Zaila egin zait oraingoan zutabe honen gaia aukeratzea. Baina ez berri interesgarrien faltagatik, alderantziz baizik; ez nekielako zer aukeratu. Turkiako Gobernuak bi haur hil zituen maiatz amaieran, Irakeko Kurdistanen, droneekin egindako bonbardaketa baten bitartez. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri du Rojavako inbasio berri baterako asmoa duela. Errusiako errekrutatze militarreko zentroen aurkako erasoak areagotu egin dira. Errusiako Federazioko sei eskualdetan, gutxienez, bulegoei eraso diete molotov koktelekin edo beste su eragile mota batzuekin, Ukrainara erreklutak ez bidaltzeko.
Kolonbiako hautesleek Gustavo Petro/Francia Marquez ala Rodolfo Hernandez aukeratu beharko dute presidentetzarako. Petro eta Marquez, Kolonbia indigena, afro-kolonbiar, ekologista, bakezale, feminista eta sozialaren itxaropena dira. Hernandez aberats misoginoa da, bortitza, Adolf Hitlerren mireslea, Alvaro Uriberen laguna, lider sozialak hiltzen dituzten paramilitarren defendatzailea eta kokaina oparitzea proposatzen duena.
Maiatzaren hasieratik, Iranen dozenaka protesta egin dituzte herrialdeko hiririk txiroenetan, elikagaientzako subentzioak murriztearen ondorioz, manifestazioak aiatolaren erregimenaren aurkako matxinadak bihurtu direlarik. Pakistanen, nahiz eta Islamabadera sartzea eragozteko errepideak blokeatu, Imran Khan presidente ohia milaka jarraitzailerekin batera heldu zen hiriburura maiatzaren 25ean, eta oso liskar gogorrak izan zituzten Poliziarekin. Horien ostean larrialdi egoera ezarri zuten ospitaleetan.
Milaka ultranazionalista israeldarrek istiluak eragin dituzte aurten ere; Jerusalemgo auzo arabiarreko biztanleak jipoitu dituzte, eta esloganen bitartez Palestinako herrixkak erretzeko susmoa azaldu zuten. Sri Lankak, berriz, porrot egin du, eta kaosean murgildu da. Asiako hego-ekialdeko herrialdeak maiatzean hautsi zuen berriro inflazio-errekorra, zortzigarren hilabetez jarraian, Ukrainako gerraren ondorioz eragindako energia-krisiak bultzatuta.
Bizitzaren kostua %39,1 igo zen urte batetik bestera, apiriletik maiatzera, eta elikagaiak, ia %10. Ekonomialariek diote prezio errealak are erritmo basatiagoan garestitu direla. Guzti honek protesta handiak eragin ditu aste osoetan.
Ukrainako fiskal nagusiaren esanetan, 261 haur hil eta 460 zauritu dituzte gerra hasi zenetik. Beste eskualde batzuetan ez bezala, Errusiako armada inbaditzailea aurrerapen handiak lortzen ari da ekialdean, non batailek herriz herri eta kalez kale jarraitzen duten. Ameriketako Estatu Batuetan aurrera doa Me Too mugimenduak eragin zuen aurrerapenaren erreakzioa, fronte guztietan: mediatikoa, politikoa eta judiziala. Haurren tiroketek, bestalde, ez dute etenik.
Europako Batzordeak Poloniako Gobernu ultrakontserbadore eta libertizidari babesa eman dio de facto, aparteko funtsez hornitu baitu, gobernuak emakumeen eskubideen murrizketak ezeztatzen ez bazituen laguntzak izoztuko zituenaren promesei muzin eginez. Togon areagotu egin dira borrokak, Malin, Nigerren, Burkina Fason eta Beninen dagoen gatazka amaigabean. Baita Etiopiako Tigray eskualdeko gerran ere. Cabo Delgadon, Mozambiken, hiru pertsonatik bat bere etxea uztera behartuta dago gerraren ondorioz. Etengabe jarrai lezake zerrendak.
Askotan inarrosten nau munduan gauza gehiegi gertatzen direla pentsatzeak. Larritu egiten nau munduko gertakari guztiak ez hartzearen sentsazioak. Gure inguruan jazotzen diren gauza garrantzitsu askoren berri ez izatearen sentimendua. Eta, aldi berean, akidura sentsazioa, halako informazio kantitatea kudeatzerik ez izateagatik, gehiegi baita. Kazetaritzan aritzen zarenean, gainera, beste kezka bat gehitzen diozu zeure buruari: irakurtzen, ikusten edo entzuten zaituen jendearengan estutasun sentsazio hori areagotzea, zuk zeuk zein ardura daukazunaren zalantza. Alde batetik, azaltzeko premia sentitzen duzu askotan: «Hau larriegia da, jendeak jakin behar du». Eta, bestetik, sutara egur gehiago botatzeagatik errua sentitzen duzu. Nola jakin dezakegu zer eta zenbat jakin nahi dugun?
LEKU-LEKUTAN
Gauza garrantzitsu gehiegi gertatzen ari dira munduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu