Emaitza argirik gabeko bozak, azken urteotan ez bezala

Maria Obelleiro.
2024ko otsailaren 18a
05:05
Entzun

Gaur hauteskunde nazionalak izango ditugu Galizian. Kazetariok, gehiegizko adjektibo batzuk erabilita, neurriz gain puztu ohi dugu hauteskundeen garrantzia, baina oraingo honetan ez gabiltza horrela: dudarik gabe, azken hamabost urteotako hauteskunderik erabakigarrienak izango dira oraingoak. Izan ere, hamar urtean sekula ez da hain garbi ikusi edozer gerta daitekeela bozetan, eta hamar urtean aldaketa ez da orain bezain gertu egon; gainera, gizartea konturatuta dago horretaz. Azkenean aldaketa badator, lehen aldia izango da presidentea nazionalista eta emakumea dena.

Otsailaren 12ra arteko argitaratutako inkesta guztietan, joera bera ageri zen: PPk behera egingo du, eta BNGk, berriz, gora nabarmen, inoiz baino gehiago. Inkesta gehienen arabera, PP gehiengo osoa galtzeko zorian dago, hamarren batzuen kontua baita. PP horregatik ari da halako kanpainia zikina egiten, hain urduri. Hain zuzen, horregatik aurreratu zituen hauteskundeak otsailaren 18ra: bazekien BNG eta haren buru Ana Ponton indar handiz ari direla, eta bazekien bere hautagaia, hau da, Galiziako presidente Alfonso Rueda ahul dagoela —Ruedak ihes egin die hauteskunde eztabaidei, eta PPren mendeko CRTVGk antolatutako eztabaidan baino ez du parte hartu, bere alderdiak jarritako baldintzekin, eta hala ere ez da onik atera—.

PPk pentsatu zuen kanpainiaurrea Eguberrietan egitea zela estrategiarik onena, eta kanpaina Entroidon egitea, Galizia guztian ondo sustraituta dagoen herri jai tradizional horretan. Helburua, hauxe: hautesleak desmobilizatzea. Eta, gainera, ezkerreko botoak sakabanatzen saiatu da. 2005ean, Manuel Fragak Galiziako Xunta galdu zuen botoen %45,8 bilduta, eta hori baino gutxiago bilduko du PPk otsailaren 18an, inkesta batzuen arabera. Dena dela, 2005ean baino boto gutxiago izanda ere, baliteke PPk gehiengo osoa edukitzea baldin eta Sumarren eta Podemosen botoak ez badira batzen —botoen %5 bildu beharko lituzkete ordezkaririk edukitzeko— parlamentuan seguru egongo diren indar politikoen botoekin.

Oraingoz, posta bidezko botoei erreparatuta, badirudi parte hartzea handitu egingo dela 2016ko hauteskundeekin konparatuta —hori da konparaziorik fidagarriena, kontuan harturik 2020ko hauteskundeak osasun larrialdi bete-betean egin zirela—, eta ikusteko dago BNG eta PSOE gai izango diren aldaketaren aldeko botoak bateratzeko, botoak sakabanatu beharrean Sumarren eta Podemosen artean: Yolanda Diezen alderdiari emaitza hobeak iragartzen dizkioten inkesten arabera, Sumarrek 0-1 aulki lortuko du; Podemosek, berriz, ez du batere aukerarik eserlekurik eskuratzeko, ezta hurrik eman ere. Inkesta batzuek diotenez, Democracia Ourensak, Ourenseko alkatearen alderdiak, gertuago du ordezkariren bat eskuratzea; alderdi horrek bi aldiz egin du akordioa PPrekin, boterea banatzeko: batean, udalean; bestean, diputazioan.

Inkesta gehienek diotenez, parlamentuan hiru kolore izango dira: PP —42 eserleku lortu zituen 2022an—, BNG —19 eserleku 2020an, inoiz baino gehiago— eta PSdeG —14 eserleku 2020an—. Lehenbiziko zundaketek zioten PSdeGk lehengo aulki kopuru bera eskuratuko zuela, baina gero beheranzko joera hartu du. PSOEk eutsiko dion edo ez, horren mende ere badago aldaketa.

Azkenik, zalantzan dabiltzan hautesleen ehunekoa da daturik interesgarrienetako bat: inkesten arabera, %20 dira, eta haien araberakoa izango da presidentetza. PPk babes gutxien duen adin tarteetan egon ohi sektorerik abstentzionistenak, eta BNG indar politiko nagusia den adin tarteetan, baina BNG ez da aski izango PSOEk kale egiten badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.