Donald Trumpen ego mugagabeak ametsik gaiztoenean ere nahiko ez zukeen errealitate-zaplaztekoa jaso du: presidente batek inoiz lortu gabeko boto mordoa zakuratu eta, hala ere, bigarren agintaldirako hauteskunderik irabazi ez dutenen talde txikian egongo da, Jimmy Carter eta George W. Bushekin. Azken 28 urteotan presidente guztiek bi agintaldi izan dituzte.
Trump da hauteskundeak galduta Etxe Zuritik doan lehen presidentea XXI. mendean. Are okerragoa, karisma gutxien duen hautagai gatzbakoak irabazi dio, Washingtongo establishment-aren ordezkaririk argienak. Ane Irazabalek jaso zuen Texasen kanpainan trumpzaleen ahotik—ze pena euskal kazetaririk onenetakoa euskaraz ezin irakurria egunotan—: «Bidenek ez du ezer egin 47 urtean; Trumpek berba asko egiten du, baina gustuko dugu, ez delako politikaria». Usteldutako sistema bat irauli du Trumpek outsider roletik, ez antisistema jokatuz, ustelkeria hori bera familia-negozio eszentriko bihurtzeko baino. Trumpek kanpoko matxinadarako balia lezake betikoen itzulera, 2024ko bozak prestatzeko. Ituan berriz ere Irazabalek: «Trumpek edozer egiten duela ere, Berlusconik egina du aurretik». Via Berlusconiensis.
Bidenek batasunerako hitzak darabiltza egunotan, oso zatikatutako herrialde bat gobernatuko beharko duela jakinik. Bidenabar, hala egin zuen Trumpek berak duela lau urte, bezperan Hillary Clinton espetxeratzeko mehatxu egin eta bozak irabazitakoan, diskurtso lagunkoia, baina, noski, beti da errazagoa garailearen hitzaldia.
Egongo da urtarriletik aurrera Biden presidentearen jarduna aztertzeko astirik. Urteotako lurrikaren aurrean, askok barealdia amets Washingtonen, hau amesgaizto soila izan balitz legez. Baina behin baino gehiagotan irakurri dugu egunotan: «Trump badoa, baina trumpismoa ez da berehalakoan joango». Herrialdeak zatituta jarraitzen du, eta sektore ultra eta amorratu hori hor dago, arrazismoz eta armaz josita. Eta egoera horretan ekin beharko dio lanari presidente berriak, ehunka mila hildako utzi dituen, osasun sistemaren gabeziak nabarmendu eta ekonomia hondoratu duen pandemiaren ondorioei aurre egiten.
Hori guztia, Kongresuan uste baino babes txikiagoarekin: presidentetza lortzeak ezin ezkuta dezake demokratek ez dutela lortu nahi zuten babes parlamentariorik; Senatuko gehiengoa urtarrilean erabakiko da Georgian, eta Ordezkarien Ganberan nabarmen murriztu zaie gehiengoa. Alderdi demokrata bidegurutzean dago, ezkerreko bultzada indartsua dauka baina establishment itzel boteretsua ere bai. Bernie Sandersek atzo zuzen esan bezala, sektore aurrerakoienen lan eskergak, Trump botatzeko ariketa militanteak, ekarri du neurri handi batean Bidenen garaipena. Horratx Clintonekiko aldea, ezker antifaxistak une historikoa ulertzeak bota du Trump. Alderdia eta ordezkari demokratak estu hartu beharko dituzte. Herrialdearen egoera sanitarioak eta ekonomikoak ezinbesteko bihurtzen dituzte neurri fiskal garrantzitsuak eta osasun-babesaren beharra, errepublikano ugari ere ia alde egonarazteraino. Horiei neurri sozialak erantsita, paperik gabeko etorkinak legeztatuz eta armen kontrolerako urratsekin denak batu beharko lituzkete.
Errepublikanoek ere erabaki behar: Trumpen alderdi izaten jarraitu ala Kongresuko bozetan presidentetzarakoetan baino hobeto ibili izana baliatu alderdia indartzeko; pandemia-osteko egoerak polarizazioa baino zentralitatea bilatzera bultzatu dezakeela aintzat hartuta. Ez dute erraz, Trump bazter uzteak ez duelako bermatzen 2024an hura ez aurkeztea: bi hautagai eskuinean, eta demokratak nagusi. Ziur aski, ez da Biden izango —83 urte izango ditu—; baina historia gaurtik hasten da idazten Kamala Harris, emakumezko lehen presidenteordea; AEBeko independentziaren 250. urteurrena emakume bat buru duela izango da: Harris, Ocasio-Cortez zein Robinson-Obama. Kontua ez zen Bidenekin amets iraultzailerik egitea, faxismoa, misoginia eta arrazismoa Etxe Zuritik kanporatzea baino.
Ikuspegi interesatu batek —ustez ezkerretik, baina Europako nagusikeriazko begiradaz egina—, etxean Trump faxista dela aitortu baina kanpoan biak berdinak direla dioena. Are gehiago, Trumpek AEBetako atzerri politika leundu eta inperialismoa bera murriztu duela dioena, globalizazioaren aurka eta protekzionismoaren alde eginez. Kontua ez da inoren lana zuritzea, Barack Obamaren agintepeko dronek ehunka zibil hil zituztela ahaztuta. Baina AEBen gainbehera globala lehendik dator, eta planetaren erdigune politikoa Europatik Asiarantz joatea.
2009an, Kairon, Obamaren «Hasiera Berria» hitzaldiak itxaropen handia piztu zuen, Israel oso urduri jartzeraino. Agintaldiaren amaieran Irango akordioa sinatu zuen. Trumpek, berriz, Saudi Arabian egin zuen atzerriko lehen bidaia; enbaxada Jerusalemera eraman du, eta Irango akordiotik irten da. Jim Mattis Defentsa idazkariak ere dimisioa eman zuen Trumpek, Erdoganekin otzan, Siriako kurduei traizio egin zienean. Vladimir Putinekiko sumisioa ia psikoanalisian behatzekoa da, lau urtean berba kritikorik ere ez Trump ahoberoak. Galdetu Israelen nor duten nahiago, esan Kuban berdinak izan direla, zoaz Teherango farmazia batera haurrentzako botika bila, eta esan ez duela axola nork irabazi duen.
AEBetako hauteskundeak. LEKU-LEKUTAN
Ezkerrak irabazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu