Hugo Chavez Komandante Presidentearen heriotzaren berria lau haizetara zabaldu zenetik ehunka milaka venezuelarrek isuritako malkoek bustita baina eguzki distiratsu batekin esnatu zen atzo Caracas hiria.
Buruzagi errepikaezina agurtzeko aukera galdu nahi izan ez zuten Chavezen jarraitzaileek beteriko etorbide zabalek irudi bitxia zuten; kolore txuri eta gorriz jantziak, musika asko, freskagarriak —lege lehorra ezarri dute dolu ofizialak iraungo duen egun hauetan— eta jatekoak saltzeko postu inprobisatuak, eta elkar-kontsolatze adierazpen asko. Euskal Herrian ezagutzen dugun doluaren oso ezberdinak diren dolu adierazpenak; gureak bezain sakonak, zalantzarik gabe, baina ez hain soilak. Hemen negar egiten dute, eta elkar besarkatu. «Indarra», diote, eta ez dute zalantzarik atzerritarrak kalean geratu eta Venezuelako herriak iraultza aurrera eramango duela ziurtatzeko. Iraultza Bolibartarraz mintzo dira.
Gainera, mundu osoko herri, estatu eta erakunde sozialen babesa sentitzen dute venezuelarrek.
Hor dago parte ofiziala. Hogeita hamar estatu buru baino gehiago. Hamarna kantziller; ehunka erakunde sozial eta politiko; kultura eta ekonomia munduko pertsonalitateak; nekazari, meatzari eta langile mugimenduetako buruzagiak; ondoko herrialdeetako buruzagitza militarrak.
Guzti hori, Venezuelako estilo partikularraz. Hugo Chavezen aberriko estiloaz.
Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Bertatik
Elkar kontsolatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu