Amagoia Mujika Tolaretxipi.

Ezer ez eta antzerkia

2024ko apirilaren 29a
18:00
Entzun

Bost eguneko gogoetaren ondoren zer gertatu da?

Bost egun, herri baten norabidean ezinbesteko. Iraganaren eta etorkizunaren mugarri. Nazioarteko komunikabideak ere adi. Pedro Sanchezek esku artean du dimisioa emateko aukera; gertagarria dirudi. Aukera horri bidea zabaldu zion akituaren karga emozionalez idatzitako eskutitzean. Nahiz eta Sanchez animalia politikoa den, animaliak ere nekatzen direlako, aurrera segitzeko ezina sentitu duelako. Horixe sumatu zioten gertukoek; horixe iradoki zuen ezohiko idatzian. Hainbat adituri ez zaio buruan sartzen nola hilzorian egon izan denean maisutasunez berpiztu den, eta orain nola hilko den berpizteko premiarik ez duenean. Bizipen eta jazarpen pertsonalek ez al dute ba premiarik sortzen? Horixe bai, horixe izango litzateke historikoa, eta, bide batez, esan behar da zilegi dela. Baina ez. Ez da halakorik gertatu.

Dimisiorik eman gabe zer gerta zitekeen? Inflexio puntu bat izango zen albisteren bat eman beharra zeukan. Jakina, zerbait inportantea, horrenbesteko muntatzea justifikatzeko. Izan ere, ezaguna da Espainiako presidenteak harritzeko duen gaitasuna, aurreikusten ez diren jirabiretan. Bost egun gogoetan aritzea ezin da alferrikakoa izan; ideiaren bat atera beharra zeukan xisteratik politikaren mundu ernegatu horri irudimenez erantzuteko. Zertarako, bestela, bost egun apokaliptiko? Ba, ez, ez du ideia zoragarririk eman.

Zer gertatu da orduan? Carles Puigdemontek Kataluniako independentzia aldarrikatu zuenekoa ekarri dio kazetari honi gogora: denak arnasari eusten ito beharrez. Une historikoa bizitzeko prest. Erakustaldi solemnea, zentzu eta funts gabeko adierazpena ezkutatzeko. Nonbaitetik atera behar eta. Iragana eta etorkizuna markatu behar eta.

Puntu eta aparteko bat, bai. Hala omen da, eta egoera aldatzeko konpromisoa du. Neurriak hartuko ditu, horrela ezin baita jarraitu. Horrela nola? Politikarien etenik gabeko irain eta trikimailu maltzurrekin? Epaileen eta sistema judizialaren injustiziekin? Komunikabide edota sasi-komunikabideen gezurrekin? Ageriko ororen azpian bizi den estatuaren estolden botere interesekin? Noiztik ez da, ba, horrela? Ño. Jazarpena eta zapalkuntza norberaren etxera iristen denean gertatzen baita. Orain gobernu jardueran bidelagun dituenetako batzuk bizi izandakoak hor dauzka adibide gisa, iraganetik zerbait ikasi eta ezer aldatzen hasi nahiko balu.

Halere, horren urruti joan aurretik, alegia, benetan gauzak aldatzen hasi baino lehen, ez dago gaizki geratzea, aurrera egiteko. Berak esan bezala, «oraindik ere indar gehiagorekin». Mahai gainean kolpea jo, aski da esan, eta berriz hasteko aukera egongo balitz bezala. Ezer ez eta antzerkia.

Nork esango zuen gogoeta jardun batek horrenbeste zalaparta sortuko zuenik? Asmakizunean asmatu du, atentzioa bideratzeko sekulako formula da. Kataluniako kanpaina abiarazteko modu originala. Militanteak eta ez horren militanteak ekitaldi eta ekinaldi kasik erlijioso horretan batzeko eraginkorra. PSOE ez dela Pedro Sanchez bakarrik erakusteko mugimendua, baina, era berean, aita Pedrorik gabe ezin direla bizi erakustekoa. Lagunak lagunago sentitzekoa. Eta etsaiak etsaiago egitekoa.

Baina ezer aldatuko du horrek? PSOEk PSOE izateari utzi beharko lioke, lehenik eta behin. Baina Sanchezek ez dezan Sanchez izateari utzi, berpizten segitzeko daukan irudimena aurrera egiteko beharrezkoa da-eta, besterik ezean. Asmatu edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.