Negoziazio mahai batera deituz gero, Ukrainak ahalik eta sendoena egon behar du gudu zelaian. Joe Biden AEBetako presidentearen agintaldia amaitzen ari da, eta Etxe Zuria inoiz baino indar handiagoarekin ari da ideia hori hauspotzen. Horretarako eman dio Kievi irismen luzeko armak Errusian ere erabiltzeko baimena, horretarako bidaliko dizkio pertsonen aurkako minak.
AEBen Abrams tankeek eta F-16 gerra hegazkinek ere balio behar zuten Ukrainako indarrek gaitasun handiagoa eduki zezaten gerra fronteetan; are, balantza beren alde desorekatu zezaketela saldu zuen Ukrainak. Ez da halakorik gertatu.
Bideni kosta egin zaio Ukrainak esparru militarrean egindako eskaerak onartzea —tankeak, abioiak, aireko defentsak sistemak, munizioa, misilak...—, nahiz eta azken bi asteetan, Etxe Zurira Donald Trump itzuliko dela baieztatu denetik, presaka ari dela dirudien. Izan ere, Trumpek adierazi du Washingtonek emandako laguntza militarraren jarioa etengo duela. Gauza bat, ordea, esatea da, eta beste bat armagileen lobbyaren presioari aurre egitea.
Errusiak erantzun du doktrina militarra aldatuz, eta nabarmenduz arma nuklearrekin erantzun ahal izango diela arma konbentzionalekin egindako erasoei. Batzuen zein besteen erabakien eraginkortasuna ezin da aurreikusi. Hori bai, izua ekarri dute: gerra bat piztekotan bizirik nola iraun azaltzen duten eskuliburuak argitaratuak dituzte Danimarkan, Norvegian, Suedian eta Finlandian.