Olatz Urkia

Emakumeak, Hego Koreako arazoen erantzule

2024ko uztailaren 14a
05:05
Entzun

Hego Korean haserrea sortu da Seuleko gobernadoreak suizidioen igoera eta emakumeek gizartean duten presentzia handiagoa lotu dituenean. Kim ki-duck politikariak adierazi du emakumeak gero eta dominanteagoak direla eta, lan egiten dutenez, gizonentzat lanpostuak lortzea zailagoa bihurtu dela. Gainera, gobernadorearen arabera, gizonentzat gero eta zailagoa da beraiekin ezkondu nahi duen bikotekide bat aurkitzea. Hori guztia gizonen suizidioen arrazoi nagusi gisa ikusten du.

Adierazpen horiek Seuleko kontseiluaren webgunean argitaratu dira, suizidioen igoeraren inguruko ikerketa baten barruan. Ikerketa horren arabera, Seuleko Han ibaira salto eginez hil direnak 2018an 430 izan ziren, eta azken urtean ia bikoiztu egin da kopuru hori: 1.035. Generoari dagokionez, ikerketa horren arabera, 2018an bere buruaz beste egin zutenen %67 gizonak izan ziren; orain, aldiz, %77.

Segituan haserrea sortu da, eta Kimek kritikak jaso ditu. Besteak beste, suizidioen arazoan adituak direnek eta, batez ere, gazteek, X bezalako sare sozialetan.

Hego Korearen arazo bat

Hego Korea munduko 38 herrialde aberatsenen artean suizidio tasa altuena duen herrialdea da. Batez beste, egunean 36 pertsonak egiten dute beren buruaz beste herrialde horretan. 100.000 pertsonako 26,3 suizidio gertatzen dira. Kopuru handiena duten herrialde aberatsen artean, hurrengoa Lituania da, 20,3rekin. Frantzian, adibidez, kopurua 12,7ra iristen da. Hego Koreako estatistika agentziaren arabera, 2021ean Hego Korean 13.352 pertsonak egin zuten bere buruaz beste. Hego Korean 10etik 39 urterainokoen heriotzaren arrazoi nagusia da hau, eta, bestalde, gizonen artean arazoa ohikoagoa da (kasuen ia %80).

Song Han, Seuleko unibertsitatean Osasun Mentala irakasten duen adituak salatu du Kim-ek egindako adierazpenak oso arriskutsuak eta zentzugabeak direla. Azpimarratu du arazo hori gizonen artean emakumeen artean baino ohikoagoa izatea mundu osoan gertatzen den zerbait dela. Hainbat herrialdetan, Erresuma Batuan adibidez, 50 urteko gizonezkoen heriotzen arrazoi nagusia suizidioa da, hain zuzen ere. Bestalde, Hego Korean arazo handi hau behar bezala ikertzearen garrantzia aipatu du, eta argudiorik gabe errua emakumeei botatzea jarrera oso zentzugabea izan dela salatu.

Seuleko politikari batek emakume gazteei esan die «gimnasiora joaten hasteko ariketa pelbikoa egitera», hori jaiotza tasa baxuari aurre egiteko neurri bat izango litzatekeela iradokiz

Adituen arabera, suizidioen tasa altuaren atzean hainbat arrazoi ekonomiko eta soziologiko daude. Ipar Korea eta Hego Korearen arteko gerraren ostean, Hego Koreak zerotik hasi behar izan zuen. Hazkunde ekonomikoa izugarri azkarra izan zen hurrengo hamarkadetan, baina zerbitzu publikoak ez dira abiadura berarekin garatu, eta horrek gizartean desberdintasun handiak sortu ditu. Adituen arabera, Hego Koreako gizartea lehiakorrenen artean dago, eta besteak baino indartsuago izan eta arrakasta lortzeko presioak gazteen artean arazo psikologiko handiak sortzen ditu.

Matxismoaren gorakada

Adierazpen hauen harira, sare sozialetan debatea sortu da, suizidioaren inguruan eta baita errotuta dagoen matxismoaren inguruan ere: aditu, politikari eta ekintzaileek gogorarazi dute Asiako herrialde horretan genero desberdintasuna arazo larria dela. Adibidez, lan munduan emakumeen soldata oraindik batez beste gizonena baino %29 baxuagoa da.

Azken urteotan mugimendu anti-feministak indarra hartu du Hego Korean, eta horrelako adierazpen matxistak ohiko zerbait bihurtu dira azkenaldian. Duela hilabete, 60 urte inguruko Seuleko beste politikari batek emakume gazteei esan zien «gimnasiora joaten hasteko ariketa pelbikoa egitera», hori jaiotza tasa baxuari aurre egiteko neurri bat izango litzatekeela iradokiz. Beste behin, Hego Koreako arazo nagusien erantzulea nor eta emakumea da, bere ustetan.

Aurten bertan, gobernuko beste politikari batek neskatoak eskolan lehenago hastea proposatu du, argudiatuz horrela ezkontzeko ordua iristean klaseko neskak mutilak baino gazteagoak izango direla eta ondorioz erakargarriagoak izango direla.

Emakumeen eskubideen defentsarako erakundeetatik salatu dute adierazpen horiek erakusten dutela Hego Korean pentsaera matxista oso errotuta dagoela. Yuri Kim adituak politikariak kritikatu ditu, esanez ez dutela inola ere emakumeek bizi dituzten zailtasunak ulertzeko saiakera egiten; kontrakoa, Hego Koreako arazo nagusien erantzule egiten dituztela. Politikan ere generoen arteko aldea handia da Asiako herrialde horretan; Hego Koreako Parlamentuan %20 dira emakumeak, eta hori dagoeneko botere handiegia izatea dela uste dute Kim ki-duck bezalako politikariek.

Erakunde feministetatik ziurtatu dute horrelako adierazpenak geldiarazteko mekanismorik existitzen ez den arren, pentsaera matxista duten politikari horiek ondorioak ordaindu beharko dituztela, hurrengo hauteskundeetan. Poliki bada ere, Hego Korean emakumeen eskubideen alde borrokatzen dutenak gero eta gehiago direla ziurtatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.