Irudi ezbairik gabe latz eta bortitz hauek apenas diren gaur egun Ekialde Hurbila astintzen duten borroken ispilu margula. Herri kurdua, zeinak 32 milioi biztanletik gora duen, nahi gabe gatazka nahasi baten biktima bihurtu da. Gatazka horretan, elkarrekin nahasten dira jarrera politiko eta ideologikoak, jihadisten «gerra santua», oinarri faltsuki erlijiosoen gainean ia-ia zatituriko Irakeko herria, Siriako gerra zibila eta hainbat potentziaren esku beti ezkutua, besteak beste —eta ez da adibide bat—, Persiar golkoko monarkia feudalarena, behinolako metropoli kolonialena (Frantzia eta Britainia Handia) eta gorabidean direnena —Turkia, esate baterako—, eta nonahiko eta noiznahiko inperialismo iparramerikar-sionistarena. Tronu arteko borroka bat da, handi, ertain eta txikien artekoa, bukaezina eta aldakorra. Komunikabide gehienek, gainera, etengabeko nahaspila gisa aurkezten digute, bai lehiakideei dagokienez, bai biktimei dagokienez. Propio partzialki aurkezturiko egiak, bereiztea lor ez dezagun.
Aliantzak behin eta berriz aldatzen dira, unean uneko eta sarri nahita eragindako krisien arabera. Badirudi hau dela azken mezua: «Ez dezala inork irabaz, denek elkarren aurka borrokan segi dezaten». Deabruak etengabe alda daitezke: atzo etsai ziren horiek aliatu izan daitezke gaur. Saltzen diguten ikuspegia, kalifikatzailez eta aurreiritziz betea, ez da tolesgabea; aitzitik, funtsezko eta klase sozialen arteko gatazka bat ezkutatzen du, ez erlijioen artekoa; baliabide naturalen kontrola, estatuko botere politikoa eta nazioarteko influentziak lortzeko borroka.
Alabaina, xake joko odoltsu eta lazgarri horrek hainbat ondorio ditu: milaka hildako, zauritu eta abandonatu, adibidez. Benetako aurpegiak eta oinazeak dira: izen, abizen eta istoriodunak. Kondenatu egin ditu gerrak, gerra honek, zeinahi gerrak.
Horrenbestez, Gernika ez da soilik euskal herri bat edo gure herriaren askatasunen sorlekua; betiereko ikur bat da, pintura ospetsu bat, zeinak erakusten baitu nola herri zibilak merezitako zigorra hartzen duen eta nola sufritzen dituen bere azalean gerraren izugarrikeriak existitze hutsagatik eta, esaterako, euskaldun izate hutsagatik, edo palestinar, irlandar, siriar, kurdu, libiar edo errusiar jatorriko ukrainar… Herri zibilaren kontrako edozein bonbardatze eta eraso atzera Gernika da.
Ez dago aitzakiarik; bildotsen isiltasuna beste sarraski eta gehiegikeria batzuen eta gerraren ondorio latzen aieru eta akuilu da. Orain hori ikusi nahi ez duena bihar ezingo da kexatu etxean gertatzen denagatik.
Yezidi gutxiengo erlijiosoko gizon, emakume eta ume kurduak ageri dituzte irudiok. Jatorri eta adin guztietako gizakiak dira, etsi-etsi eginda ihesian Estatu Islamikoko milizianoen setiotik; AEBek eta Israelek elikatzen duten kalifa-herri horretako milizianoen setiotik, hain justu. Edward Snowden AEBetako Segurtasun Agentziako analista ohiak oraintsu argitaraturiko dokumentuen arabera, hori adibide garbi-garbia da ikusteko nola osatzen den lehenagoko arerio baten (Al-Qaeda) hondakinezko oinarrietatik beste «arerio perfektu bat», zeinak, aurrekoak bezalaxe, autonomia propioa lortu baitu.
Irakeko peshmergen —Kurdistango Eskualde Autonomoko soldaduak— erretira ustekabeko eta ezin susmagarriagoak —gauetik goizerakoa, literalki— Mendebaldeko potentzien beste esku hartze bat zuritu du, Gazako zerrendari eginiko eraso sionista bete-betean, eta ez kasualitatez; eraso horren buruan, noski, AEBak daude. Bitxiki, peshmergak izan dira armen, komunikabideen interesaren eta funts ekonomikoen lehendabiziko onuradunak; hau da, borrokarik egiteke eta inongo arrazoi logiko eta militarrik gabe posizioak utzi zituzten peshmerga berberak. Antza, beren buruzagi ustelen erabakia izan zen; badirudi buruzagiok eskualdeko «mundu librearen» infanteria bihurtzea erabaki dutela, ea hortik zer etekin partikular atera dezaketen edo.
Hala ere, ustezko defendatzaile naturalek —hots, peshmergek— abandonatu zituzten yezidiak azkar batean salbatzera ez ziren joan, ez, erretiran zihoazen peshmergak, ez NATO, ez NBE, baizik eta Siriako haien anaia kurduak, zeinek indar jihadista bortitzei hegaletik eraso zieten salbamendurako giza korridore bat irekitzea lortu arte. Gainera, ez zioten utzi Estatu Islamikoaren beraren setiopean zeuden beren hiriak defendatzeari.
Irudiotan uniformea jantziriko jendea ikusiko duzue: Rojavako YPG Herritarren Babeserako Batasunetako miliziakideak dira. Haiexek atera zituzten argazkiok, beren jendearen oinazearen erakustaldi mingarriek hunkituta seguruenik. Pentsatzekoa da, gainera, jada ez dietela erasango Sirian eraginiko gerra zibilaren izugarrikeriek. Zorigaitz hori egunero-egunero sufritzen dute Rojavako biztanleek.
Komunikabide handiek, baina, egia bat ezkutatzen eta apaintzen dute: alegia, Rojavako miliziano kurduek jo zutela, bizkor eta modu eraginkorrean, beren anaiei laguntzera, hots, yezidiei, haiek bezain kurdu diren horiei. Nabarmendu beharrekoa da jarrera hori, ez gaitezen gal hainbeste interes lokal, atzerritar eta zekenen neurrira asmaturiko eta armaturiko labirinto honetan.
Irak. Estatu Islamikoaren erasoaldia. ANALISIA
Gerraren ondorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu