Ameriketako Estatu Batuetan ez ezik, Europako bozetan ere zeresana izan nahi du Elon Musk handikiak. Munduko pertsonarik aberatsenak lema berria bataiatu du: MEGA Make Europe Great Again. Hori hala, Melonirekin harreman estua eta pertsonala josi ostean, Alemaniako bozetan bete-betean murgiltzeko erabakia hartu du Muskek. Haren helburua? Alemaniarentzako Alternatiba AfD alderdi ultrak bozak irabaztea. «AfD da Alemania salba dezakeen indar bakarra», idatzi ohi du Muskek X sare sozialean, erabiltzaileek herrialde germaniarrak pairatzen duen krisi ekonomikoaren gaineko aipamenak egiten dituzten bakoitzean.
Enpresari ahalguztidunaren arabera, AfD da Alemaniako politika garbitu eta ekonomiari astindu bat eman diezaiokeen bakarra; baita Europan nagusi den wokismoa suntsitzen lagun diezaiokeen aliatua ere. Halere, ezin da ahaztu Muskek interes ekonomiko argiak dituela Alemanian, Europako Tesla fabrika bakarra, Gigafactory delakoa, Berlin ondoan kokatuta dagoelako. Han 500.000 auto elektriko ekoizten dira urtean, multinazionalak Europan saltzen dituen gehienak.
Hori hala, Alemaniak argi dauka Musken partetik interes gatazka argia dagoela. Ez bakarrik bere enpresa zaindu nahi duelako, baizik eta Trumpen gobernuko kidea ere badelako. AEBetako presidenteak orain arte existitzen ez zen postu bat sortu du beretzat, eta gobernuaren baitan efizientzia hobetzeaz arduratzen den departamentuko burua izendatu du Musk. Gauzak horrela, nola arautzen da beste herrialde bateko hauteskundeetan interferentzia politikoa egiten ari den enpresari eta politikari baten esku hartzea? Alemaniako klase politikoa nahiko galduta dago kontuarekin. Baina beste batzuek uste dute ez dela «piztia elikatu» behar, eta Musken probokazio bakoitzak ez duela erantzun bat merezi. Beste batzuen iritziz, ordezkari publikoek ez dute politikaren lengoaia berria ulertzen, eta, berandu baino lehen zaharberritzen ez badira, errealitateak jan egingo ditu. Alemaniarrak ez daude krispazioz eta tentsioz beteriko hauteskunde kanpainetara ohituak. Hemen, historikoki, politikaren bi blokeak ordezkatu dituzten alderdiek, CDUko kontserbadoreek eta SPDko sozialdemokratek, adeitasunez eztabaidatu izan dute. Are gehiago, gobernu koalizioak sinatu dituzte.
Edonola ere, eskuin muturraren lurrikarak ez du baretzeko zantzurik erakusten. Hamabi urte pasa dira AfD sortu zenetik, eta inkestetan gora eta gora egiten ari da. Azken datuek botoen %20-23 artean ematen diote indar ultrari, eta kanpaina honetan Musken olatuari probetxu ateratzeko prest dagoela dirudi. Hauteskunde kanpainako kartel guztiek X bat daukate margotuta, Twitter plataforma ohiaren logoa ordezkatzen duena. Gainera, Muskek AfDren mitin gehienetan bideokonferentziaz parte hartzen du, eta argi utzi du zein den belaunaldi berriei helarazi nahi dien mezua: «Aro politiko berria abiarazteko garaia iritsi da. Belaunaldi gazteek ez dute haien birraitonek egin zutenaren gaineko errurik sentitu behar». Musken diskurtsoak %100ean bat egiten du AfDk dioenarekin: erru historikoa alde batera utzi beharra dago eta etorkizunera begira jarri.
Nola arautzen da beste herrialde bateko hauteskundeetan interferentzia politikoa egiten ari den enpresari eta politikari baten esku hartzea?
Horregatik, zurrunbilo politikoa eragin du Musken agur naziak. Izan ere, Alemanian nazismoaren apologiatzat jotzen da; alegia, gorroto delitu gisa. Baina dagoeneko ez dago zalantzarik munduko pertsonarik aberatsenak AfDri eman dion sostenguak historia berridazteko saiakera antolatua ezkutatzen duela. Musk X plataforma erabiltzen ari da kanpaina egiteko eta Alice Weidel kantzilergaia nazioarte mailan ezagutzera emateko. Weidel ez da Meloni eta Le Pen bezain ezaguna, baina haien komunikazio kodeak kopiatzeko prest dago. Muskek X-n egin zion elkarrizketan, zera esan zuen lotsarik gabe: «Hitler Alemaniaren etsaia izan zen komunista zelako eta gu, gauza guztien gainetik, antikomunistak gara». Alderdi ultraren baitan nagusi den antisemitismoaren inguruan, aipamenik ez.