Karguaz bihar zortzi jabetuko bada ere, Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidente hautatua hasi da agintzen, edo, hobeto esan, aginduak ematen. Asteartean egindako agerraldian munduan dituen arerioak sailkatu zituen, dituen asmoen lehentasunen arabera. Mexiko ez zuen kanpoan utzi. Narkoaren esanetara dagoen herrialde arriskutsua ei da Mexiko, Trumpen hitzetan, eta berriro ere mehatxu egin zuen: droga trafikoari eta migratzaileei zangotrabak ipini ezean, muga zerga oso larriak ezarriko dizkio hegoaldeko herrialdeari. Zaharrak berri.
Trump etengabean ari zaio bortitz Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteari. Hedabideetan ari zaio zorrotz, eta, oraingoz, hor bakarrik. Telefonoz birritan hitz egin dute biek iparraldekoak hauteskundeak irabazi zituenetik, eta, hitz egindakoez biek ala biek oso bertsio kontrajarriak eman badituzte ere, Trumpek gerora aitortuko zuenez, «emakume zoragarria» izan zuen solaskide hariaren bestaldean. Mehatxuka hasi zitzaionean, hori bai, mexikarrak gutuna igorri zion estatubatuarrari muga zergei muga zergekin erantzungo ziela aurreratuz, eta drogak eragindako biktimen aipuari, armek uzten dituzten hildakoak gogora ekarriz. Eta kito, horretara mugatu da bien artekoa. Garaipenaren ostean Trump marmarka hasi zenean, Sheinbaumek erantzun egin zion, eta berehala damutu zen, bestearen jokoan erori zelakoan. Horregatik igorri zion Trumpi aipatu gutuna, eta goizetako agerraldietako batean hitza eman zuen harekin ez zuela berriro eztabaidatuko, ez prentsa bidez.
Goiz hartako agerraldian Sheinbaumek ez zuen esan Trump ahobero bat zenik, baina bai enpresa munduan negozioak egitean oso jarrera bortitz eta erasokorrak baliatu ohi zituela, lehiakide oro hutseratu, eta bai ala bai irabazteko. Agintari mexikarraren aburuz, horixe bera egiten ari da herrialde bien arteko harremanetan, 2026. urteari begira. Urte horretan berrikusi beharko da Ipar Amerikako hiru herrialdeek hitzartuta daukaten USMCA deituriko merkataritza ituna, eta negoziazio mahaian Trumpek ahul nahi omen ditu sozio biak. Kanadako Gobernuarekin asmatu du. Ondo atera zaio jokaldia, Justin Trudeau lehen ministroak kargua utzi baitu asteon. Marcelo Ebrard Ekonomia sailburu mexikarrak aurreratu duenez, Kanadako gobernu berriak Trumpen aginduei men egin, eta bere egingo ditu haren egitasmoak. Ekonomiari lotutakoak bai antza, Kanada AEBetako 51. eskualdea izan dadin Trumpek azaldu asmoak oihartzun eskasa izan baitu kanadarren artean.
Ebrard sailburuak azaldu bezala, Mexikoko produktuei ezarritako %25eko muga zergaren balizko aplikazioaren benetako biktima AEBak izango dira, kontrolatu ezin izango duten inflazioa eragingo lukeelako. Ez luke gainera berebiziko eraginik izango Mexikon, hark bere ekoizpenaren %80 saltzen baitie Estatu Batuei, petrolioa barne, eta AEBek, berriz, Mexikori ekoizpenaren %20 pasatxo.
Ez hori bakarrik, Mexikoko Gobernuak gogoratu bezala, AEBetan bizi diren mexikarrek duten eragina erabatekoa da bertako ekonomian: urtero, bertan bizi diren eta nekazaritza, zerbitzuak eta eraikuntza bezalako sektoreetan lan egiten duten 37 milioi mexikarrek 324.000 milioi dolar ipintzen dituzte Ekonomia agintarien estatistika tauletan. Oraindik gehiago, mexikar horietako bakoitzak 1,30 dolar inguru ordaintzen ditu zergetan, gobernutik jasotzen dituen gastu sozialeko dolar bakoitzeko.
Orokorrean, mexikarren eragina handia da ekonomian, baina nekazaritza arloan erabatekoa da. Estatu Batuetan 10 nekazaritza langiletik zazpi mexikarrak dira. Nork hartuko du bere gain lan hori, beharrak dakarren soldata makalarekin, Trumpek agindu dituen deportazio masiboak gertatzen badira? Horixe azpimarratzen dute agintari mexikarrek, Trumpen mehatxuak aditzen dituztenean. Hala ere, onartu beharko du Sheinbaum presidentearen gobernuak aipatu irabaziak ez direla bakarrik AEBetako ekonomiarentzat: mugaz bestalde bizi diren mexikarrek 60.000 milioi dolar baino gehiago bidaltzen dizkiete urtero sorterrian utzi zituzten sendikoei. Zehatzago: 2023an, diru bidalketa 63.313 milioi dolarrekoa izan zen, urte berean petrolio sarrerekin Mexikok irabazitakoa baino 147 milioi gehiago.
Mexikoko Gobernuak gogoratu bezala, AEBetan bizi diren mexikarrek duten eragina erabatekoa da bertako ekonomian
Trumpen mehatxuak irmoak izan dira. Mehatxu ekonomikoak izan dira, eta militarrak ere bai. Muga zergak jartzeaz gain herrialde bien arteko muga erabat itxiko duela agindu du, behin eta berriro, migratzaileei eta fentaniloari bideak zarratzeko. Berriro esan du Mexikoko drogaren kartelak terroristatzat joko dituela, eta horiei eraso egingo diela, dauden tokian daudela. Eta azkena, Mexikoko Golkoari izena aldatu, eta Amerikako Golko izendatzea erabaki du. Bihar zortzi jakingo dugu horietarik zeintzuk beteko dituen eta zeintzuk ezingo dituen bete. Claudia Sheinbaum ere irmo dago zer jazoko zain, baina Trumpek jokabide probokatzailea duen bitartean, bere irmotasuna bateratzailea da.