Joe Biden ez da Donald Trump. Biden ez da Barack Obama ere: hau baino askoz ausartago, bakezaleago, egiatiago, behartsuen aldekoagoa da.
Lau presidente egon dira hogei urtean zehar Afganistango gerraren amaiera agintzen. Bidenek bakarrik izan du amaitzeko ausardia. Horretarako botere militar ahalguztidunaren aurka altxatu beharra zeukan. Industria militarrak ez du bakarrik eskuinaren babesa; demokrata eta komunikabide «liberal» diren asko ere prest egoten dira jeneral militarrek esandako edozein gezur irensteko. Eta garbi gelditu da Afganistango gerra, lehen nahiko nabarmena ez bazen, hogei urteko gezur handi bat izan dela. Komunikabide «liberal» horiek ere, isilean inperio amerikarraren militarismo ideologikoa guztiz onartzen dutenak, ez diote barkatu Bideni bere atrebentzia. Eskerrak publiko amerikarra bere alde duen.
Bernie Sanders edo Elizabeth Warrenen aldeko ginenok ez genuen Biden gogoko. Bere senatuko urte luzeetan gerra guztien alde eman zuen botoa. Irakeko gerra zorigaiztokoaren alde berea izan zen boto demokrata aitzindaria. Baina presidente jarri zenetik bere ausardiak ezustean harrapatu du ezkerra: Sandersi botere apartekoa eman dio eta honen politikak ari da goitik behera aplikatzen.
Egun bakoitzean, eta hogei urtean zehar, 300 miloi dolar gastatu dira Afganistanen. Hor eta beste nazioetan, 2001eko iraileko erasoen ondorengo «terrorearen aurkako gerran» sei bilioi inguru gastatu dira. Hauetxek dira, sei bilioi, Bidenek orain klase behartsuen alde aurrekontu publikoetatik lortu nahi dituen laguntza sustagarriak, nahiz eta demokraten kongresuko eta senatuko kontrola ozta-oztakoa izan. Dagoeneko 2,8 bilioi lortu ditu eta beste 3,5 bilioi lortzeko unean dago (demokratak ez datoz denak bat baina badakite hau lortzen ez badute hurrengo hauteskundetan Trump edo bere jarraitzaileren batek irabaziko duela). Konparazio bezala, Obamak 2008ko krisi ekonomiko larrian lortutakoa, eta kongresua eta senatua demokraten kontrolpe sendoan egonik, bilioi bakarrera ez zen iritsi. Ronald Reaganen garaiaren ondoren, gero eta nabarmenago aberatsen alde nagusitu den paradigma ekonomikoaren iraultza suposatuko luke. Biden/Sandersen inbertsio masiboak azpiegituretan eta laguntza sozialetan gauzatuz gero, Ameriketako Estatu Batuak beste nazio aurreratuen pare jarriko lirateke doako eskolaurreko irakaskuntzan eta osasun arreta programetan.
Paradigma ekonomikoa aldatzeko paradigma militarra ere aldatu beharra du Bidenek: Afganistanen egunero 300 milioi inora ez doan gerran gastatzen badira, errepideak konpontzeko eta haur hezkuntza libre bat izateko dirurik ez dago. Oinarrizkoa dirudi, baina bira politiko hori da, hain zuzen, gizarte estatubatuarrarentzat ia ezinezkoa dirudiena. Gerra Hotzaren ondoren, inperioaren eta salbuespenezko nazioaren ideologia hain nagusia baita. Trumpismoak ekarri duen tuneletik ihes egiteko modu bakarra, ezker estatubatuarrak ez du zalantzarik, Bidenen presidentetzak arrakasta izatea da.
Izango al du arrakastarik Bidenek bira politiko hori gauzatzen? Urruneko gerrak ez direla etorkizuneko bidea aldarrikatu arren, Bidenek droneen erabilpena, «ostertzaren gainean» dagoen irtenbide militarra, onartu du Afganistandik erretiratze ondorengo hitzaldian. Horrela hasi zen Obama ere: ez zituen bere aurreko George W. Bushen antzera ehunka mila hilko gerra konbentzionaletan, baina salbuespen bat gordeko zuen patrikan: mila bat edo beste bakarrik hilko zituen droneen bidez; gizontasun patentea aseguratzen zuen, eskuinak bakezale koldar horietako bat izatea leporatzen zionerako.
Badirudi Bidenek ere estatubatuar militarismoari «traizioa» egin ondoren droneen eta teknologia berrien gerra hartuko duela babes bezala jeneral gerrazaleen aurrean. (Pasa den asteburuan Kabulen egindako erasoa da lekuko: azken orduetan eta eraso terroristaren mehatxupean, Estatu Islamikoko kideak zirelakoan familia zibil bateko hamar kide hil zituzten, hutsegitez). Baina gauza bat da teknologia horien baliabidea armadaren arsenalean onartzea, eta bestea horretaz egiten den erabilpena. Bidenen lehen zazpi hilabeteetan droneen programa «aztergai» eta geldirik egon da (Obamak lehen unetik hamar aldiz biderkatu zuen Bushen droneentzako programa). Beraz, ikusteko dago oraindik zer neurritan erabiliko duen Bidenek droneen gerra.
Besteak beste, bada zerbait Bidenen gerrazaletasuna sakonean aldarazi zuena: bere semeak Irakeko gerran borrokatu zuen eta handik itzultzean buruan sortutako minbiziak hil zuen. Beste hainbesteren kasuetan bezala, zerbitzu militarrak eragindako gaitza izan zela irmo uste du Bidenek. Obamak, bere presidentetzaren hasieran, armadaren eta CIAren presiopean, Afganistanera 30.000 tropa bidali zituen gerra suspertzeko. Biden izan zuen kontra aholkatu zion bakarra: «Entzun eidazu, nagusi», esan zion Obamari, «Agian ni luzeegi bizi izan naiz hiri honetan, baina dakidan gauza bat hauxe da: jeneral hauek nola saiatzen diren presidente berri bat paretaren kontra jartzen». Eta aurpegira hurbilduz xuxurlatu zion: «Ez iezaiezu utzi euren oztopoekin zu geldiarazten».
Biden ere, Afganistan utzi ala ez erabakiaren aurrean, paretaren kontra jarri du botere eta ideologia militar osoak. Baina ez dute geldiarazi. Jeneral guztiak baino indar gehiagoko norbait zuen bere ondoan: seme hilaren presentzia. Bidenen adoreak mugarri bat jarri dio Trumpen ondorengo aroari.
ANALISIA
Bidenen ausardia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu