Atef Abu Saif.

Gazaren inguruko galdera erantzungabea

2025eko apirilaren 16a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazaren etorkizunaren inguruko galdera printzipalari ez zaio heldu oraindik. Inor ez dago prest gerraren amaieraren biharamunaz aritzeko. Elkarrizketa gehienetan, bahituez hitz egiten da, edo, onen-onenean, hilabete gutxi batzuetarako «menia» lortzeaz. Bien bitartean, gazatarrek arriskuan dute bizia etengabe, eta genozidio baten jomuga dira. Zoritxarrez, apenas egiten den ahaleginik hori dena gerarazteko. Eta, eskualdeko botereak horretarako egiten ari diren eginahalean lagundu ordez, Trumpen gobernua are oztopo handiagoa jartzen ari da. Iduri luke Trumpek negoziaziokide bilakatu duela bere burua, bitartekari edo erraztaile jardun ordez.

Orain behintzat argi dago huts egin duela gazatarrak auzo herrialdeetara deportatzera behartzeko planak. Izan ere, Israelek bai baina beste ezein herrialdek ez du babestu nazioarteko legea urratuko lukeen proiektu hori.

Gaza Ekialde Hurbileko «Riviera» bihur ledin, ezinbestekoa litzateke palestinarrak beren patuaren eta estatuaren jabe izatea, eta ez Trumpek Gazako zerrenda AEBen jabetzakotzat hartzea. Trumpek ez du lortu eskualdeko herrialdeak konbentzitzea bere plana ezartzen lagun diezaioten. Aitzitik, kontrako bidean ari dira batzuk ekinean, genozidio honi konponbide berriak aurkitzeko asmoz.

Tel Aviv baino ez da saiatu plana iraunarazten, «herrialde hartzaileen» afera konpontzeko alternatibak bilatuz. Oharturik ezinezkoa zitzaiola beste herrialde batzuk konbentzitzea bortxaz deportatutako herritarrak har zitzaten, gazatarrek beren borondatez alde egiteaz mintzatzen hasi zen Israel. Baina bazkide berriak erakartzeko saialdi hori ere huts egiten ari da; izan ere, gerrak aurrera segitzen duen bitartean edozein deportazio planetan laguntzea nazioarteko legea urratzea litzateke, eta garbiketa etniko baten parte bihurtzea. Azkenerako, Trumpek berak ere baztertu behar izan du bere ideia ergela, nahiz eta oraingoz, hori bai, ez duen aitortu benetan plan inozoa zela.

Gerrak aurrera segitzen duen bitartean edozein deportazio planetan laguntzea nazioarteko legea urratzea litzateke, eta garbiketa etniko baten parte bihurtzea

Berriz ere, gerraren amaieraren biharamunaz hitz egiteko beldurrez dago mundu guztia. Inork ez du irudikatzen nolakoa izango den egun hori, nor arituko den Gaza barruko kontuak gobernatzen gerra bukatzen denean. Israel konturatu da ezen Trumpek promestutako planak —gazatarrak beste herrialde batzuetara deportatzekoak, alegia— ez duela biderik egin, eta, aldi berean, ikusi du Gaza okupatzea eta Israelgo armada palestinarren erasoen mende segitzera behartzea ere ez dela nahi bezala ateratzen ari. Gazatik zeharo alde egitea ere, ordea, ez dago mahai gainean. Aukera horiek guztiak ez zaizkio baliagarri Israeli. Funtziona lezakeen aukera bakarra Tel Avivek buruan ez daukan horixe da: hau da, palestinarrak askatzea, beren kasa bizitzen uztea, eta beren estatua eratzen uztea. Beraz, Israelentzako aterabide bakarra da Hamasekin tratua egitea Gazako presoak askatzeko, gerra gelditu beharrik gabe. Izan ere, gerra gelditzea da Tel Avivek nahi duen azkena, eta hori halaxe litzateke Gazan preso dauden israeldar guztiak askatuko balituzte ere. Horregatik, Israel ez dago inola ere prest gerra geraraziko lukeen ezertaz hitz egiteko, Gazatik erretiratzea barne.

Israelek Gazako zerrenda kontrolatu nahi du gerra bukatu ondoren. Egia esan, zerrendatik erretiratu zenean ere ez zion utzi hura kontrolatzeari: Israelgo armadak setiatu egin zuen Gaza, eta eremu guztia monitorizatu ere bai, droneak, zundak eta gerraontziak erabiliz. Okupazio digital horren bidez, Israelek Gazan segitu du. Orain, berriz, are gehiago kontrolatu nahi du zerrenda, soldadu gehiago jarriz leku gehiagotan eta lurraldea eskualdetan banatuz, halako moldez non palestinarrak ezin izango bailirateke libre ibili batetik bestera. Gazak, orduan, Zisjordaniaren antza hartuko luke gehiago, hura ere hiru eskualdetan banatua baitago —Hegoaldea, Erdialdea eta Iparraldea—.

Palestinarrak suntsitutako eraikinen artean herenegun, Jabalian, Gaza iparraldean. HAITHAM IMAD / EFE
Palestinarrak suntsitutako eraikinen artean herenegun, Jabalian, Gaza iparraldean. HAITHAM IMAD / EFE

Nolanahi ere, horrek ez du ebazten beste galdera hau: nork kudeatuko duen Gazako 2,3 milioi palestinarren bizimodua. Hortxe dago koska. Israelek ez du nahi palestinarrek inolako moduz beren burua gobernatzerik, beldur baita orduan ez ote den bi estatuen soluzioa berriz ere plazaratuko, noiz eta orain, aukera hori lurperatzea lortu duen honetan. Gerra bukatu orduko, une horretantxe, norbaitek pentsatu beharko du Gazaren etorkizunean. Baina inork ez du halakorik egin nahi, bereziki Tel Avivek eta Washingtonek. Netanyahuk erantzun bakarra onartzen du: «borrokan segitu beharra dago»; nahiz eta borrokatik hutsa baizik ezin den espero izan.

Israelek ez du Gazatik inortxo ere askatzea lortu borrokaren bidez. Gazari asteetan berriz erasoka ibili ondoren ere, ez zen bahiturik aske geratu. Azken hamazazpi hilabeteetan, oso bakanki baino ez dute erdietsi presio militarraren bitartez bahitu batzuk askatzea. Israelgo armada, azken batean, palestinarren etxeak suntsitzen eta zibilak hiltzen da iaioa. Hori dena ikusita, ematen du gaur egungo gatazka amaiaraz lezakeen edozein negoziaziori ihes egiteko erabiltzen ari dela gerra Netanyahu. Hura geraraztea du azkena buruan; horrexegatik, ahal duen guztia egiten ari da bukaera atzeratzeko.

Ederki daki nola askarazi bahituak eta nola geldiarazi gerra, baina ez du halakorik egin nahi. Halaber, ederki daki zein den palestinarrekiko gatazka konpontzeko biderik onena, baina halakorik ere ez du egin nahi. Israelek soluzio bakarra ikusten dio gatazkari: palestinarren kontra borrokan segitzea eta ahalik eta palestinar gehien hiltzea. Horrexegatik, Trumpen plana goxoki bat iruditu zitzaien Tel Aviveko jeneralei, hasieratik ondotxo zekiten arren ezingo zutela burutan atera.

Israelek soluzio bakarra ikusten dio gatazkari: palestinarren kontra borrokan segitzea eta ahalik eta palestinar gehien hiltzea

Inork ez dio mamiari heldu nahi, inork ezin duelako imajinatu nolakoa izango den biharamuna Gazan. Trumpen lekualdatze planak porrot eginda, agerikoa da Israelek aukera bakarra eskainiko duela: gerran aurrera segitzea, eta su etenerako negoziazio eta elkarrizketak gerra luzatzeko baliatzea.

Zoritxarrez, orain albistegi guztietan jo eta su ari dira menia lortzeko saialdien inguruan, noiz eta Gazan egunean gutxienez 50 palestinar hiltzen ari diren honetan, zenbait egunetan baita ehun baino gehiago ere. Israelek zibil palestinarrak errukirik gabe hiltzen segitzen duen bitartean ere inportanteena horixe baita: negoziazioak, eta sekula ez datorren su eten hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.