Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Galdera asko 'Armenia Irratiarentzat'

2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Sobiet Batasunaren garaian Armenia irratia izeneko txantxak asmatu zituztenherritarrek gobernua eta sistema kritikatzeko; Irrati kate horrek, ustez, egiten zuen galdera-erantzun saioan zegoen oinarrituta txantxen egitura.

—Nola dakite herritarrek zein den egia?

—Dena zurrumurruak dira Kremlinek gezurtatzen dituen arte.

Txantxa sobietar horrek gaurkotasuna du beti; alegia, Errusiako presidente Vladimir Putinek Wagnerreko mertzenarioen matxinada saiakeraren inguruan esan duena aztertzeko ere balio du.

Oraindik Wagner taldeko buru den Jevgeni Prighozinek sortu zuen Kremlinen gezurrak eta desinformazioa Interneten zabaltzeko lehenengo enpresa publiko-pribatua Errusian. Gezurren fabrikaren sortzaileari beti egia ezkutatzen ibiltzen den Kremlin gehituta, ez da erraza jakitea azken asteotan Errusian benetan zer gertatzen ari den. Ondorioz, espekulazio ugari zabaldu dira komunikabideetan. Armenia irratiarentzat, oraingoz, erantzunik gabeko galdera asko sortu dira. Garrantsitsuena honako hau litzateke: matxinada saiakerak zein eragin izan du Putinen erregimena mantentzen duten botere ezberdinen arteko orekan? Eta errusiarrengan?

Wagnertarrak Moskurako bidean zihoazela bidean topatu zituzten errusiarrek jarrera sobietarra erakutsi zuten gertatzen ari zenaren aurrean:eseri eta itxaron —eta Telegram irakurri—. Pasibotasun politikoaren kulturaren eta Putinek gizarte zibila erabat suntsitu izanaren ondorioz, ez zen besterik espero.

Horrek, ordea, ez du esan nahi iritzi publikoan aldaketak gertatzen ari ez direnik. Hain zuzen, Errusiako iritzi publikoak pentsatzen duena biltzen saiatzen den Levada zentroak ekainean egindako inkestak erakusten du errusiarren gehiengoa, lehenengo aldiz, Ukrainako gerra amaitzeko bake negoziazioen aldekoadela; hain justu, herritarren %53. Joan den irailean datuhori %47koa zen. Apurka-apurka bada ere, gerra nekea eragiten ari baita herritarren artean ere.

Horrekin batera, ez da ahaztu behar Putinek herritarren gehiengoaren babesa duela, eta izaten jarraitu nahi duela, boterean mantentzeko beharrezkoa ez badu ere. Hainbat diplomatikok diote Errusiako presidentearen estrategia dela Ukrainan gerra pizturik mantentzea eta itxarotea; hau da, gerraren ondorio ekonomiko larriek Mendebaldeko herrialdeak nekatu eta horiek amore eman arte zain egotea. Azken finean, Ukrainari laguntzen utzi arte esperoan dago Errusiako Gobernua gerra irabazteko.

Oraingoz, ez da gerrarekin neke zantzurik sumatzen Mendebaldean; bai, ordea, Errusian. Matxinada saiakera sintoma bat izan da. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentetzarako hauteskundeetan Donald Trump hautagai errepublikanoaren garaipenaren zain omen dago Putin, hark Washingtonen laguntza politiko eta ekonomikoaren iturria itxiko diolakoan Ukrainari.

Baina, AEBetako hauteskundeen aurretik, datorren urteko martxoan, ezustekorik ez bada, Errusian egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak. Putin aurkeztuko den ala ez, ez dago argi. Ezta erregimeneko botere guztiek hautagai moduan nahi duten ere.

Bukatzeko, beste txiste sobietar bat aipatuko dut, Errusiaren arma nuklearrek eta Zaporizhiako zentralak dakartzaten arriskuak azpimarratzeko. Arestian aipatutako txistea bezala, hau ere ez da zaharkituta geratu:

—Hirugarren Mundu Gerra piztearen mehatxua benetakoa da?

—Ez, baina, mundu mailako bakea lortzeko grina hain da sutsua, lurrean ez baita ezer bizirik geratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.