Europako Batasunak Ameriketako Estatu Batuekiko duen dependentzia teknologikoak ez dauka Errusiarekiko dependentzia energetikoak edo Txinako produktu digitalek izaten duten espioitza arriskuen pisu politikoa: azken finean, AEBak Bruselaren aliatuak dira, oraingoz. Donald Trumpek enpresa teknologiko estatubatuarren interesak irmo defendatuko ditu Buselaren ikerketen aurrean. Trukean, enpresa horiek bere gertukoentzat negozioak egiteko aukera emango diote Trumpi; bere agenda ultraeskuindarra zabaltzeko bitarteko mediatikoak zabalduko dizkiote; eta, beharbada, beste herrialde batzuk zelatatzeko ate berriak ireki dizkiote.
Egun, Bruselak konfidentzialtasuna eta datuak babesteko atea ez dauka ondo itxita. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Europako Batzordearen aurkako sententzia bat kaleratu berri du, Alemaniako herritar baten datu pribatuak babesik gabe Metari AEBetara bidaltzeagatik.
Europako Batzordean bertan, datuen babesa ez da beti betetzen; Datuen Babeserako Europarako Batzarrak belarritik tira egin dio Europako Batzordeari, Microsoft enpresa estatubatuarrak egiten duen 365 programa informatikoa gehiegi eta gaizki erabiltzeagatik; sinatzen dituen kontratuetan datu pribatuak babesteko eta segurtasuna bermatzeko nahikoa neurri ez negoziatzeagatik, alegia. Batzordeari leporatu dio Microsoften programak erabiltzeko kontratuetan datuen babeserako arauak ez betetzea, eta programa alternatiboak bilatzeko eskatu dio.
AEBekiko dependentzia teknologikoaren arriskuen inguruko kezka areagotu besterik ez da egin Trumpen bigarren presidentetzarekin.
Von der Leyenek zuzentzen duen batzordearen erantzuna honako hau izan da: salaketa jarri duena salatzea. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko araudien interpretazio okerra egitea egotzi dio datuen babeserako erakunde nagusiari, eta gaineratu du Microsoften programa ordezkatu lezakeen beste programa bat topatzea oso zaila dela, merkatuan antzeko beste programarik ez dagoelako. Batzordeak ikerketa bat dauka irekita Microsoften 365 programaren aurka, merkatuan duen nagusitasunaz abusatzeagatik; Teams aplikazioa Office aplikazioarekin lotzeagatik, hain zuzen. Ikerketa hori Google-ek Microsoften aurka jarritako salaketa batean dago oinarrituta.
Europako Batasunak egiten dituen salaketak eta kudeatzen dituen dokumentuak Microsoften programekin idazten eta bidaltzen ditu batzordeak; baina, antza, Europako Batasuneko dokumentuen artean, sekretu zigilurik zorrotzenak dituztenak ez omen dira programa estatubatuarrarekin kudeatzen. Espioitza ekiditeko, ez dute argitu nahi idazteko makinarekin edo Google dokumentuekin egiten dituzten.
Orain dela urte batzuk, Europar Kontseiluak Whatsapp aplikazioa bertan behera utzi zuen, eta Signal —hau ere estatubatuarra— aukeratu zuen kazetariekin harremana edukitzeko eta barne komunikaziorako. AEBekiko dependentzia teknologikoaren arriskuen inguruko kezka areagotu besterik ez da egin Trumpen bigarren presidentetzarekin. Baina ez da kezka horri aurre egiteko neurririk aurreikusten, kontrakoa baizik; plataforma teknologiko handiak arautzeko EBren bi oinarrizko legetan oinarrituta, AEBetako enpresen aurka batzordeak hasitako ikerketak geldiarazteko agindua eman omen du Von der Leyenek, Trumpen lagun teknokratak ez haserretzeko. Muga zergak dira Bruselan kezka nagusia, eta horiek ekiditeko Bruselak prest dirudi AEBen dependentzia teknologikoaren arriskuetatik babesteko neurriak samurtzeko.