Olatz Urkia

Gizartearen aurkako mendekua

2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Txinan 50 egunean ezezagunen aurkako bost eraso izan dira; larriena, joan den astean, Zhuhai hirian: gizon batek estadio baten kanpoaldean hamarnaka pertsona harrapatu zituen autoarekin, eta 35 hildako eragin. Asteartean, Hunan eskualdean, gizon bat haur hezkuntzako eraikin batera gerturatu, eta, goizean goiz, gurasoak haurrak eskolan uzten ari zirenean, hainbat pertsona harrapatu zituen; kasu horretan, zorionez, hildakorik eragin gabe. Hainbat gurasok pala batekin autoaren kristalak apurtu, 39 urteko erasotzailea kanpora atera, eta jipoitu egin zuten Poliziak eraman zuen arte. Sare sozialetan «gizartearen aurka mendekua hartzearen» fenomenoaz hitz egiten ari dira, kasu guztietan arazo pertsonalen ondorioz duten amorrua ezezagunen aurka atera duten erasotzaileak baitira. Askok gizartearen ondoeza ikusten dute horren atzean.

Autoz edo labanaz

Azken hilabeteetako eraso horietan ohikoena izan da autoz ezezagunak harrapatzea edo labanaz eraso egitea. Shocka eragin duen beste kasu batean, 21 urteko ikasle ohi bat bere institutua izandakora gerturatu, eta labanaz zortzi pertsona hil zituen, eta gutxienez hamalau zauritu. Poliziak atxilotu zuenean, ez zen ihes egiten saiatu, eta azaldu zuen erasoaren arrazoia zela institutu horretan nota txarrak atera izana, eta orain zuen lan egoerarekin eta soldatarekin pozik ez egotea.

(ID_14424720) CHINA VIGIL CAR RAMMING
Pertsona bat lore sorta bat jartzen azaroaren 12an, Zhuhaiko erasoa gertatu zen tokian. ALEX PLAVEVSKI / EFE

Zhuhai hiriko erasotzailearen azalpenei ere ez diete zentzurik ikusten sare sozialetan gaiaz ari direnek: 62 urteko gizonak azaldu du dibortzio gatazkatsu bat izan duela, eta adostu duten ondasun banaketarekin ez zegoela pozik; horregatik atera zuela haserrea ezezagunen aurka. Ondoren, autoan bere buruaz beste egiten saiatu zen labanaz lepoa zaurituz; baina hori egin baino lehen 35 pertsona hil zituen, eta 43 zauritu.

Poliziak argudiatu du eraso horiek sarritan imitazio moduan egiten direla, eta horregatik dela beharrezkoa gaia isilaraztea

Azken astean ere izan dira labanarekin egindako hainbat eraso. Beste kasu batean, trafikoko eztabaida batengatik: Chengdu hirian, motor elektriko baten gidariak auto baten gidariari eraso egin dio labanaz, eta hil egin du. Albiste hauek guztiek tentsioa sortu dute, eta herritarren segurtasun faltaren sentsazioa da hizpide nagusi.

Geldiarazteko moduaren bila

Sare sozialetako bideoak segituan zentsuratu dituzte, eta agintariak gaia isilarazten saiatu dira. Mendebaldeko sare sozialetan hedatu den beste bideo batean, Stephen McDonellek, BBCk Txinan duen berriemaile bereziak, salatu du gaia lantzeko oztopoak dituela: zabaldu duen bideoan ikusten da nola Zhuhaiko estadioan kameraren aurrean hitz egiten ari zenean gizon bat era oldarkorrean gerturatu zitzaion eta grabaketa oztopatu zion. Horren harira, erasoen eta gizartearen ondoezaren gaian zentsuraren debatea ere nahastu da. Alde batekoek diote gaia isilarazteko joera horren atzean kontakizuna kontrolatu beharra dagoela; Txinako gizartearen ondoeza edo arazo ekonomikoak ukatzeko agintariek duten beharra, hain zuzen ere. Aldiz, poliziak argudiatu du eraso horiek sarritan imitazio moduan egiten direla, eta horregatik dela beharrezkoa gaia isilaraztea, beste nonbait dagoen beste ero batek gertatutakoa ikusi eta berdina errepikatu ez dezan. Hain zuzen ere, azkenaldiko erasoetan egin den huts nagusia hori dela diote: sare sozialetan hedatu diren bideoen kontrola galdu dutela eta ezin izan dutela ekidin «gizartearen aurkako mendekuaren» ideia buruko arazoak dituzten herritar gehiagorengana iristea. Egia da, adibidez, autoz ezezagunak harrapatzearen eraso mota hori azkenaldian hainbat hiritan, modu berean, eta egun gutxiren aldearekin errepikatu dela.

Arrazoia bata edo bestea izan, txinatarrek azken egunotan eskatu dute arazoa geldiarazteko modua azkar bilatu dezatela: dela segurtasun neurriak hobetuz, edo oinarrian dauden arazoak eta gizartearen ondoeza behar bezala aztertuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.