PENTSALDIAN

Datu zientifikoak, galdera etikoak, erabaki politikoak

Felix Zubia.
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Pandemia bat gertatzen denean, zientzialariei eta osasun langileoi gertatzen denari buruzko datuak ematea dagokigu. Dagoeneko ezagunak diren arren, nire ustez garrantzitsuenak berritzera noa: norbanakoaren aldetik, koronabirusa gaixotasun arina da, %1aren inguruko hilkortasunarekin. Hilkortasuna handiagoa da, baina, adinean aurrera egin ahala: %3,6 60 eta 69 urteren artean, %8 70 eta 79 urteren artean, %14,8 80 urtetik gorakoen artean. Era berean, gaixotasun kronikoak, gizentasuna edo immunogutxiegitasuna izanez gero, hilkortasuna handiagoa da.

Koronabirusaren arriskua kolektiboa da, oso azkar hedatzen delako, eta osasun sistemak kinka larrian jartzen dituelako, zainketa intentsiboen unitateak bereziki. Horrek bestelako gaixotasunen artatzea arriskuan jartzen du, eta Osakidetzan, adibidez, jarduera kirurgikoa bi aldiz eten behar izan da.

Txertoa da kontra egiteko dugun neurririk garrantzitsuena, baina ezin du bakarra izan. Oso albo-ondorio gutxirekin, txertoak infekzioa garatzea eragozten du kasuen %50-60n, eta ospitaleratzea eta heriotza kasuen %90en. 70 urtetik gorakoetan eta immunitate arazoak dituztenetan, ordea, babesa %70era jaisten da. Hori dela eta, bestelako neurriak mantendu beharra daukagu, txertaketaz gain: jende pilaketak ekidin, aireztapena mantendu, musukoa espazio itxietan eraman eta distantzia soziala gorde.

Zientziak datuak ematen dizkigu, egiaztagarriak eta objektiboak direnak. Gizarteari dagokio, baina, arazoaren kudeaketa, galdera etikoak sortzen direlako. Hona hemen batzuk; ziur, irakurle, zuk ere gehiago badituzula: derrigortu al liteke inor bere borondatearen aurka txertatzera? Askatasunaren izenean, nire jokabideekin besteren bizitza, edo osasun sistemaren egonkortasuna arriskuan jarri al nezake? Mugatu al liteke inoren bizimodua, gehiengoaren ongizatearen izenean? Zer da garrantzitsuagoa, bidaiatzeko edo festarako eskubidea, edo osasunerako eskubidea? Haurrak txertatu behar al ditugu, helduak parrandan ibili gaitezen?

Eta galdera hauen erantzuna politikoa da, zerbait egin beharra dago. Politikoa, hitzaren zentzurik zabalenean, pertsonen komunitate baten erabaki moduan ulertua, komunitate guztiaren parte hartzearekin. Erabaki zehatzak behar ditugu, etengabeko bai baina ez hau albora utzita, bere ondorioen jakitun, eta ondorio hauek onartuz.

P.D: Europan egindako ikerketek osasun langileon %25ek burn-out sindromea dugula dio, antsietateak eta ezinak menderatu gaituela. Alemanian, azken okerraldiaren aurrean, duten arazo handienetako bat osasun langileen gabezia da. Aurreko olatuetan lan egin dutenetako askok ezin dutela diote, ez direla gauza berriz ere sufrimendu horretatik pasatzeko. Eta oheak eta makinak izan arren, pazienteak zaintzeko langileak falta zaizkie. Eta hemen ere horrelako zerbait gertatuko balitz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.