Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Gezurraren hanka motz eta azkarrak hauteskunde lehian

2024ko apirilaren 28a
05:05
Entzun

Kalapita ederra izan genuen aurreko igandean, hemen Mexikon. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundeen emaitzen zain geundela, Chiapas eskualdetik jasotako albiste batek gaiztotu zigun aldartea: talde kriminalek Claudia Sheimbaum presidentegaiaren autoa armaz atxiki, eta Andres Manuel Lopez Obrador mandatariaren oinordekoa mehatxatu zuten. Erabat sinesgarria izan zen albistea, kontuan izanik ekainean egitekoak diren hauteskundeen kanpaina hasi zenetik, eta oraingoz, 25 hautagai erail dituztela. Azken biak hilaren 20an, arestiko jazoeraren bezperan. Izan ere, hauteskunde hilketak ohikoak izan dira Mexikon bozketa guztietan, mexikarrek bozkatzen dutenetik.

Sheimbaum onik atera zen gertaera horretatik, nahiz eta jazo izan zitekeenaren beldurrak benetan aztoratu zituen bere gogaideak. Biharamunean jakin genuen, Lopez Obradorren hitzetan, den-dena gezurra izan zela. Talde kriminalen jazarpena hainbat eskualdetan benetakoa eta ezin larriagoa bada ere, igandekoa, presidentearen esanetan, oposizioaren muntaia izan zen, Sheimbaum ahul eta zaurgarri agertu arazteko boto emaileen aurrean. Erabat sinesgarria hipotesi hau ere.

Inkesta guztiek aurreratzen dute Sehimbaum hautagaiaren garaipena. Duda bakarra ei dago: Lopez Obradorren aldekoek Parlamentuko eta Senatuko eserlekuen bi herenetan esertzea lortuko ote duten, kopuru hori beharko dute-eta Peña Nieto presidente zela Konstituzioari egin zizkioten aldaketak trabarik gabe indargabetzeko. Gauzak horrela, ez zen harritzekoa izan orain gutxi entzutea, Lopez Obrador batere maite ez

duen telebista kate bateko tertulian, oposizioari geratzen zaion aukera bakarra, Sheinbaumen aurkako balizko gerra zikina egitea dela. Higadura kanpaina berehala hasi zuten.

Hiru hedabidek albiste bera ekarri zuten azalera urtarrilaren 31n: AEBetako drogen kontrako agentziak, DEAk, Lopez Obrador ikertu zuen narkoak, ustez, 2006ko hauteskunde kanpaina ordaintzen lagundu ziolako. DEAk berak argitu zuen berehala, ikerketa ireki bezala itxi zutela, esku hartze kriminalaren inongo aztarnarik aurkitu ez zutelako. Bost axola argibideak oposizioko hautagaiaren atzean diren eragileei. Geroztik joera nagusi izan dira sarean #narcopresidente eta #narcocandidata bezalakoak.

Bost aste baino ez dira falta bozka egunerako, eta hauteskunde lehia sastraka bihurtu dute jada batzuk eta besteek. Horrenbestekoa da fake news edo albiste faltsuen erabilera, hauteskunde agintariek Certeza 2024 izeneko plataforma sortu behar izan dutela sarean eta hedabideetan zer den gezurra, eta zer ez, egiaztatzeko. Eta ez dira gutxi izan egiari muzin egin dioten albisteak.

Online atzemandako gezurren artean, AEBetako mugarekin eta Lopez Obrador presidentearen aurkako erasoekin lotutakoak nabarmentzen dira. Gezurra da, adibidez, Texas eskualdeko Guardia Nazionalak tankeak eraman zituenik Mexikoko mugara. Era berean, ez dago esaterik, hitzez hitz horixe esan izan bada ere, Errusiako armadak Mexikon esku hartu eta eragin militarra duenik.

Eta Greg Abbott Texasko gobernadorea, eta Joe Biden presidentea biak ala biak mokoka badabiltza ere, ez da egia, hainbat webgunetan halaxe irakurri dugun arren, Mexikorekiko mugan gerra baten zantzurik dagoenik. «Albiste» horiek zabaltzen dituztenek herrialde bien arteko harremana zapuztearekin batera, hegalak moztu nahi dizkiete Lopez Obradorren oinordekoei.

Bide beretik, gezurra da baita ere presidenteak jabetza pribatua debekatu asmoz Konstituzioa aldatzea proposatu duenik. Eta era berean, ez da egia Mexikoko agintari gorenari arrautzekin eraso diotenik aurten; ez eta narkotrafikatzaile baten amaren hileta elizkizunean bera buru izan denik ere. Egia ez den bezala presidentearen emazteak sexu-abusuak egotzi dizkioten diputatu ohi bat babestuz ezer esan duenik ere, horiek guztiak sare sozialetan eta telegram edo whatsapp bidez lau haizeetara zabaldu badira ere.

Ekainaren 2an hauteskunde iruzurra izango denaren susmoa ere zabaldu nahian dabiltza batzuk. Martxoaren 8an, esaterako, @Abogato izeneko erabiltzaileak zera ziurtatu zuen X sarean, alegia: Gobernuak ireki berri duen megafarmaziaren biltegietan boto-paper faltsuak gordetzen dituzte, iruzurra ahalbidetzeko. Den-dena ondo lotuta ei daukate agintari mexikarrek, iruzkin horren arabera. Hauteskunde agintariek oharra kaleratu behar izan dute, hamaikagarrena, argituz Talleres Graficos de Mexiko inprimategi ofizialak ekoitzitako 317 milioi hauteskunde txartelek badituztela faltsutu ezinak diren hainbat ezaugarri fisiko. Gezurrak hanka motzak baditu ere, azkarrak dira gero!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.