Olatz Arrieta

Egin Errusia handi berriro

2024ko abenduaren 29a
05:05
Entzun

Urte berriari begira, Donald Trumpek nazioarteko politikan zer egingo duen da askorentzat galdera nagusia. Vladimir Putinek zer egingo duen aurreko galdera bezain garrantzitsua da, eta aurreikusten askoz ere zailagoa. Kremlinen jokabidea ulertzeko, lagungarri izan liteke Sergei Radtxenko historiagile errusiar-britainiarraren azken liburua.

Moskuren atzerri politikaren motibazioen artean bat nagusi dela azpimarratzen du Radtxenkok: errekonozimendu irrika. Hain zuzen, mundu mailan Sobietar Batasuna-Errusia herrialde garrantzitsu, handi bat bezala aitortzeko nahia ikusten du Kremlineko buruzagien artean. Historiagileak hamar urte eman ditu Moskuko artxiboetan Kremlinetik pasa diren buruzagien idatzi eta adierazpenen azterketa psikologiko-soziologikoa egiten, eta ondorioztatu du guztien motibazio nagusia, Stalinetik Gorvatxovera, nazioartean Errusiaren errekonozimendu nahia izan zela. Gerra Hotzaren garaian izan ezik, ezaugarri hori Errusiaren atzerri politikaren historian ere elementu iraunkorra dela dio Radtxenkok. Historiagileak sakon eta argi azaltzen ditu Sobietar Batasunak garai ezberdinetan bilatu nahi izan dituen errekonozimendu motak: iraultzen mundu mailako liderra; komunismoaren nazioarteko burua; bakearen-desarme nuklearraren nazioarteko bultzatzaile nagusia; edo humanismo globalaren ikurra izatea, besteak beste.

Aintzatespen irrika iraunkorra izanik historian zehar, aitortza nahi hori ez zen Gerra Hotzarekin amaitu. Boris Jeltsinen gobernupean eta Putinen lehen agintaldian, Errusiak Ameriketako Estatu Batuen pareko mundu mailako potentzia bezala onartua izatea nahi zuen. Radtxenkok dio Vladimir Putinen irrika, egun, Ameriketako Estatu Batuek zuzendutako Mendebaldeko aliantzaren arerio nagusia izatea dela; azken finean, Mendebaldearen gainbehera ekartzea eta mundu mailako antolaketa alternatiboa gobernatzea.

(ID_14515783) RUSSIA PUTIN UNITED RUSSIA PARTY
Vladimir Putin agerraldi batera iristen, abenduaren 13an. SERGEI BOBYLEV / EFE

Txinarekin, Iranekin eta Ipar Korearekin egindako aliantzak, eta Sirian, Ukrainan, Georgian eta Afrikako sei herrialdetan egindako operazio militarrak irrika horren erakusle dira. Nazioartean herrialde handia eta garrantzitsua izateko nahiak etxean zilegitasun gabezia betetzeko helburua izango luke.  

2022ko Ukrainako inbasio orokorraren ondoren Errusiak ez du lortu Mendebaldearen arerio nagusia izatea, AEBen ikuspuntutik Txina delako arerio hori. Dena den, lortu du errekonozimendua Hegoaldeko eta BRICS taldeko herrialdeen artean: AEBen mundu antolaketa alternatibo baten bultzatzaile nagusia da, eta balio sozial kontserbadoreen zaindari moduan agertu nahi du. Txinaren aldetik ere ez du botere handi baten errekonozimendurik lortu: Txinak ez du hala onartzen, bazkide ahulagoa baita ekonomikoki, politikoki eta militarki. Moskuk eta Pekinek harremanak hobetu dituzte biei ondo datorkielako AEBen aurrean gai batzuetan bat egiteko.

Nazioartean herrialde handia eta garrantzitsua izateko nahiak etxean zilegitasun gabezia betetzeko helburua izango luke

Aitortza nahia asetzeko irrika historikoaren testuinguruan, Ukrainako gerra amaitzeko bake negoziazioak egiten badira edo su-etena adosten badute, zein errekonozimendu bilatuko luke Putinek nazioartean? Ukrainaren eta NATOren aurkako gerran bere helburuak lortu dituen botere europarra izatea? Hirugarren Mundu Gerraren eztanda saihestea lortu duen mundu mailako boterea izatea? Sobietar Batasun ohiaren lurraldean beste gatazka izoztu bat eragin duen eskualdeko boterea izatea? Europako segurtasuna berrantolatu duen boterea, AEBak Europatik aldendu eta gero? Eskuin muturreko indarren eta olatu kontserbadorearen mundu mailako ikurra izatea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.