Olatz Arrieta

Gerrarako eta bakerako prest

2025eko otsailaren 23a
05:05
Entzun

Europan defentsa garatzeko prozesua are gehiago azkartuko du Trumpen bigarren agintaldiak, eta oraingoan litekeena da Europako herrialdeek euren segurtasunaren ardura nagusia hartzea, AEB Ameriketako Estatu Batuek Asia Pazifikoa lehenetsiko dutela esan eta gero.

Bruselan, aurrekontu militarrak azkar igotzeko neurriak aztertzen ari dira korrika eta presaka. Trump Ukrainan bake akordioa lortzeko presaka dabil, eta gutxien espero denean iragarri lezake AEBek Europan dituzten segurtasun konpromisoen ahultzea. Armamentua egiteko eta erosteko diru bila ari da Europako Batzordea, martxoan 27 gobernuburuek egingo duten hurrengo ohiko goi bilerarako. Orain arte hainbat formula aipatu dira estatuek defentsarako aurrekontuak handitu ahal izateko: kohesio funtsetatik eta Next Generation Funtsean banatu ez den dirua defentsa arlorako erabiltzea; arau fiskalak hainbat urtez malgutzea eta bonu europarrak jaulkitzea, besteak beste.

NATOn indar estatubatuarrek utziko dituzten hutsuneak betetzea ez da erraza izango, aliatuen hainbat azpiegitura militar estatubatuarrak dira eta; esate baterako, telekomunikazio sistemak edo airean dauden gerra hegazkinen erregai hornidura. Ukrainari armak emateko ere ekoizpena handitu beharko dute Europan, eta erosketak areagotu Ameriketako Estatu Batuetan. Trumpen muga zergak saihesteko negoziazioen barruan, Europako Batasunak arma gehiago erostea aurreikusten da.

(ID_14604015) RUSSIA DAILY LIFE
Putinen eta Trumpen matrioxkak Moskuko denda batean, urtarrilaren 21ean.

Washingtonek azken 75 urteotako Europaren segurtasun egitura hankaz gora jarri eta gero, beste krisi baten aurrean dago Europako Batasuna. Aurreko krisiak ez bezala, atzerri politikarekin lotutako krisia da hau, eta arlo horretan ez dago politika komunik; herrialde bakoitzak bere atzerri politika kudeatzen du eta erabaki gutxi batzuk bakarrik hartzen dira 27en artean. Erabaki horietako bat izan dira Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak. 16. zigor sorta Ukrainaren inbasioaren hirugarren urteurrenerako onartu dute, baina ez dago argi 17.a adosteko gai izango diren. Batasuna lortzea zaila izaten da atzerri gaietan; eta are zailagoa izango da une honetan, Etxe Zuriak ez baitu presiorik egingo akordioaren alde, aurrekoetan egin duen moduan.

Trumpen gobernuak Errusiarekin harremanak normalizatzea erabaki ostean, Bruselak komunikazioa berriro martxan jarri beharko luke Moskurekin, AEBek eta EBk interes ezberdinak baitituzte orain.

Zatiketa agerikoa da Frantziaren eta Poloniaren artean: lehenak jada autonomia estrategiakoaren alde egiten du, eta bigarrenak ez du aldatu nahi Ameriketako Estatu Batuekin dagoen harremana. Horrekin batera, Errusiaren aldekoak ugaritzen ari dira; Hungariari Eslovakia eta Bulgaria gehitu zaizkio eta. Zatiketa eta betoak gainditzeko, defentsa gaitasunetarako ekimenak sortzea aztertzen ari da batzordea; ekimen horietako batzuk Europako beste herrialde batzuetan zabaltzea alegia; Erresuma Batuan, adibidez. Defentsa alorrean elkarlana handitzeak brexit-aren zauriak ixten lagunduko luke, gainera.

Trumpen gobernuak Errusiarekin harremanak normalizatzea erabaki ostean, Bruselak komunikazioa berriro martxan jarri beharko luke Moskurekin, AEBek eta EBk interes ezberdinak baitituzte orain. Ukrainaren eta Europaren segurtasunaz hitz egiteko mahaian eserlekurik ez badu Bruselak, beste mahai bat antolatu beharko du Errusiarekin. AEBekin deskonexio militarra, ekonomikoa, teknologikoa mahai gainean dauden honetan, Europako herrialdeek euren artean hitz egin eta negoziatu behar dute, Errusiarekin besteak beste. Oraingoz, Moskuk EB mespretxatzen jarraitzen du, eta Trumpek adina gorrotatzen ditu Putinek Europako Batasunaren politikak. Dena den, AEBtako presidentea ez da fidatzekoa eta hori ondo dakite Bruselan, baita Moskun ere. Une honetan EBren eta Errusiaren distantzia politikoa oso handia da, bi hiriburu horien artean dauden 2.000 kilometroak baino askoz ere handiagoa. Baina errealitate geopolitikoak azkar aldatzen ari dira Moskuren eta Washingtonen arteko hurbilketak erakutsi duenez. Bruselak gerrarako prestatu behar du baina baita bakerako ere, bitartekari interesaturik gabe ate guztiak jo behar ditu beste aldean diotena zuzenean entzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.