mikel p ansa
Katalunia

Bortizkeriaren bataila

2018ko apirilaren 6a
09:58
Entzun

Mailukada bat izan da Alemaniako justiziak Espainiakoari eman diona. Espainiarentzat zer nolako kolpea izan den konturatzeko, gogoratu besterik ez dago, Carles Puigdemont atxilotu zuten martxoaren 25 hartan, Madrilgo gobernuak zer kontatu zien hedabide guztiei: ona zela Alemanian atxilotu izana, Alemaniako eta Espainiako legeak ia igualak zirelako, eta Alemanian bazegoelako Espainiako zigor kodeko matxinada delituaren oso antzeko bat.

Bai. Espainiako eta Alemaniako legeak antzekoak dira gauza batzuetan. Baina justizia sistemak ez dira antzekoak. Antza.

Pablo Llarena Conde Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak auzia bere kargu hartu zuenean, eta auzipetuak prozesatzeko lehen autoa kaleratu zuenean —iazko azaro hasieran—, argi gelditu zen Kataluniako independentismoa zigortzeko auziaren muina zein izango zen: altxamendu bortitz bat izan zela frogatzen saiatzea.

Kanpoko behatzaile baten begietatik ikusita, zentzugabea dirudi Katalunian iazko irailean eta urrian jazo zirenak gertakari biolentoak izan ote ziren edo ez eztabaidatzen aritzea, baina jokoan dagoena zigorra da: Espainiako Gobernuak eta Espainiako justiziak zigor gogor eta eredugarriak nahi dituzte Kataluniaren independentzia prozesua sustatu zutenen kontra. Ahal bada, 25 urteko kartzela zigorrak: ez dadila beste inor ausartu haien urratsak jarraitzera.

Baina horretarako, matxinada delitua leporatu behar diete akusatuei. Eta hor hasten dira arazoak, matxinada delituak, matxinada delitu izan dadin, biolentziaren erabilera eskatzen duelako. "Altxamendu bortitz" bat ez bada egin, ezinezkoa da matxinadagatik zigortzea.

Llarenaren iazko azaroko autoaren parte handienaren kezka horixe zen: nola justifikatu biolentzia egon zela biolentzia egon ez zen lekuan. Saiatu zen magistratua: hasteko, aipatu zuen "altxamendu bortitzetan" ez dela zertan indar fisikoa erabili edo kalte fisikorik eragin. Bortitza zer den definitzeko, beraz, indarkeria fisikoaren faktorea erauzi zion epaileak kontzeptuari. Hor egin zuen lehen jauzia, bortitza zer den eta zer ez erabakita.

"Altxamendu publikoa bortitza izateko, ez da beharrezkoa min edo kalte egiteko gertaerak izatea pertsonen edo ondasunen kontra". Horrela idatzi zuen epaileak auto hartan. Are gehiago: esan zuen altxamendua "bortitz" gisa har daitekeela, "indar baten erakusketa eta indar hori erabiltzeko asmoa" erakusten den momentutik. Eta hor egin zuen bigarren jauzia, zerbaiten (ustezko) asmoa edukitzea bortizkeria gisa hartuta. Eta hirugarren jauzia horrekin batera eta aldi berean egin zuen, gertatu ez baina ustez gerta zitekeena delituaren muinean jarrita. Minority Report filma ekartzen du gogora.

Literatura egiten jarraitu zuen Llarenak auto hartan: "Ulertzen da, horrela, altxamendua bortitza dela, altxamendu hori, zalantzarik gabeko moduan, legalki eratutako botereak izutzera bideratzen bada, hala indar baten erabilera aktiboaren bidez, baita odol isurketarik gabea bada ere, nola indar hori erabiltzeko prestasuna modu publiko eta agerikoan agertzearen bidez".

Eta gero, egindako hiru jauzi horiek justifikatzeko, gertakari zerrenda bat zekarren autoak, berez biolentoak izan ez zirenak, baina epaileak adjektibo bortitzez aurkeztu zituenak testuan: traktoreen martxak, atxiloketen osteko herritarren elkarretaratzeak, Unipost enpresa miatzen ez uztea, poliziak lotan egondako hotelen "setioa", "enpresariei egindako mehatxuak", polizien autoak "txikitzea", urriaren 1eko "herri harresi" (sic) batzuen jarrera "aktiboa", bide mozketak... "Jarrera horiek guztiek adierazten dute hedatzea bilatzen ari zen hazi bortitza".

Hazi bortitza; horretan laburbiltzen da epailearen argudiaketa guztia: mobilizazioak baketsuak izan ziren, baina "hazi bortitza" zuten barnean. Eta horren segidan egin zuen epaileak laugarren jauzia: mobilizazio horiek guztiak, baketsuak izan arren, "leherketa sozial baten pizgailu gisa" aurkeztu zitezkeela erantsita.

Horra, bortizkeriarik gabeko ekintzak, bortizkeriaren hazi bihurtuta, eta, beraz, matxinadaren erakusle. Hori zen epailearen asmoa, bederen.

Argudiaketak arazo handiak zituen, eta nolabait indartu beharra zegoen. Orain arte agertu ez den indarkeriaren "hazi bortitz" hori erakutsi beharra zegoen. Eta horrela ulertzen da azkeneko egunetan CDRen aurka sortu den kanpaina. Errepideak edo trenbideak modu baketsuan okupatzea edo ordainlekuetako langak altxatzea biolentziaren sinonimo bihurtu dituzte Espainiako alderdi nagusiek, eta Auzitegi Nazionalak ikerketa hasi du berehala.

Independentisten indarkeriarik gabe, Madrilgo auzitegietako kontakizunak ez daukalako zentzurik. Bortizkeriaren kontakizunaren batailan sartua dago Madril.

Baina orain, Schleswig-Holsteingo hiru epaileek hankaz gora bota dute matxinada delituaren probabilitaterik txikiena ere. "Onartezintzat" jo dute Puigdemonti delitu hori egoztea.

Puigdemont baldintzapean aske uztea albistea da, bai. Baina askoz ere albiste gizenagoa da matxinada delituagatik hura zigortzeko aukerak lurperatzea. Espainiako justiziak, Kataluniako presidente ohia beregana ekartzea lortuko balu ere, ezingo lioke bizkarreratu 25 urteko kartzela zigorrik. Eta beste auzipetuak matxinadagatik zigortzeko bidea ere zaildu egingo dio: inork ez du ulertuko Puigdemont libre geldituko den (ustezko) delitu batengatik zigortzea gainerako auzipetuak.

Ez daude karta guztiak jokatuta, eta Espainiako Auzitegi Gorena eta Auzitegi Nazionala saiatuko dira beren kontakizuna indartzen, eta tematuko dira auzipetuei matxinada egozten. Llarena magistratuak ostiral honetan jakinarazi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiari galdera bat planteatuko diola; Alemaniako eta Espainiako fiskalak, berriz, aztertzen ari dira Schleswig-Holsteingo epaileek erabakiari helegite bat jartzea. Ez daude karta guztiak jokatuta, egia da. Baina Alemaniako justiziak oso zail jarri dio Espainiari bortizkeriaren kontakizunaren bataila. Mailukada bat izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.