Poz eztanda bat izan da Die Linkeren Neukolln barrutiko hauteskunde gaueko ekitaldian pantaila batean lehen emaitzak azaldu eta ezkerreko alderdiari botoen %8etik gora eman dizkietenean. Ez da harritzekoa, duela hilabete gutxi batzuk hanka bat eta erdi Bundestagetik kanpo baitzuten. «Bai, baina eskuinak irabazi du», eten du militante beterano batek. Inguruan gazteak dira nagusi, inkestei erreparatuz gero Die Linke izan baita 30 urtetik beherakoen artean boto gehien bildu duen alderdia.
Zentro-ezkerra nagusi zen gobernu bati eskuina nagusi den gobernu batek jarraituko dio Berlinen. Parlamentuaren aritmetikak dio Friedrich Merz CDU-CSU batasuneko kantzilergaiak ezkerrera begiratu beharko duela koalizio gobernu bat osatzeko, SPD alderdi sozialdemokratarekin ziur aski. Baina begi bat are eskuinerago duela gobernatu nahiko du, gertu sentitzen baitu AfD alderdi ultraeskuindarraren hatsa. Bost hautesletik batek eman dio botoa eskuin muturrari Alemania osoan; ekialdean, berriz, hirutik batek.

Berez, CDUk jada egin ditu pare bat urrats eskuinera Angela Merkelek utzi zuenetik, eta horren seinale da migrazioa bihurtu duela bere kanpainaren gai nagusi. Halakoetan ohikoa den moduan, ez du lortu eskuin muturra ahultzea, nahiz eta izango den argudiatzen duenik bere mezua gogortzeari esker AfD %20ren bueltan geratu dela, eta ez gorago.
Merzek agindu du inolaz ere ez duela itunik egingo AfDrekin. Badaki hori egiteak hautsi egingo lukeela bere taldea, herrialdearen historiaren ondorioz Alemaniako eskuina ez baita, oraindik, Europako herrialde gehienetako eskuina bezalakoa. Baina urtarrilaren amaieran, lehen aldiz, ultraeskuinarekin —eta ustez ezkerrekoa den BSWrekin— batera bozkatu zuen immigrazio politika gogortzeko eskatzeko, eta, behin ate hori irekita, oso zaila da berriro ongi ixtea.
Errefuxiatuak eta NATO
Zer ekar dezake CDU-CSU buru duen gobernu batek? Mezu eta politika gogorragoak errefuxiatuei begira, zerga jaitsiera bat, geldialdia energia trantsiziorako inbertsioetan, eta aldaketa gutxi etxebizitza politikan.
Kanpora begira, baliteke Taurus misilek Ukrainarako bidea hartzea orain —arlo horretan Scholzek baino eragozpen gutxiago baititu Merzek—, eta baliteke gobernuak jarrera gogorragoa hartzea Txinarekin.
Baina bere agintaldiko gai nagusietako bat AEBekiko jarrera izango da. AEBzalea izan da beti Merz, eta hango bi konpainiarentzat egin zuen lan politika utzi eta enpresetako abokatu lanetan aberastu zen urteetan. Baina Donald Trumpen bigarren etorrerak Washingtonengandik pixka bat urruntzera behartu du. Azken egunotan, esan du Alemania Frantziaren eta Erresuma Batuaren arma nuklearren «bapespean» jartzea aztertu behar duela. Hauteskunde gauean hautagai nagusiek batera egiten duten telebista saioan, are urrunago joan da: «Ez nuen uste halako zerbait esango beharko nuenik inoiz, baina Trumpen azken adierazpenen ondoren, oso garbi geratu da estatubatuarrei bost axola zaiela Europaren patua». Horiek horrela, «AEBengandiko independentzia» lortzera deitu ditu europarrak.