Azkenaldian, Alemaniako hainbat sektore politikotan, energia nuklearraren itzuleraren aldeko iritziek indarra hartu dute. Otsailaren 23ko hauteskunde orokorretarako kanpainan, energia nuklearraren gaineko aipuek dezenteko tartea izan zuten, eta kaxoian gordeta zegoela zirudien auzi horri protagonismoa eman zioten. Arrazoiak krisi energetikoa eta defentsa ekonomia baterako birmoldaketa dira. Hori hala, Alemaniako hedabideetan gero eta gehiagotan aurki daitezke halako lerroburuak: Berriz ere ireki beharko lituzkete zentral nuklearrak?Posible al da hainbat urtez itzalita egondako erreaktoreak berpiztea?
Alemaniak Fukushimako istripu nuklearraren ostean erabaki zuen energia nuklearrari agur esatea, eta Merkelen gobernuak hamarkada bateko egutegia aurkeztu zuen azken zentralak apurka-apurka itxiz joateko. Kantziler ohiak hala azaldu zuen erabakia: «Europako nazio industrializatu handiena izanik, energia eraginkorren eta berriztagarrien aldeko eraldaketa lortu nahi dugu; esportazioetarako, teknologia berrien garapenerako eta enplegurako ekar ditzakeen aukera guztiak besarkatuz». 2011n lehen zentralak ixten hasi baino lehenago, Alemaniak argindarraren %25 eskuratzen zuen energia nuklearraren bidez.

Egutegi horren arabera, azken hiru erreaktoreak 2022an itzali behar zituzten. Halere, Ukrainako maila handiko inbasioak eragindako krisi energetikoaren ondorioz, urte bat gehiago luzatu zuten haien bizialdia, eta 2023ko apirilean itxi zituzten. Edonola ere, energia nuklearrari agur esan bitartean, erregai fosilak ustiatzen jarraitu du Alemaniak. Europako ekonomiarik industrializatuenak ikatza erretzen segitzen du eta 2038ra arte ez ditu azken lignito meategiak itxiko. Are gehiago, energia nuklearraren aurkako mugimenduaren oinordeko gisa jaio zen Alderdi Berdeak ikatzaren ustiapenaren handitzea onartu behar izan du azken gobernuko kide izan denean.
Alemanian, energia nuklearraren aurkako mugimendua transbertsala da, eta uste hori gehiengoarena da oraindik ere. Baina indarra hartzen ari da energia nuklearraren itzulera beharrezkoa den ideia. Hauteskunde kanpainan, Friedrich Merz CDUko hautagai eta bozen irabazleak adierazi zuen herrialdeak ezin ziola «leiho nuklearrak eskaintzen zuen aukerari» muzin egin, eta erantsi zuen azken erreaktorea itzaltzea hutsegite handia izan zela. Merzek proposatu du Olaf Scholzen gobernuak itxitako azken erreaktoreak berriz ere irekitzea, petrolioaren eta gasaren prezioen gorakadaren ondorioz. Iritzi berekoa da Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea. Von der Leyenen ustez, «teknologia nuklearrak funtzio garrantzitsua bete dezake energia garbien trantsizioa errazteko eta elektrizitatearen prezioak egonkortzeko». Europako Batzordeak «berdetzat» jo du energia nuklearra, gutxienez, 2045era arte.
Edonola ere, herrialdeko enpresa energetikoek ez dirudite oso konbentzituta berriz ere nuklearraren alde apustu egiteko
Edonola ere, herrialdeko enpresa energetikoek ez dirudite oso konbentzituta berriz ere nuklearraren alde apustua egiteko. Beste gauza bat dira arma nuklearrak. Izan ere, Alemania bateratuak Amerikako Estatu Batuetako aterki nuklearraren babesean pasatu ditu azken hamarkadak. 1990eko batasun prozesuan sinatutako Bi gehi Lau itunaren arabera, herrialdeak ezin ditu berezko arma atomikoak garatu; beraz, Washingtonek 20 bonba atomiko ditu Alemanian. Egungo testuinguruak Berlingo politikariak urduritu ditu, ordea. Trumpek Europatik urruntzeko erakutsi duen intentzioaren ondorioz, Merzek Frantziarengana hurbiltzeko saiakera egin du disuasio nuklearreko estrategia berri bat hezurmamitzeko. Europako Batasunaren barruan, Paris da armategi nuklearra daukan bakarra. Baina 2027ko Frantziako bozak Le Penek irabazten baditu, Alemaniak, ziur aski, ezingo du ardatz frantziar-alemaniarra elikatzen jarraitu. Gerrako ekonomia berpizteko deiak ere hortik datoz.