Ane irazabal
Leku-lekutan

Berlin, Errusiako oposizioaren egoitza berria

2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Errusiaren arteko presoen truke historikoak Gerra Hotzeko haizeak ekarri ditu Alemaniara. Azkenaldian ez da beste ezertaz hitz egiten. Espioitza kasuek eta herrialdearen baitan atxilotutako ustezko espioien epaiketek gora egin dute, eta preso trukeko protagonistarik polemikoena Alemaniako espetxe batetik atera da. Vadim Krasikov errusiarra bizi osoko kartzela zigorra betetzen ari zen, 2019an Berlingo Tiergarten parkean Zelimkhan Khangoshvili txetxeniarra tiroz hiltzeagatik. Krasikov aske uzteagatik, gobernuak hamaika kritika jasan behar izan ditu, eta Olaf Scholzek onartu behar izan du erabaki «mingarria» izan dela, bestelako argibiderik eman gabe.

Bestalde, Alemania Errusiako oposizioaren babesleku berria bilakatu da Putinek disidenteen aurkako politika gogortu zuenetik. Ez da kasualitatea Ilya Yashin opositoreak Berlinen egin izana aske geratu osteko lehen ekitaldia. Bi mila bat pertsonaren aurrean, gehienak Alemaniako hiriburuan bizi diren errusiarrak, Yashinek argi esan du erbestetik Putinen aurka lan egiten jarraituko duela. Baina zergatik Alemanian? Ukrainako maila handiko gerra abiarazi zenetik, Scholzen gobernuak babes politikoa eskaini die Errusiatik erbesteratutako soldadu ohiei eta opositoreei. Yashinek Mauer Park edo Harresiaren Parke ikonikoan egin du bere lehen ekitaldi publikoa, eta trukean aske geratu den Vladimir Kara-Murza idazlearen ama izan du berarekin. Askorentzat Aleksei Navalniren oinordeko politikoa da Yashin; nolabait, Errusiako oposizioaren lider berria. Eta Alemaniak babes osoa eskaini dio.

2020an, Angela Merkelen aginduz, Berlingo Charitè erietxean sendatu zuten larriki pozoituta zegoen Navalni, eta hil ostean bere fundazioaren egoitza bilakatu da Berlin. Horregatik, oposizio errusiarra babestuta sentitzen da Alemaniako hiriburuan. Yashinen arabera, Scholzen gobernuak «dilema etiko handia» izan du Krasikov aske uzteko, eta eskerrak eman dizkio Ukrainari, eskainitako babesarengatik.

Nolanahi ere, Yashinen ekitaldian agerpena egin dute Putini babesa erakutsi dioten Errusiako herritarrek. Historikoki, Berlinek komunitate errusiar handia izan du hiriaren idiosinkrasia partikularrarengatik, bereziki, ekialde sozialistak Sobiet Batasunarekin zuen ildo zuzenarengatik. Baina Alemaniaren eta Errusiaren arteko harreman pribilegiatuak bere unerik okerrenean daude hainbat hamarkadatan Ostpolitik estrategia babestu eta Ekialdearekin sare ekonomikoak eta politikoak zaindu ostean.

Ukrainatik eta Errusiatik ihes egindako milaka pertsonaren etxea bilakatu da Berlin, eta, halere, alemaniarren artean Ukrainarenganako babesa hozten ari da.

Azken bi urteetan, Ukrainatik eta Errusiatik ihes egindako milaka pertsonaren etxea bilakatu da Berlin, eta, halere, alemaniarren artean Ukrainarenganako babesa hozten ari da. Scholzen gobernuak Europa osoari eragin diezaiokeen gerra hotsak ozenki xaxatzen dituen bitartean, Destatis estatistika agentziak publikatutako inkestek argi uzten dute herritarrak Ukrainari gero eta arma sofistikatuagoak bildatzeko erabakiaren beldur direla. Bestalde, Scholzek bere desadostasuna erakutsi du Kievek arma alemaniarrak erabili dituelako Kurskeko operazio militarrean; alegia, ofentsiban, eta ez defentsan oinarritutako operazioan.

Testuinguru horretan guztian, Alemaniako zerbitzu sekretuek ehunka sarekada egin dituzte Errusiako edo Txinako zerbitzu sekretuentzat lan egiteaz akusatuta dauden ustezko espioien aurka. Gainera, Nancy Faeser Barne ministroak ohartarazi du sabotaje edo eraso berrietarako prestatuta egon beharra dagoela. Aurki bi urte beteko dira Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbideen aurkako erasoak egin zirenetik, eta orain arte egin den ikerketa zehatzenak, Der Spiegel egunkariak egindakoak, Ukrainako pistari jarraitu behar zaiola dio. Azpiegitura estrategikoak alde bateko zein besteko jomuga bilakatu dira hibridotzat jotzen den gerra testuinguru berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.