«Ez al duzu Palm Beachera joan behar? Gauza asko daude han ikusteko», galdetu zion Miamiko hoteleko gela garbitzera joandako emakumeak kazetariari. «Ez. Hemen geratuko naiz, badaezpada. Hauteskundeetako emaitzak helduko balira ere», erantzun hark. «Ba! Ez dut uste asko axola duenik nork irabazten duen. Niri ez behintzat. Berdin-berdin jarraitu beharko dut gero ere gelak garbitzen». Migratzailea da bera, Miamin zerbitzuetan lan egiten duten beste asko bezala bizimodu hobeagoaren bila joandakoa. Noren alde bozkatuko zuen galdetuta, ez zuen argi erantzun; gauza bakarra esan zuen, ez dela fio Donald Trump hautagai errepublikanoaz, baina Joe Biden demokrata ere ez zitzaiola askorik gustatzen.
Pandemiak salbatu zuen Biden duela lau urte. Bueno, horrek eta Trumpek. Buruzagi errepublikanoak lehendik ere erakutsia baitu zein den bere estiloa. Duela lau urte iruzurraren mamua sustatu zuen presidente ohiak, eta etengabe ohartarazi zuen posta bidezko botoaren aurka, bere jarraitzaileei aholkatuz aurrez aurre bozkatzeko eta ez fidatzeko administrazioko langileez —hortik etorri zen gero 2021eko urtarrilaren 6an AEBetako Kongresua indarrez hartzea—. Migratzaileen arazoa ere baliatu zuen herritarren artean beldurra sustatzeko, estatubatuar zuriei sinetsaraziz haiek izango zirela gutxiengoa laster. Gezur nabarmenak esatea, hori izan da hasieratik presidente ohi errepublikanoaren estrategia. Askok barre egin izan diote horregatik, baita inozotzat hartu ere, 2016ko bozak irabazi zituen arte.
Duela lau urteko azaro hartan izan zen ospakizunik Miamin. Ez zegoen, ordea, 2008an Obamak irabazi zueneko ilusio bera. Porrot bat ospatzen ari ziren, ez garaipen bat
Hillary Clinton buruzagi demokrata zuen orduan aurrez aurre Trumpek. Barack Obamaren zortzi urteko agintalditik zetozen estatubatuarrak, mundua irauli behar zuela zirudien Yes, we can hartatik. Lehen emakumezkoaren aldeko apustua egin zuen Alderdi Demokratak, baina emakume gisa baino gehiago establishment-eko kide gisa ikusi zuten hautesleek Clinton, betikoaren jarraipen gisara. Haren aurka, Trumpek beste distira bat zuen, liburu berriek dutenaren antzekoa; estreinatu gabeko jostailuek pizten duten ilusioa zekarren. Halaxe saldu zuen orduan bere burua, hitzak alde batera utzi eta ekintzarako prest zegoen hautagai gisara. Eta bete zuen iragarritakoa: nazioarteko hitzarmen ugari utzi zituen bertan behera bere agintaldian, baita migratzaileen aurkako politikak gogortu eta aurreko administrazioak abian jarritako osasun laguntzak bertan behera utzi ere. Hurrengo kolpea nondik joko duen jakitea ezinezkoa den ekaitz baten gisakoa izan zen errepublikanoaren agintaldia.
Baina agintaldi batek distira galarazten dio boterean dagoenari, eta azpiko herdoila argitara ateratzen du. Hala gertatu zitzaion Trumpi 2020an. Floridan, orduan erabakigarri ziren estatuetako batean, Kubatik ihesean joandakoek babesten zuten batez ere, baina haien seme-alabek, AEBetan jaioak izaki, bestelako kezkak zituzten, eta, Bidenek askorik liluratu ez arren, haren alde egin zuten askok. Ez zen aski izan hori Floridan, eta Trumpentzat izan ziren estatu hartako 30 ordezkariak. Baina bestelakoa izan zen emaitza pandemiak gogorrago jotako estatu erabakigarrietan. Pennsylvania izan zen horietako bat, non hogei ordezkari eskuratu zituen Bidenek, 34.000 botoren aldeagatik.
Duela lau urteko azaro hartan izan zen ospakizunik Miamin. Herritar andana irten zen kalera, Biden eta Harrisen aldeko kartelak eskuetan, oihu eta festa. Ez zegoen, ordea, 2008an Obamak irabazi zueneko ilusio bera. Porrot bat ospatzen ari ziren, ez garaipen bat. Egia da, halere, AEBetako lehen presidente beltzak piztutako sua bere kabuz itzali zela agintaldiek aurrera egin ahala, eta azkenean errealitateak irentsi zuela ametsa.
Aurten, baina, ez dago bozkatzaileen (eta ez-bozkatzaileen) ilusioa piztuko duen hautagai distiratsurik; aldiz, kezka eta beldurra izan dira nagusi kanpainan. Nork irabaziko duen bainoago, nork galduko duen da galdera. Duela lau urte egin zuen modura, kanpaina bideratu egin du Trumpek, eta bera bilakatu da protagonista: jendeak ez du bataren edo bestearen alde bozkatuko, bataren edo bestearen aurka baizik. Agian asteazken biharamunerako jakina izango da nor eseriko den Etxe Zuriko bulego nagusian, edo agian ez —lehia oso estua iragartzen dute inkestek—. Baina aldaketarik, bere horretan, ez da espero.