Robert Fico Eslovakiako lehen ministroaren tiroketaren albistea zabaldu zenean, Europako Batasuneko herritar bati baino gehiagori zalantza sortu zitzaion: non gertatu da tiroketa? Eslovakian ala Eslovenian? Europako Batasunaren ekialdean? Erdigunean? Balkanetan? Kalifornian tiroketaren bat gertatzen denean ez dira hainbeste zalantza sortzen.
Europako Batasuneko herritar askok ez dute gaur bozkatuko, Europako Batasunaren inguruan oinarrizko informaziorik ez daukatelako. Informaziorik gabe, nola erabaki daiteke bozkatzea garrantzitsua den ala ez? Europako Batasunak bertan eta munduan geroz eta zeresan handiago du, eta bozkatzerakoan hori islatu beharko litzateke.
Gaur, Belgikako 16 eta 17 urteko nerabeentzat derrigorrezkoa izango da euroganberarako hauteskundeetan bozkatzea; Europako Batasunean kasu bakarra da —250.000 inguru daude deituta botoa ematera—. Belgikan —Luxenburgon, Grezian eta Zipren bezala—, bozkatzea derrigorrezkoa denez, parte hartzea %80 ingurukoa izatea aurreikusten da. Botoa nori eman erabakitzen laguntzeko, Bruselako ikastetxe publiko frankofono batzuetan debateak antolatu dituzte politikariekin; jorratu beharreko gaiak Batxilergoko ikasleek eurek erabaki dituzte eskola orduetan. Bruselako alderdi frankofono guztiek hartu dute parte, tartean euroganberarako hautagai diren bi lehen ministro ohik: Elio Di Rupo sozialistak, eta Sophie Wilmens liberalak. Horrez gain, ikasleek moderatzaile bikainak izan dituzte; besteak beste, Le Soir egunkariko eta RTBF irrati-telebista publiko frankofonoko Politika arloko kazetariak.
Debateak ikastetxeetan egin eta gero, ikasle askok diote oraindik galduta jarraitzen dutela; ez dakitela zein alderdiren alde egin, baina orain lehen baino informazio gehiago dutela. Belgikan, eta beste herrialde askotan, Europako Batasunak oso toki txikia dauka hezkuntzan; Europako Batasuneko instituzioen eta politiken inguruko ezjakintasuna orokorra da, baina are gehiago gazteen artean. Komunikabideetan agerraldi gehien egiten dituen Ursula von der Leyen da Bruselako aurpegirik ezagunena urte honetan. Hala ere, gutxik dakite, Maltatik kanpo, Roberta Metsola dela Europako Parlamentuko presidentea.
Komunikabideek ematen duten informazioak ere eragin zuzena dauka herritarren ezagutzan. Salbuespenak salbuespen, Europako Batasuneko komunikabide asko, Bruselara bainoago, Washingtonera begira egoten dira egunerokoan. Bost urtean behin, ordea, Europako Batasunari ohi baino tarte handiagoa ematen diote; esaterako, Europako Parlamentuak gaurko Bruselako hemizikloan antolatu duen hauteskunde gauean sekula baino komunikabide gehiago akreditatu dira.
Hemizikloan dauden parlamentarien eserlekuak kazetariz beteko dira. Parlamentuak, ohikoa denez, dirutza gastatu du marketinean boto emaileak mobilizatzeko. Hedabideek albistearen kudeaketaren monopolioa galdu duten honetan, Bruselako berriemaileekin batera influencer-ak, tiktokerrak, youtuberrak eta instagramerrak ibili dira hauteskundeei buruz informazioa zabaltzen. Gazteen botoa mobilizatu nahian, sare sozialetatik bizi diren gazteak gonbidatzen ditu parlamentuak hauteskundeak saltzera; gaur produktua Europako hauteskundeak dira, bihar prakak, eta etzi zigarro elektronikoak izango dira.
Oraindik ez dakigu, Europako Batzordeak nahi bezala, Edinburgon dabilen Taylor Swiftek Europako hauteskundeetan bozkatzeko azken orduko deialdirik egingo duen. Azken orduko miraririk ezean, eta bozkatzea derrigorrezkoa den herrialdeetan izan ezik, parte hartzea hauteskunde orokorretan baino txikiagoa izango da gaur Europako Batasunaren barrena. Bereziki, historikoki parte hartze kopururik txikiena duen herrialdean; mapan kokatzea kostatzen den Eslovakian, alegia.