arantxa elizegi egilegor

Bidesaria

2024ko maiatzaren 13a
09:47
Entzun

Gauza batean arrazoi du PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako buru Salvador Illak: aro aldaketa heldu da Kataluniara. Independentistek 74 eserleku zituzten, eta 61 dituzte orain —eskuin muturreko Aliantza Katalanaren bi eserlekuak gehituta—; PPk azken urteetako emaitza onenak lortu ditu, lehen zituen eserlekuak halako bost; horri gehitu behar zaio Voxek eutsi egin diela duela lau urteko emaitzei; eta, muturrerago joanda, Aliantza Katalana sendotu egin da bere jaioterrian, Ripollen. Testuinguru horretan bi argazki nabarmen izan zituen igande gauak: sozialisten emaitza historikoa, 42 eserleku —1999an soilik gainditu zuten kopuru hori, Pasqual Maragallekin—, eta ERC Esquerra Republicanaren kolpea, 13 eserleku galduta.

Garestia izan da Pere Aragonesek hauteskundeak aurreratzeagatik ordaindu beharreko bidesaria —honek guztiak hausnarketa sakona egitera ere behartu beharko luke ERC—. Generalitateko jarduneko presidentearena izan zen erabakia, Comuns Sumarrekoek aurrekontuei babesa kendu izanaren ondorioz hartua, eta haiek ere pagatu dute egindakoa, bi ordezkari gutxiago izango baitituzte legebiltzarrean. Gaizki egindakoak zuzendu nahian edo, Jessica Albiachek berehala egin du lehen urratsa, eta esan du ezkerreko gobernua osatzeko prest daudela, PSC eta ERCrekin. Batuketa perfektua litzateke hori Illarentzat; ez, ordea, Aragonesentzat. Jarduneko presidenteari ez zaio komeni Illa buru duen gobernu baten itzalean egotea, koalizioaren lorpenak buruzagi sozialistaren izenean joango bailirateke, eta hutsegiteak hiru alderdiek bere gain hartu beharko bailituzkete. Horrez gain, ez da ahaztu behar Europako hauteskundeak ate joka dituztela eta halako akordio bati men egiteak ez diela mesederik egingo, batez ere kontuan hartuta aurrez behin baino gehiagotan esana duela Aragonesek berak «egungo PSCrekin» ez dela posible akordiorik egitea, ez behintzat koalizio baterako. Hor dago koska.

Emaitzen berri jakin eta gutxira berretsi zuen Aragonesek ERC «oposizioan» egongo dela, baina ez zuen erabat baztertu Illaren inbestidura saioan haren alde egitea. Pauso hori egiteko argudio onak izango lituzke ERCko buruak; izan ere, modu horretan saihestu egingo luke abuztuaren 25ean berriz ere hauteskundeetara deitzea, eta, aldi berean, ezkerreko gobernuaren politikak baldintzatu ahal izango lituzke Esquerraren sostenguaren truke; alegia, bera litzateke agintaldirako giltza —bide batez, Illak Sanchezen ereduari jarraitu beharko lioke, eta malabarismoak egin legegintzaldia osatu nahiko balu—. Bestetik, inbestidura babestuta, Juntseko zerrendaburu Carles Puigdemont oposiziora joatera behartuko luke. Baina bada beste aukerarik ere, gobernuan sartu ez arren PSCri legegintzaldia bermatzeko akordioa hitzartzea, esaterako, aurrekontuak babestera konprometituz; elkarlana zenbateraino konprometitu nahi duen, ordea, ondo neurtu beharko du ERCk, berriz ere estropezu egin nahi ez badu bederen.

Badu zer pentsatua Puigdemontek ere. Juntsek gora egin du, bai, baina ez du esperotako babesik izan; are gehiago, haren eta Illaren arteko talkak protagonismoa kendu die gainontzeko alderdiei, eta polarizatu egin du botoa, ezkerraren kaltetan. CUPek berak kolpe gogorra hartu du. Birfundazio prozesu betean zegoen alderdia Aragonesek bozak aurreratzea erabaki zuenean, eta ezin izan diote kanpainari behar bezala eutsi; ondorioz, nabarmen atzera egin dute ordezkaritzan.

Irudikaezin diruditen akordioei begiratzen hasita, baina, bada beste aukera bat, bart gauean Puigdemontek berak iradoki zuena, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Illari presio egitea Puigdemonti presidentetza utz diezaion, Junts per Catalunyak Sanchezi ematen dion babesari eustearren. Testuinguru hori, ordea, errealistagoa zatekeen PSCk emaitza okerragoak lortu izan balitu, baina 42 eserlekurekin? Illari erretiroa hartzeko eskatzearen pareko litzateke. Beraz, ez dirudi, oraingoz behintzat, Puigdemonti alfonbra gorririk jarriko diotenik Generalitatera sartzeko, baldin eta erbestetik itzultzen bada.

Beste alternatiba? Hauteskundeak berriz egitea. Baina horrek, inori mesede egitekotan, eskuinari egingo lioke mesede, nabarmen geratuko bailitzateke ezkerreko alderdiak eta independentistak ez direla gai akordioak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.