gaurkoak dira laido eta bidegabekeriak.
Bien bitartean eta hedabide nagusietan egindako kanpaina oso bortitzaren ondoren, Mexikoko Auzitegi Gorenak atzera bota zion Lopez Obradorren gobernuari energia alorrean onartutako erreforma, eta aintzat hartu zituen atzerriko enpresek sartutako helegite guztiak. Kanpaina horren atzean egotea leporatu zion presidenteak Iberdrolari: «Beraiek ari dira kanpaina hau sustatzen, ezkutuan, kontserbadurismoak bi ezaugarri horiek dituelako: oso ustela eta hipokrita da».
Hainbat hilabetez mutur joka ibili ondoren, 2023an iragarri zuen Iberdrolak Mexikon zuen ondare guztiaren %55 estatuari salduko ziola, 5.800 milioi euroren truke. Lopez Obrador eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea irribarretsu agertu ziren hedabideen aurrean. Lehenengoak «nazionalizazio» berba aipatu zuen, eta bigarrenak «mauka» hitza etxera itzuli zenean. Biek ala biek kendu zioten elkarri gainetik.
Horrela heldu ginen Claudia Sheimbaum presidentearen kargua hartzeko ekitaldira, zeinetara Borboikoa ez zen gonbidatua izan. Lopez Obradorrek gutunean «harremanetan aro berri bati ekiteko» deiari muzin egin izana ez diote barkatu.