Igor Susaeta.

Europa, iparra galtzear

2025eko otsailaren 18a
15:00
Entzun

Europako buruzagiek mantra bat darabilte azken egunetan. «Bake justu eta iraunkor bat nahi dugu Ukrainarentzat». Oso argi ez dago, ordea, hori adierazita zer nahi duten esan. Akordioak justua izan beharko lukeela iruditzen baldin bazaie, Ukrainak, orduan, Errusiak azkeneko hamar urteotan kendu dizkion lurrak berreskuratu beharko lituzke. Baina ez dirudi, ez, hori gertatuko denik. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak berak «errealistak» izateko eskatu zuen duela pare bat aste. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Ukrainaren lurralde batasunaz hitz egin du gaur, ordea. Hortaz, jada galdu ez badu, ematen du Europa iparra galtzear dela.

Noski, Macronek nahikoa lan badu etxean; Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra agur esatear da; Erresuma Batua jada ez dago blokean; eta ultraeskuina geroz eta leku nabarmenagoa hartzen ari da mapan. Nahas-mahas horretan, gauza bakarra dute argi buruzagiek: kontinentea are gehiago militarizatu behar da, arma ekoizpena hauspotu, Mendebaldearen kontakizuna indartzeko: errusiar mamuarengandik «babestu» beharra dago.

Gerra bukatuko duen akordioren bat indarrean sartzen bada, Frantzia eta Erresuma Batua Ukrainara tropak bidaltzearen alde daude; «bake tropak» deitzen diete, eta, esaten dutenez, «segurtasuna» bermatuko lukete. Hain zuzen, NATOko kideen indar militarra gero eta gertuago sentitu zuelako hasi zuen inbasioa Vladimir Putinek; hala argudiatu zuen, behintzat. Izan ere, militarki, behintzat, Gerra Hotzeko statu quo-a nahi du Kremlineko buruak, gutxi-asko.

Hortaz, gaur-gaurkoz Putin gudu-zelaian belaunikarazteko aukera gutxi daudela ikusita, ez dirudi Ukraina areago militarizatzea estrategia bakezalea denik, ez eta segurtasun bermea ere. Baina mundua gero eta gatazkatsuagoa izatea da joera: ACLED gatazka armatuak aztertzen dituen elkarteak abenduan kaleratutako txosten baten arabera, azken bost urteetan aurrekoetan halako bi gatazka armatu izan dira munduan: 56 gerra daude. Eta batzuek iparra topatu ezinean jarraitzen duten bitartean, arma ekoizleak, gutxienez, pozarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.