Carles Puigdemontek hauteskundeetara deitzeko asmoa zuela jakin da aurrena. Ezustean. Azalpenak emateko, 13:30ean agertu behar zuen, atzo. Gero, 14:30ean. Ondoren, "arratsaldean zehar". Azkenean, 17:00etan egin du agerraldia. Eta esan du ezetz, ez duela deituko hauteskundeetara, "inolako bermerik" ez diotelako eman horretarako.
Baieztapen baten zain zegoen. Madrildik iritsi behar zuen baieztapen baten zain. 155a ez zela ezarriko ziurtatuko zion baieztapen baten zain, hala esplikatu dute hedabide batzuek.
Baina ez zen 155. artikulua negoziazio gai bakarra, itxura denez. Xavier Garcia Albiol PPko Kataluniako buruak geroxeago erantzun dio, Twitterren, Puigdemonti: "Ez dut uste 'Jordiak' askatzea berme demokratiko bat denik".
Gurutzatutako adierazpen horiek erakusten dute negoziazio kanal bat martxan egon dela —dagoela?— Madrilen eta Bartzelonan artean. Eta kanal horretan ez da hitz egin, soilik, 155ari buruz.
La Vanguardia egunkariak atzo goizean jakinarazi zuen kanal hori martxan zela, eta Puigdemontek lau eskari egin dizkiola Espainiako Gobernuari, trukean hauteskunde autonomikoak egin daitezen Katalunian. Labur esanda: 155a gelditzea, presoak askatzea, poliziak bidaltzea eta fiskaltza lotzea.
Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aske uztea lortuko balu eta Bartzelonako portuan lotan dauden poliziak etxera bidaliko balituzte, Puigdemontek samurragoa izango luke esplikatzea orain hauteskunde batzuk antolatzea litzatekeela onena, independentziaren aukera geroratuta.
Hauteskunde batzuk egitekotan, gainera, baldintza horiek beharrezko izango lituzke Kataluniak, bozketa egoera normal samarrean egiteko. ANCko eta Omniumeko buruek kartzelan eta poliziek portuan jarraitzen dutela hauteskunde batzuk egitea nekez ulertuko lukete herritar gehienek —berez dagoeneko nahiko zaila bada ulertzeko—.
155. artikuluari buruzko ezarpenean urrats batzuk atzera egiteko prest egon litekeela agertu du PPk. La Vanguardia egunkariaren beraren bidez zabaldu da berria —16:00 eta 16:40 artean sei aldiz txiokatu dute Twitterren—: PP prest legoke PSOEren emendakin bat onartzeko, esaten duena 155a ez dela aplikatu behar Katalunian hauteskundeak egingo balira.
Alegia, PPk ez du zuzenean esango 155a geldituko duela, baina gelditzeko prest dagoela iradoki du. Rajoyk Puigdemonti egin dion azken keinua izan da, 17:00etako agerraldiaren aurretik: "Presoei buruz ezin da hitz egin, baina 155ari buruz urrats batzuk egiteko prest gaude" esan nahiko lukeen mezu bat.
Berandu iritsi da, eta Puigdemonti ez zaio aski izan, gainera. Albiolen txioak erakusten duenez, beste hiru baldintzei buruz hitz egiteko asmorik ez baitu, itxuraz, Rajoyk —seinale bat: fiskalak kontra egin dio auzitegian, gaur arratsaldean, Sanchez eta Cuixart aske uzteko eskariari—. Horregatik atzeratzen joan da agerraldia 17:00ak arte, eta horregatik esan du, azkenean, ez dagoela behar beste "berme" hauteskundeak egin ahal izateko.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ibili da zubigintza lanetan, baina baita Miquel Iceta eta Jose Montilla PSCkoak ere, beste batzuen artean. El Periódico egunkariak zabaldu duenez, gainera, Cuatrecasas abokatu bufeteko eta La Caixako ordezkariak eta beste enpresari handi batzuk Urkullurekin bildu ziren asteazkenean, Gasteizen. El Confidencial kazetaren arabera, Urkulluk ostegun goizean Puigdemonti telefonoz egindako dei batek ireki du Katalunian hauteskunde autonomikoak egitearen aukera.
Rajoyren eta Puigdemonten arteko zubigintzan eragile horiek ari dira (gutxienez), eta segurua da telefonoak zabalik edukiko dituztela oraindik, eta gauean ere lanean jarraituko dutela. Icetak berak esan du, 18:00ak aldera: "Puigdemont oraindik garaiz dago hauteskundeetara deitzeko".
Ez daude ate guztiak itxita, eta ostiral eguerdira arte gauza asko mugitu daitezke oraindik. Rajoy eta Puigdemont gerturatzeko zubigileek lanean jarraituko dute. Baina Junts Pel Sik eta CUPek adostua dute independentzia deklarazioa indarrean jartzea parlamentuan. Ostiral eguerdira bitartean munduak beste bi itzuli oso eman ditzake oraindik.