Vladimir Putin agintari autokrata bilakatu aurretik, Aleksandr Lukaxenkok zeukan Europako azken diktadorea izengoitia. Bielorrusiako presidenteak agintean 30 urte bete berri ditu; seigarren bosturteko agintaldian dago eta zazpigarrena beteko duela dio, datorren urteko presidentetzarako hauteskundeak irabazi eta gero. Betiere, 70 urteko Lukaxekoren sasoi ona eta Putinen baimena direla medio, noski. Europako azken bi diktadoreen etorkizunak lotuta daude; alegia, boterean irauteko, ezinbestekoa du Lukaxenkok Putinen babesa. Azken 30 urteotan, Bielorrusia Errusiaren errepublika bat bilakatu da; Sobietar Batasunaren desagerpenak hamabost errepubliken deskolonizazioa eta independentzia ekarri zuen, Bielorrusiarena izan ezik. Herrialde hori, Errusiaren laguntza ekonomiko, politiko eta militarraren morroi bilakatu da.
1994. urtean Lukaxenkok lehen hauteskunde demokratikoak irabazi zituen. Lehenengo boz libreak izan ziren; baita azkenak ere. 2020ko hauteskundeak galdu eta gero, Bielorrusiako presidenteak aurrekaririk gabeko errepresioa aplikatu zuen Putinen gobernuaren laguntzarekin; gaur egun, 1.300 politikari, gizarte eragile eta kazetari espetxean daude erregimenaren kontrako iritziak emateagatik. 1999an, Boris Jeltsinek eta Lukaxenkok bi herrialdeen arteko batasun ituna sinatu zutenetik, Errusiak Bielorrusia anexionatuko duela aurreikusi zuten askok; baina ez da gauzatu, Bielorrusiako biztanleriaren gehiengoaren babesik ez duelako batasun horrek. Gauzak horrela, batasunean aurrera egiten ari dira bi estatuak apurka-apurka; azken adibidea, batasun militarra da: Lukaxenkoren egonkortasun politikoa bermatzearen truke, Errusiak Bielorrusia behartu egin du Errusiako arma nuklearrak bere lurraldean jartzera, Sobietar Batasunaren garaietan bezalaxe.
Azken 30 urteotan, Bielorrusia Errusiatik urruntzea eta Europako Batasunera (EB) hurbiltzea izan da Bruselaren estrategia. Horretarako, EBk merkataritza eta laguntza ekonomikoak erabili ditu gehienbat. Estrategia hori, ordea, bertan behera geratu zen 2022an, Errusiak Ukrainaren inbasio handia hasi zuenean. Inbasioan laguntzeagatik eta Europako Batasunera migratzaile kopuru handiak bultzatzeagatik, zigor berrien pean dago Lukaxenkoren erregimena. Bielorrusia galdutzat ematen dute Bruselan, Errusiaren menpe erori baita.
Bielorrusia Errusiatik aldentzeko ahaleginean Bruselak amore eman duen arren, badirudi Lukaxenkok ez duela galdutzat eman Europako Batasuna
Lukaxenkok urteak eman ditu Europako Batasunaren gustuko erabakiak hartzen, abantaila ekonomikoen truke; ohiko jokabidea izaten zen Moskurekin haserretzen zenean, Putinek diru laguntzak murrizten zizkionean, preso politiko batzuk askatzea Bruselaren onura ekonomikoren bat jasotzeko. Bielorrusia Errusiatik aldentzeko ahaleginean Bruselak amore eman duen arren, badirudi Lukaxenkok ez duela galdutzat eman Europako Batasuna. Turismo diplomazia delakoaren barruan kokatu daitekeen ekimen bat martxan jarri berri du. Bielorrusiara bisarik gabe sartzeko baimena eman die Minskeko gobernuak Europako 35 herrialdetako herritarrei, tartean Europako Batasunekoei. EBko gobernuen debekuei muzin eginez Bielorrusiara oporretan zenbat turista europar joango diren ikusteko dago, baina erabakiak bi helburu ditu izango: Europako Batasuneko iritzi publikoaren artean Bielorrusiaren irudi ezkorra aldatzea eta Moskuri erakustea Minskeko gobernuak ez duela erabat galdu bere subiranotasun diplomatikoa.
2018an Minsk, Polatsken edo Belavezhkaian turismo jasangarria bultzatzeko, Europako Batasunak Lukaxenkoren gobernuari milioi eta erdi euro eman zizkion. EBren diru laguntzekin kultur eta turismo guneetan egindako hobekuntzak han egongo dira oraindik, azken urtean bikoiztu egin diren Errusiako turisten gozamenerako.