Bizitza profesionalak, eta nola ez pertsonalak, aukera eskaini ohi digu gure ibilbidean eta pentsamoldean eragingo duten aditu eta arituekin topo egiteko. Zerrenda luze samarra egin ahalko nuke momentu batean edo bestean miretsi ditudan bidelagunekin, gogoan ditut irakurketen eta kongresuen bitartez ezagutu ditudan izen handiak edota ikerketako gorabeheretan lagun izan ditudan hurbilagoko ikerlariak. Hala ere, gaur bereziki gogoratu nahi nituzke han eta hemen ezagutu ditudan irakasleak, zeintzuek lagundu didaten nire egia txikiak zalantzan jartzen, ñabardurak behatzen, galdera berriak egiten eta horiei erantzuna bilatzen.
Bereziki miresten eta errespetatzen ditut azken urteotan erretiroa hartzen ari diren maisu-maistrak. Belaunaldi horrek ezer gutxi zegoen lekutik dena sortu zuen frankismo osteko hamarkada mugitu haietan. Garai hartan ume ginenok ez ginen guztiz jabetu zer-nolako lan eskerga egin zuten maisu-maistra gazte haiek guri hezkuntza modu desberdin eta hobeago bat eskaintzeko. Haietako batzuen gaztetako kontuak entzunda antzeman ahal dugu garai hartan irakasle gazte izateak eskatzen zuen pasioa eta indarra: formazio bidaiak antolatzeko diru-bilketak etxez etxe, auzolanean eraikitako ikastolak, herriko kultur ekintzen antolaketa, gurasoentzako kontzientziazio eta prestakuntza saioak, euskarazko material didaktiko berrien sorkuntza... Zalantzarik gabe euskal hezkuntzaren historia errotik aldatu zuen haien jardunak, ez ziren konformatu eskolak euskaraz ematearekin, han eta hemengo esperientzia pedagogiko esanguratsuak ekarri eta esperimentatu zituzten gure eskoletan, eta denborak erakutsi du lan bikaina egin zutela.
Azken lerro hauek erabili nahi nituzke, hain zuzen ere, irakasle handi horietako bat gogoratzeko. Ostiral arratsaldez jaso genuen berria Iruñetik, Aitor Etxarte Berezibar eraman du koronabirusak. Hegoalde ikastolan 90eko hamarkadatik aurrera hizkuntzaren lanketaren bueltan egiten ari ziren lana dela-eta izan nuen Aitorren berri. Oraindik ere gutako askorentzat erreferentziazkoa den proiektua da hori, berritzailea, ausarta, kolektiboa. Urte batzuk geroago, debatearen irakaskuntzaz ikertzeko irakasle konplizeak behar genituelarik, bere gelako ateak ireki zizkigun, eskuzabal, eta ikasleekin zituen egiteko modu finak guretzat hizketagai eta inspirazio izan dira. Ez daukat zalantzarik beste gauza askorengatik ere gogoratua izango dela Aitor, baina hemen gogoratu nahi nuke Euskal Herriak hezkuntza sistema hobeago bat izan dezan euren onena eskaini digun belaunaldiko kide gisa. Orain guri dagokigu haiek urraturiko bideari jarraibidea ematea, aurrez aurre ditugun erronka zahar eta berriei sormenez eta kemenez heltzen jarraitzea, eta amestutako euskal hezkuntza eraikitzeko bide horri eurek beste pasioz eta indarrez eustea, horrenbeste zor diegu-eta.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Bide urratzaileoi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu