Ados zaude Kiriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroaren mugako politika «gogor baina zuzenarekin»? Badakizu astero pushback-ak egiten direla gure uhartetik? Badakizu jendea basoan harrapatuta geratzen dela urik eta janaririk gabe egunetan? Ba al dakizu normalean ezin diotela anbulantziari deitu, eta lortzen dutenean, anbulantziak uko egiten diola Poliziaren agindurik gabe joateari, baita egoera larrietan eta bizia mehatxatzen dutenean ere?
Badakizu pushback batek esan nahi duela enkaputxatutako gizonek pertsonak bahitzen dituztela? Ba al dakizu txakurrekin jazartzen zaizkiela, biluztera behartzen dituztela, lapurtu egiten dietela, torturatu egiten dituztela eta salbamendu-baltsa batzuetan itsasoan noraezean uzten dituztela? Badakizu marinelek ere gogor entrenatu behar direla salbamendu-baltsan bizirauten ikasteko?
Badakizu batzuetan jendea eskuburdinak jarrita botatzen dutela salbamendu-ontzietara? Badakizu emakumeak eta haurrak daudela haien artean? Badakizu hiru gizon zuzenean itsasora bota zituztela eta haietako bi hilda agertu zirela?
Ulertzen al duzu hau hilketa bat dela? Mitsotakisen mugako politika «gogor baina justuarekin» ados zaude oraindik?
Hau Lesbosen banatutako eskuorri baten testua da. Nire bizilagunei zuzenduta dago, duela hilabete batzuetatik elkarrekin bizi naizen jendeari. Egunero galdetzen diot neure buruari ea jabetzen diren astero leku honetan gertatzen denaz. Ez diot neure buruari galdetzen haiek baino hobea naizela uste dudalako. Guztiz kontrakoa: zalantza hau daukat pertsona onak direla badakidalako. Gure seme-alabak elkarrekin eramaten ditugu xakean jolastera ikastera, eskolara, bat egiten dugu hondartza berdinetan. Baina hondartza hauek gaur egungo estatu indarkeria praktikarik basatienetako batzuk egiten ari diren itsasoari begira daude.
Duela gutxi, gai honi buruzko erreportaje bat argitaratu eta berehala, kasualitatez topo egin nuen parke bateko guraso talde batekin. Ametako batek aitetako bat polizia zela xuxurlatu zidan. Nire harridura moteldu nahirik, erantsi zuen: «Baina kostazaina da, ez da hain larria». Kostazainak dira gertakari horien guztien arduradunak. Nik telefonoz elkarrizketatu nuen pertsona lau aldiz bahitu eta deportatu zutenak, kostazainak dira. Sirian dago pertsona hori, hona etortzea lortu ez zuelako. Neure buruari galdetu nion ea benetan uste duen kostazaina izatea ez dela «polizia normala» izatea bezain txarra. Ez dakielako izango da. Edo ez duelako jakin nahi.
Konturatu nintzen nik neuk, askotan, nahiago izaten dudala ezintasuna eragiten didaten gaiez askorik ez jakin. Nola jasan daiteke izugarrikeria aurre egiteko gai ez bagara?
Sirian elkarrizketatu berri nuen pertsonak eta haren emazteak etxea saldu zuten Europara iristeko, asiloa lortzeko eta familia berriz elkartzea helburu zuen bidaia ordaintzeko. Ontziari eraso zioten kaputxadunek diru guztia lapurtu zieten. Bidaiarietako beste bati eskumuturra eta hiru hatz kolpeka hautsi zizkioten, eta ingelesez hitz egiten zuen bidaiari bat abisu bat itzultzera behartu zuten: «Laguntzen ez baduzue, gauza bera egingo dizuegu». Parkeko ume horien aita horrelako astakeriak egiten dituzten kaputxadunen artean al zegoen? Aitortzen dut une horretan atera zitzaidana ez pentsatzea izan zela. Hori gertatzen zaie nire bizilagunei? Hobe al da ez pentsatzea?
Aldi berean, zutabe hau idazten amaitzen dudan bitartean, ehun bat pertsona bilduta daude pushback-en aurka zer egin dezaketen eztabaidatzeko. Nahikoa dira? Jakina, ez. Baina badago itxaropenik? Baietz pentsatu nahi dut. Baietz pentsatu behar dut hemen bizitzen jarraitzeko, itxaropenik galdu gabe.
LEKU-LEKUTAN
Ez jakitea behar al dugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu