Iker Aranburu.

Hiru aukera gobernua osatzeko, eta guztiak zailak

2024ko uztailaren 8a
12:00
Entzun

Ustekabean hauteskundeak aurreratu zituenean, Emmanuel Macronek azaldu zuen herritarren erreakzio bat nahi zuela eskuin muturraren aurka eta egoera politikoa «argitu» nahi zuela. Erreakzioa gertatu da, nahiz eta ez den presidenteak nahi zuen bidetik joan. Ezkerrak macronistek baino zintzoago jokatu zuen bigarren itzuliari begira, eta, hautagai gehiago erretiratu zituen arren, hura izan da gehien bozkatua. Gauzak argitzeari dagokionez, Macronen planak huts egin du. Garbi dirudien bakarra da kostatu egingo dela gobernu bat osatzea eta, osatuta ere, zailtasun handiak izan ditzakeela gobernatu ahal izateko.

Fronte Popular Berriak (NFP) egin du lehen mugimendua. Jakinarazi du lehen ministro bat proposatuko diola Macroni, eta prest dagoela gehiengo osorik gabe gobernatzeko, bere programa propioarekin. Ez zaio erraza izango.

Lehenik eta behin, NFPko kideek ados jarri beharko dute bere hautagaiaren inguruan, eta hor hasiko da interes eta ego partikularren dantza. Premiak bultzatutako batasuna da NFPrena, eta aurreko legealdiko NUPESen hausturak erakusten du batasun hori hauskorra suerta daitekeela, ezinikusi pertsonal eta politiko asko dituztelako. Ezinikusi horiek, esaterako, ezinezko egiten dute Jean Luc Melenchon edo François Hollande izatea ezkerraren hautagai.

Presidenteak ezkerraren hautagaia onartuko balu ere, gobernu hori macronisten esku egongo litzateke. Batetik, izendatua izateko zentroko eta zentro-eskuineko diputatuak —edo haietako asko— abstenitu egin beharko lirateke. Bigarrenik, macronistek nolabaiteko konpromisoa hartu beharko lukete gobernu berriaren aurkako zentsura moziorik ez babesteko.

frantzia hauteskundeak
Ezkerreko hautesleak Fronte Popular Berriaren garaipena ospatzen, atzo, Parisko Errepublikaren plazan. YOAN VALAT / EFE

Egoera horrekin ezinezkoa dirudi balizko gobernu horrek NFPren hauteskunde programaren puntu nagusiak aurrera atera ahal izatea, hala nola erretretaren adina 64 urtera atzeratzen duen legea indargabetzea, aberatsen gaineko ISF zerga berriro ezartzea, erregaien eta elikagai batzuen prezioa izoztea, eta immigrazio legea bertan behera uztea.

Koalizio handi bat?

Gauzak horrela, beste aukera bat da ezkerraren zati baten eta macronisten artean gobernu bat osatzea, Alemaniako koalizio handiaren estilokoa. Ekuazio horretatik kanpo geratuko litzateke LFI, macronistek ia-ia eskuin muturraren pare jartzen dituztelako intsumisoak. Zentroak ezin du ezkutatu NFPko kiderik moderatuenak (sozialistak eta ekologistak) beragana erakarri nahi dituela eta, orain ez bada, espero duela denborak NFP hautsiko duela. 

Hirugarren posibilitate bat da Macronek gobernu teknokratiko bat izendatzea, eta hark urtebete egitea agintean, berriro Asanblearako bozetara deitzeko legezko aukera dagoen arte. Frantzian, ordea, ez da inoiz izan halako gobernurik, eta giro politiko oldarkorrak ez dio tarte handirik ematen.

Aukera horrek, gainera, zentroaren eta ezkerraren onespena beharko luke, eta indartu egingo luke eskuin muturraren tesia, hau da, beste guztien naturaz kontrako batasunak soilik mantentzen duela boteretik at.

«Geure garaipena atzeratu besterik ez da egin», esan zuen hauteskunde gauean Marine Le Penek. Gainontzeko alderdien ardura da orain profezia hori ez betetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.