Unibertsitateak funtsezkoak dira, AEBetako hauteskundeetan bozkatzeko adinean diren gazte asko unibertsitate ikasleak direlako. Herrialdearen historian gazteen parte-hartzea apalagoa izan da helduenenarekin konparatuz gero. 1960ko hamarkada arte 21 urtetik gorakoek soilik zuten bozkatzeko eskubidea, baina Vietnamgo gerraren kontrako ikasle-protestek bultzatuta 1971n indarrean sartu zen Konstituzioaren 26. Emendakinak adina 18 urtera jaitsi zuen, baita adinagatik boto-emailerik ezin dela diskriminatu ezarri ere. Hala ere, gazteek hamaika oztopo aurkitu izan dituzte beren boto eskubidea erabiltzerakoan, haietako asko jaio ziren estatutik kanpo bizi direlako, gidabaimenik ez dutelako edota hauteskunde sistema arrotza zaielako.
Barack Obamaren lan taldeak ezin hobeto ulertu zuen zeinen garrantzitsua den gazteen botoa, eta ondo asmatu zuen haiengana heltzen mezu, hizkera, estetika zein hautaturiko komunikazio-bitartekoei begira erakargarria zen kanpainaren bidez. Beste faktore bat ere izan zuen hautagai demokratak bere alde: 2000ko lehen bi hamarkadetan gazteak hauteskunde prozeduren gainean hezi eta beren parte-hartzea errazteko baliabideak jarri zituzten gobernuz kanpoko zenbait erakundek. Adibidez, herrialdean zehar hainbat campus bozketa-gune bihurtzea lortu zuten. 2012an, Obamari bigarren agintaldi bat irabazarazi zioten hauteskundeetan, %19 igo zen gazteen parte-hartzea eta goranzko joerari eutsi dio ordutik.
Aurten, ordea, adituek aurreikusi dute botoa eman ahal izango duten gazteen kopuruak behera egingo duela. 2020tik, Donald Trump presidente ohiak hauteskunde-iruzurraren gainean zabalduriko gezurren eraginez, alderdi errepublikanoa nagusi den 27 estatutan gazteek botoa ematea zailduko duten legeak onartu dituzte.
Uste aski zabaldua da alderdi demokratak arrakasta handia duela unibertsitatera doazen gazteen artean, eta horregatik espero da legeok demokratei nabarmen kalte egitea estatu birakariak diren horietan. Baina ezin da gutxietsi Turning Point USA (TPUSA) erakunde ultrakontserbadoreak campusetan duen presentzia geroz eta nabarmenagoa zein Trumpismoarekiko lilura gizonezko zisgenero zuri gazte askoren artean.
Ezin da ahaztu ere Uncomitted edo konpromisorik gabekoen mugimendua, unibertsitateetan palestinarren genozidioaren kontrako ikasle-protestetatik sortu zena. Alderdi demokrata nagusi den estatuetan hartu dituzte protesta horien kontrako neurririk jazartzaileenak ikasle zein irakasleen aurka. Gazte horiek ez dute genozidio baten partaide izan nahi, eta gogor salatu dute Israelen aldeko lobby-ak (AIPAC) alderdi errepublikanoan zein demokratan duen gehiegizko eragina eta legezkotasunaren kontra doana. Alderdi Demokratak Trumpi garaipenerako bidea erraztea aurpegiratu die gazte horiei, onartu nahi gabe AEBek dituzten arazoen sorreran Alderdi Demokratak berak jokatu duen rola. Harrokeria horrek, hain zuzen, urrundu ditu Uncommitted-eko gazteak demokratengandik eta oro har arras akituta dagoen bi alderdi nagusien sistema politikotik, Alderdi Berdea bezalako alternatiben beharra azpimarratuz.