«Dena da aldatu, aldatu zeharo:
edertasun terrible bat sortu da»
'Easter 1916' (1916ko Pazko astea)
William Butler Yeats
William Butler Yeats Irlandako poeta eta antzerkigilerik entzutetsuenak idatzitako oximoron horrek, nire ustez, zehatzago laburbiltzen ditu Dublinen 1916ko Pazko astean izandako gertakariak, museoetako erakusketa guztiek, historialarien gogoeta guztiek eta mendeurreneko asteburu honetan Irlandan egin diren hitzaldi hanpatsu guztiek baino. Matxinadaren ondo-ondoren idatzitako hitz haien bidez, Yeatsek iragarri zuen zer-nolako akuilua izango zen buruzagi errepublikano garaituen exekuzioa Irlandaren askatasunaren aldeko kausan, eta, aldi berean, gertatzekoak ziren gauza guztien susmo ezkutu profetiko bat ere islatu zuen. Hain zuzen, idazle horren Easter 1916 obra argitaratu zenerako, 1921erako, dena zen aldatua, aldatua zeharo. Izan ere, Irlandako mugimendu errepublikanoko buruek eta Britainia Handiko Gobernuak Anglo-irlandar Tratatua sinatu zuten, Londresen: itun horrek Irlandaren zatiketa berretsi zuen funtsean —ipar-ekialdea, britainiarrekin segitzearen alde, eta hegoaldea, erdi independente—, eta herrialdea gerra zibil baten indarkerian murgildu zen bi urte baino gehiago. 1923an, pistola hotsa isildu zenean, historialariek 1912tik 1923rako Iraultza Aldia esaten dioten hori amaitu zen; ikuspegi politikoa zein den, zenbaitek nahiago dute termino aski luzeago eta zorrotzago bat erabili: Iraultza Aldia… eta geroko Kontrairaultza Aldia. Mendeurren honetan, hamar urteko testuinguru zabalago hori aintzat hartuta uler daitezke ondoena 1916ko matxinada, haren ondorea eta haren intepretazio askotariko eta maiz gatazkatsuak.
Iraultza Aldia: 1912-1923
1912an, Britainia Handiko Komunen Ganberak Home Rule izeneko autonomia legegaia onartu zuen azkenean, nazionalista irlandarrak ia mende erdiz Westminster astintzen ibili eta gero, bai kanpotik eta bai barrutik. Pentsatzekoa zen Home Rule hura baliagarria izango zela irlandarrek —eta, bereziki, irlandar katoliko nazionalistek— Britainiaren aginte bidegabearen —edo zilegitasun gutxikoaren— mendean luze sufritutako bidegabekeria batzuk arintzeko. Herrialdearen ipar-ekialdeko protestanteen ustez, aldiz —XVI. eta XVII. mendeetako lurjabe-leinu ingeles eta eskoziarretakoak ziren gehienak, eta haien eliteek goraldi ekonomiko eta politikoa izan zuten Britainiar Inperioa gailur-gailurrean zela—, Home Rule mehatxu bat zen, arriskua baitzegoen protestanteak katoliko natiboen biztanleria handiagoaren mende gelditzeko. Hala, elkarren aurkako bi milizia sortu ziren berehala: Ulsterko Boluntarioak (1912) eta Boluntario Irlandarrak (1913). Ulsterko Boluntarioak prest zeuden behar izanez gero armak erabiltzeko Home Rule ezar ez zedin, eta Boluntario Irlandarrak ere prest zeuden armak hartzeko, baina legea ezar zedin. 1914an, mundu gerra hasi zenean, geroko utzi zen lege hura, eta, horren ondorioz, izugarrizko zatiketa izan zen Boluntario Irlandarren artean: batzuek zioten gerran britainiarrekin batera borrokatzeak Home Rule ezartzea segurtatuko ziola Irlandari, eta besteei, berriz, iruditzen zitzaien Britainia Handia gatazka kontinental hartan sartua egotea aukera paregabea zela inperioaren kontra gogor egiteko. Hain zuzen ere, ikuspegi horixe islatzen du herri esaera honek: «Ingalaterraren nekea, Irlandaren aukera».
Hutsune politiko hartantxe aldarrikatu zuen Irlandako Errepublika, 1916ko Pazko astelehenean, milizia eta ekintzaile multzo batek —Boluntario Irlandarretako eta Herritar Irlandarren Armadako kideek gidatuta, nagusiki—, Britainia Handiarekin zuten lotura behin betiko hausteko asmo sendoz ez ezik, baita eskubide hauek aldarrikatzeko asmoz ere: «Irlandako jendea Irlandaren jabe izateko eskubidea eta Irlandaren etorkizunaren kontrol erabatekoa izatekoa, ezin ezeztatuzko moduan subirano izateko». Matxinoak ausart borrokatu ziren, baina garaitu egin zituzten, eta haien buruzagiak exekutatu. Exekuzio horiek zenbateraino eraldatu zuten irlandarren iritzi publikoa edo zenbateraino puztu zuten, besterik gabe, ideal errepublikanoaren aldeko joera? Eztabaida sutsuak izan dira horren inguruan, eta, segur aski, datozen ehun urteetan ere izango dira gehiago. Nolanahi den, bi urte geroago, Erresuma Batuko hauteskundeetan, Sinn Fein alderdiak alde izugarriz irabazi zuen —Irlandan—, eta, agintaldi hartan, uko egin zion Londresko parlamentuan parte hartzeari, Dublinen parlamentu subirano independente bat ezartzeko asmo argiz. Horrek guztiak zera berretsi zuen, argi eta garbi: neurri batean 1916ko matxinoen idealetan oinarritutako Irlandako Errepublika guztiz independente baten eskaerak erabat zuela baztertua Home Rule delakoa, garai hartan munduan zen inperio nagusiari erronka sendoa jota. Horretarako erabakigarria izan zen, jakina, ipar-ekialde gero eta protestanteagoaren jokabidea, etengabe ari baitzen Britainia Handiarekiko batasunaren alde, eta matxinada hura inperioaren kontrako traiziotzat hartu baitzuen, Britainia Europan borrokan etsi-etsian ari zela eginiko traiziotzat. Britainia Handiko gobernua, noski, iritzi berekoa zen, eta, azkenean, gerrillen arteko Independentzia Gerra piztu zen 1918ko Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan hautatu berria zen Dublingo gobernu iraultzailearen —IRA sortu berriarekin batera— eta britainiar koroak irlandan zituen indarren artean. Lehenago aipatutako Anglo-irlandar Tratatu harekin bukatu zen gerra, 1921ean, baina, borroka oraindik bukatu gabea zela, iparraldeko Ulster probintziako bederatzi konderrietatik sei, Britainiarekin segitzearen aldekoak, orain Ipar Irlanda den horretan batu ziren, eta horrek eragin garrantzitsua izan zuen Irlandaren XX. mendeko testuinguruan. Hala, nolabait ironikoki, iparraldeko unionista-loialistak eta hegoaldeko nazionalista-errepublikanoak, bi-biak geratu ziren Irlanda zatitu batekin, aldeetako batek ere nahi ez zituen bi parlamentu autonomoren mende.
Memoria eta garrantzia
Iraultza aldi labur hartan, aldaketa politiko izugarriak izan ziren Irlandan, eta horiek historian izan duten garrantzia eta ekarri dituzten beste bideak eztabaidagai garratz dira oraindik ere. Lehen Mundu Gerran, irlandarrak erruz hil ziren borrokan, gutxienez 35.000, baina gerra hura, testuinguru zabalagotzat hartuta, ez da sartu historiaren diskurtsoan orain dela gutxi arte. Beste historialari batzuek diote irlandarrak britainiar armadan sartzeko betebeharraren kontrako mugimendua ere oso garrantzitsua izan zela, eta gutxietsi egin dela gure garai hau ulertzeko orduan. Puzzle konplexu honen piezetako bat da 1916ko matxinada. Funts-funtsezko pieza den, horrek ez du egiaz axola; Irlandako Estatuko alderdi politiko nagusi guztiek jotzen dute funtsezkotzat, eta, batez ere, horregatik da hain garrantzitsua. Memoria historikoko ariketa guztiekin gertatzen den bezala, gaur egungo nazio edo mundu ikuspegi bat islatzeko gai den heinean soilik da garrantzitsua 1916ko matxinada. Alde horretatik, Irlandaren konplexutasun politikoaren mikrokosmos baten berri ematen du. Irlandako nazionalista, errepublikano, sozialista, kontserbadore, feminista, katoliko, protestante eta disidente orok 1916ko matxinadan aurki dezake bere ibilbidearen hasiera, edo osa dezake bere kontakizuna haren inguruan, bere ikuspegitik. Unionistek berek ere defini dezakete beren burua matxinada baliatuta, balio errepublikanoen kontrako gisa. Nik neuk gogoan dut nola umea nintzela aitak erakutsi zizkidan Dublingo O'Connell kalean matxinoek izandako kuartel nagusiaren —Posta Bulego Nagusiaren— zutabe neoklasikoetako bala zuloak, oraindik ere ikusgai. Eraikin horren barruan, Irlandako mitologiako heroirik handienaren eskultura brontzezko bat zegoen eta dago oraindik: Cu Chulainn-en estatua bat. Zuhaitz batean bermatuta, hilzorian ageri da Cu Chulainn, barnean duen azken indar izpia bildu nahian etsaien kontra borrokatzeko, sinetsirik irabazteko gai dela oraindik. Yeatsek esan zuen bezala… «terriblea» izan zen; «edertasun» kontu bat.
Dublingo matxinadaren mendeurrena. ANALISIA
Dena aldatzen hasi zen urtea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu