Ez da oraingo kontua EB Europako Batasunak bere mugetatik kanpo kudeatu nahi izatea migrazioaren auzia: 2015eko errefuxiatuen krisiaren ondoren, Libiarengana jo zuen 2017an, han migratzaileentzako zentroak eraikitzeko eta kostaldeko mugazainak indartzeko, milioika euroren truke. Ordutik, antzerako akordioak adostu nahian aritu da Afrika iparraldeko beste hainbat herrialderekin; kasurako, Marokorekin. Horrela, ibilian-ibilian, jokoa menperatzeko trikimailuak ikasten ari da EB. Hein batean, Erresuma Batuko Gobernuak 2022an Ruandarekin adostutako deportazio planaren porrotak erakutsi dio bidea. Toryen egitasmoak birritan egin behar izan zien aurre prozesu judizialei, eta birritan egin zuen huts: aurrena, Ruandarantz ateratzekoa zen lehen hegaldia debekatu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, 2022ko ekainean; gero, akordioa legez kanpokotzat jo zuen Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, iazko azaroan. Bi auzitegiek argudio bera aipatu zuten deportazio planaren aurka emandako ebazpenetan: ezin zela bermatu Ruandan migranteen giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuko zituztenik, eta Ruanda ez zela «herrialde seguru bat».
Nolanahi ere, Europar Kontseiluko goi bilkuraren lehen egunean hainbat agintarik egindako adierazpenei erreparatuta, irudi du herrialde batzuek ez dutela, oraindik, irakaspenik ikasi; Alemaniak eta Herbehereek, kasurako. Asilorako baimenik lortzen ez duten migranteak Afganistango zentroetara bidaltzeko plan bat ontzen ari da aurrena; migratzaileak Ugandara bidaltzeko aukerak aztertzen bestea. Nahiz eta Herbehereetako lehen ministro Dick Schoofek aitortu duen, gaur, «zailtasun handienetako bat» izango dela gisa horretako migrazio itun batek nazioarteko zuzenbidea beteko duela bermatzea.
Eta horixe da, hain justu, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Italiaren eta Albaniaren arteko akordioan aurkitu duen zirrikitua. Albania ez dago talde komunitarioaren ligan, baina herrialde europar bat da, funtsean, eta horrek bide ematen die estatu kideetako ordezkariei ahoan bilorik gabe esateko akordioak ez diela «eragiten» herrialde batetik bestera eramango dituzten migranteen eskubideei, Albanian «Europako balioak» gailenduko direlako. Hala esan du, hain zuzen, Matteo Piantedosi Italiako Barne ministroak, asteon, eta harro jakinarazi du, gainera, dagoeneko hamabost herrialdek adierazi dutela akordioaren inguruko «interesa».
Albania ez dago talde komunitarioaren ligan, baina herrialde europar bat da, funtsean, eta horrek bide ematen die estatu kideetako ordezkariei ahoan bilorik gabe esateko akordioak ez diela eragiten migranteen eskubideei
Bost urterako kontratua adostu dute Italiak eta Albaniak, eta, denera, 670 milioi euroko kostua izango du Italiako Gobernuarentzat. Diruaz gain, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren promesa bati heltzen dio Albaniako Gobernuak: bere esku dagoen guztia egingo duela Albania EBn sartzea ahalbidetzeko. Horiek hala, itun hori errepikatu zitekeen, luze gabe, Frantziaren eta Georgiaren artean, edo Irlandaren eta Moldaviaren artean, edo Belgikaren eta Serbiaren artean, hau da, dagoeneko EBko kide den eta kide izan nahi duen estatu baten artean. Kasualitatea izan zitekeen, edo talde komunitarioan sartzeko ordaindu beharreko bidesaria.