Inaki Irazabalbeitia.
Karabakh Garaia. ANALISIA

Demokraziari eta autodeterminazioari erasoa Artsakhen

2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Atzen asteotan Azerbaijanek Armeniari eta Artsakhi (Karabakh Garaiari) egin dien erasoa entenditzeko SESB Sobietar Batasunaren sorreraraino joan behar dugu. Garai hartan armeniarren eta azerien arteko gerren ondorioz Azerbaijanek Artsakh barrundi armeniarraren gaineko subirautza lortu zuen. Bertako populazioaren % 80aren bueltan armeniarra zen, % 17 azeria eta gainerakoa errusiarra eta kurdua. Nafarroaren tamainako lurraldeaz ari gara.

Duela 30 urte SESBen desagertzearen ondorioz Armeniak eta Azerbaijanek independentzia aldarrikatu zuten eta urtetan sistemak tapaturik izan zituen tentsio etnikoak agertu ziren bi komunitateen artean. Bakun, Azerbaijango hiriburuan, armeniarren kontrako pogromak gertatu ziren adibidez. Horren ondorioz, sobietar konstituzioak ematen zien eskubideen baitan Artsakheko armeniarrek autodeterminazio-erreferenduma antolatu zuten eta independentzia aldarrikatu. Azerbaijanen erantzuna eraso militarra izan zen eta ia lurralde osoa hartu. Hiru urteko gerra odoltsuaren ondoren, ordea, karabakhiek beren lurraldea berreskuratzeaz gain, Armeniaraino eraman zituzten kontrolpeko lurraldeen mugak.

1994an Armeniak eta Azerbaijanek su-etena hitzartu, eta gatazka bideratzeko elkarrizketei ekiteko konpromisoa hartu zuten. Elkarrizketak ESLA Minskeko taldearen itzalpean egin izan dira, baina aurrerabide handirik ez da egon; Errusia, Frantzia eta AEBak dira horren partaide inportanteenak. Artsakhek ez du ordezkaritza zuzenik negoziazio horietan. Armeniak Artsakhen autodeterminazio-eskubidea aldarrikatzen duen bitartean, Azerbaijanek lurralde-osotasuna du lerro gorria.

Kontaktu-lerroan tentsio militarra beti egon bada ere, inflexio-puntua 2016ko apirilean gertatu zen Azerbaijanek Artsakh inbaditzen saiatu zenean. Enfrentamenduek ez zuten asko iraun, hiruzpalau egun, Errusiak posizio tinkoa hartu zuelako. Alabaina, abisu modukotzat hartu zuten agintari karabakhiek.

Artsakh eta Azerbaijan bi mundu aparte dira, erlijio- eta etnia-desberdintasunak at utzita. Bost bat aldiz izan naiz Artsakhen, bitan hauteskunde-behatzaile moduan. Bertako agintari politikoekin eta gizarte zibileko erakundeekin batzartzeko aukera izan dut. Duda izpirik gabe esan dezaket, Artsakh demokrazia homologagarria dela, Europakoez inbidiarik ez duena eta Europara begira dagoela. Azerbaijan ere formalki demokrazia bat da, baina egiatan Aliyev familiaren dinastia errepublikano moduan defini daiteke. Hauteskundeak egiten dira, hiru botereak itxura batean bereizita daude, baina finean aliyevtarrek nahi bezala gobernatzen dute lurraldea. Giza eskubideen defentsa ez da Azerbaijanen indargunea.

Duela lau urteko erasoa Azerbaijanen barne-politikaren beharren harira uler daiteke: arazoak dituzunean kanpo-etsaia bilatu. Oraingoan, Azerbaijanek aldarrikapen historikoei eta balizko barne-tentsioei bere aliatu Turkiaren kanpo-politika erasokorra gainera dakioke. Argi dago Turkiak Mediterraneoaren ekialdean jendarme-papera jokatu nahi duela. Siriako gerra zibilean hasiera-hasieratik izaten ari den interbentzio etengabea eta berriki Libian hartu duen protagonismoa lekuko. Oraingoan, Erdogan erretorika panotomanistatik harantzago joan da, puntako teknologia militarrez hornitu baitu Azerbaijan.

Frontean gertatzen ari denaz ez dago informazio argirik. Propagandaren eta kontrapropagandaren fasean gaude. Argi dago, ordea, zibilak eta oinarrizko azpiegiturak itu militar direla Azerbaijanentzat. Nazioartearen jarrerak eta eginiko presioak mugatuko dute gerra honen irismena, alegia, gatazka mugatu edo zabal baten aurrean gauden. Frantziak gogor hitz egin du, inportantea baita armeniar diaspora Hexagonoan. Macronek klarki adierazi du Frantziak ez duela utziko Azerbaijan Artsakh birkonkistatzen eta Turkiaren jarreraren kontra gogor mintzatu da. Horrek praktikan zer esan nahi duen ez dut argi. Frantzia ohiko erretorikatik harantzago joango al da? Orain arte ageriko urrats praktikorik ez du egin. Bestalde, gogoratu Libian Turkiak eta Frantziak bi alde desberdin babesten dituztela.

Errusia ez dut duela lau urte bezain tinko ikusi, nahiz eta bi parteak Moskura deitu eta su-etena lortu duen. Egia da Errusiari ez zaiola komeni Kaukasoa desegonkortzea eta nahiago duela bere etxeko patioa lasai izatea. Halaber, egungo estatusak mesede egiten diola esango nuke, bi parteekin negozioak egiten dituelako. Bestetik, Errusiak Armenian base militar bat du. Ondorioz, su-etena lortu ondoren Errusiak neurri diplomatiko sendoagoak egin beharko ditu iraunkorra eta osoa izan dadin, besteak beste Kaukasoko patroi moduan duen papera argi lagatzeko.

Iran ahaztu ezin dezakegun beste aktorea da. Geldirik dago itxuraz. Bi parteekin ditu mugak eta, gainera, Turkiarekin ez da ongi konpontzen. Era berean, jatorri azeriko 15 milioi lagun bizi dira Iranen. Teheranek errezelo sakonak izan ditu beti Bakuren handitasun asmoekiko. Armeniaren merkataritza-bazkide inportantea da. Erevanen irandar turistak ohikoak dira. Alabaina, Iranek ez du bizi garairik oparoena.

Bukatzeko elkartasunik beroena adierazi nahi diot Artsakheko herriari. Euskalerritarrok ezin dugu permititu Azerbaijanen erasoa, eta ezin gaitezke begirale huts moduan gelditu, finean, karabakhien borroka gurea da: autodeterminazio-eskubidea erdiestea. Oso egokia da zentzu horretan Eusko Legebiltzarrak eginiko ebazpena, Euskal Herriko beste erakundeetara zabaldu beharko genukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.