Ane irazabal
LEKU-LEKUTAN

Egiptoren hipokrisia

2024ko otsailaren 18a
05:05
Entzun

Israelek Rafah hiriaren gaineko ofentsiba hasiko duela ofizialdu duenetik —praktikan, ez dio inoiz zerrendaren hegoaldea bonbardatzeari utzi—, bertara babes bila bultzatu dituen milioi bat palestinar baino gehiagok izua sentitzen dute. Ez bakarrik telazko kanpin baten barruan segurtasun gabezia handitu egiten delako. «Kanpalekuak bonbardatu nahi dituzte», adierazi zidan aurrekoan Gazako kazetari batek. Orain arte Khan Yunisen lan egin ostean, Rafahra alde egin du bere familiarekin, eta haren pertzepzioa beste milaka palestinarren bera da: hona iritsi ostean ez dago beste ezer, itsasora ere ezin dira bota.

Izan ere, palestinarrek ezin dute beste inora ihes egin, ezin dira hegoalderago joan. Rafah hiritik kilometro gutxira Egiptoko mugaren hesia dago, eta gazatarrek txantxetan esan ohi zuten bezala, «Sinai penintsulan beroa eta hotza muturrekoak dira». Azken orduetan, jende askok idatzi dit analisi politiko bertsua plazaratuz: Israelek Rafah hiria kiskaltzen badu, Egiptok palestinarrei muga irekitzeko betebehar morala dauka. Batzuentzat, Kairo da beste hondamendi bat ekidin dezakeen bakarra. Baina Al-Sisiren erregimenak ez du Rafahko pasabidearen atea irekitzeko inolako intentziorik eta Palestinako okupazioaren gaineko jarrera hipokrita besarkatu du, aurreko presidenteek egin zuten bezalaxe. Iritzi publikoak Palestinaren askatasuna babesten duela jakinda, inguruko herrialdeen estrategia bera darabil: publikoki indar okupatzailearen aurkako diskurtsoa xaxatu, baina pribatuan Israelekin harremanak sendotu. Beraz, Egiptoren erantzuna oso argia izan da. Alanbre arantzadun gehiago ezarri ditu Gazara bitartean paralelo doan 14 kilometroko lur zerrendan, Amerikako Estatu Batuetako M1A1 Abrams motako 40 tanke zabaldu ditu mugaldean, eta Financial Times egunkariak ateratako satelite irudietan argi ikus daiteke lubakiak egin dituztela. Egiptok «gatazkaren inportazioa» ekidin nahi du, eta horregatik Rafahko pasabidea gurutzatzea lortzen duten gazatarrak tantaka zenbatzen dira.

Nola da posible Israelek kontrolatzen ez duen Palestinako muga bakarrean ere trabak izatea beharrezkoa den laguntza hori sartzeko? Erantzuna segurtasunaren gaineko Tel Aviven eta Kairoren arteko koordinazio sutsua da.

Beste aldean, ordea, palestinarrak ez dira Egiptorekin fido eta beste exodo bat, bigarren Nakba handi bat, eragotzi nahi dute. Nola edo hala. Gazaren eta Egiptoren arteko korridorea gurutzatzea lortzen dutenak, zaurituen talde txikiak eta herritartasun bikoitza daukatenak dira. Kontrako norabidean, laguntza humanitarioa daramaten 200 bat kamioik gurutzatzen dute egunero. Gainontzekoek egunak eta batzuetan asteak pasatzen dituzte atearen aurrean itxaroten. Nola da posible Israelek kontrolatzen ez duen Palestinako muga bakarrean ere trabak izatea beharrezkoa den laguntza hori sartzeko? Erantzuna segurtasunaren gaineko Tel Aviven eta Kairoren arteko koordinazio sutsua da. Gazara doazen merkantzia guztiak Al Awja eremura desbideratzen dituzte, eta han aduanako funtzionario israeldarrek konboi guztien edukia kontrolatzen dute.

Bestalde, Israelen politika bera jarraituz, Egiptok Gazara sartzea eragozten digu gerra hurbiletik kontatu nahi dugun nazioarteko kazetariei. Ekintzaile politikoak era egoera bertsuan daude. Rafahra iristeko modu bakarra da Kairoko prentsa zentroak antolatzen dituen bidaietara batzea. Autobus batean sartu, sei orduko bidaia egin eta bertara eramaten zaituzte. Azken lau hilabeteetan, milaka hedabidek eta kazetarik mugara joateko eskaera egin dute, eta oso gutxik lortu dugu. Baiezkoa edo ezezkoa jasotzeko kriterioak Kairoko informazio ministerioak bakarrik dakizki. Sinai penintsulan etengabekoak diren checkpoint edo kontrol militarren ondorioz, ez dago norbera bere kasa Rafahra iristeko modurik. Gogoan dut 2012ko Gazaren aurkako Israelen erasoaldia zerrenda barrutik kontatzeko aukera izan genuenean, Rafahko pasabidetik sartu ginela. Baina orduan Anaia Musulmanek gobernatzen zuten eta testuinguru politikoa zeharo desberdina zen. Aldi honetan, hareazko dunen eta Mediterraneo itsasoaren artean Sinai penintsula gurutzatzean, argi ikusi dut zergatik palestinarrek utzi zioten Egiptoren benetako babesa itxaroteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.