Gerraren ekonomia Europako txoko askotara iritsi da, eta Alemania ez da salbu geratzen. BPG Barne produktu gordinaren %2a defentsan inbertitzeko konpromisoaren ostean, Alemaniako Gobernua etorkizun hurbileko guda berri baten inguruko abisuak bidaltzen ari da azkenaldian. Boris Pistorius Defentsa ministroaren arabera, 2020ko hamarkada amaitu baino lehen eztanda egin dezakeen gerra baterako prest egon behar du Europako Batasunak (EB). Horregatik, besteak beste, derrigorrezko zerbitzu militarra nola berrezarri pentsatzen ari da Europako lehen ekonomia. Amaitu dira Mendebaldearekin eta Ekialdearekin harreman politiko eta komertzial ezin hobeak izateko gai zen Alemania oparoaren garaiak. Ekilibrismoaren eta orekaren hamarkada arrakastatsuek kaput egin dute.
Horiek hala, Alemanian bunkerren inguruko sukar antzeko bat zabaldu da. Badaude bunker berriak eraikitzeko sortu diren segurtasun enpresa pribatuak, baita aterpe zaharrak egokitzeko prest agertu diren konpainiak ere. Alemanian Bigarren Mundu Gerrako eta Gerra Hotzeko milaka bunker daude oraindik. Batzuk abandonatuak; beste batzuk, berriz, turistentzako atrakzio bilakatuak. Hiriburuan, adibidez, Berliner Unterwelten (Lurpeko Berlin) izeneko elkarte batek bunker horietako asko zaharberritu ditu, transmisio historikoa ahalbidetzeko. 1997az geroztik, historialariz, arkeologoz eta kazetariz osatutako elkarteak lan itzela egin du Berlinen zeuden aterpeak identifikatu eta publikoari erakusteko. Elkarteak kalkulatzen du Berlinen bakarrik 3.000 bunker eta tunel historiko daudela.
Edonola ere, agian horietako batzuk benetako babesleku gisa berrerabili beharko dituzte berandu baino lehen. Batek daki. Hori da, behintzat, Alemaniako Barne Ministerioak herritarren artean zabaldu duen ideia. Izan ere, Alemaniako Gobernuak aplikazio berri bat sortu nahi du herritar guztiek deskarga dezaten, eta bertan babesleku gisa erabil daitezkeen bunkerren berri emango diete. Gobernuaren arabera, une honetan babesleku gisa erabil ahalko liratekeen 579 bunker daude. Gutxi gorabehera, 480.000 herritar babesteko gai dira horiek, baina ez dira nahikoak; Alemaniak 83 milioi biztanle ditu. Helburua da metro geltokiak eta bestelako azpiegitura publikoak atontzea, zerbitzu hori eman dezaten.
Alemaniako Defentsa ministroaren arabera, 2020ko hamarkada amaitu baino lehen, eztanda egin dezakeen gerra baterako prest egon behar du EBk
Alarmismoa? Herritar asko izututa daude gerra danbor etengabeekin, eta, beste askorentzat, prest egoteko modu bat da. Izan ere, dena ez da hor geratzen. Gobernuak herritarrak animatu nahi ditu haien sotoak eta garajeak birmoldatzera. Eta hori guztia, azken asteetan Mendebaldeko aliatuen eta Errusiaren arteko tonua dezente altxatu denean. NATO Nazioarteko Ipar Atlantikoko Erakundeko hainbat herrialdek Ukrainari haien irismen luzeko misilak erabiltzeko baimena eman ostean, Errusiako presidente Vladimir Putin ez da hitz erdika aritu, eta erasotzat jo du erabaki hori. Alemaniak ez dio Kievi misil horiek bidaltzeko baimenik eman; are gehiago, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek Putini egindako deia traiziotzat jo du Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Haatik, edozein momentutan denak eztanda egin dezakeen beldurra egon, badago.
Bitartean, Alemaniak Ukrainarentzako bake proposamen bat aurkeztu berri du. Scholzen gobernuaren arabera, Ukraina bitan banatuko litzateke, Alemaniari Gerra Hotzean gertatu zitzaion legez, eta Mendebaldeak berreraikuntza azkarra ahalbidetzeko Marshall Plan erraldoi bat jasoko luke NATOren eta Mendebaldeko aliatuen partetik. Berlingo planak ez du aurreikusten Kiev NATOn sartzea, baina aliatuen babes militarra jasoko luke. Ekialdea, berriz, Errusiaren orbitaren esku geratuko litzateke. Baina badaude Alemaniako armadaren bozeramaileek plazaratzen dituzten hainbat galdera nagusi: Non kokatuko lirateke muga horiek? Zer onartuko du Ukrainak?Jarraituko al luke Zelenskik? Hori dena, disuasioa indarra galtzen doan bitartean.