Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Hauteskundeen biharamuna. Espainia. ANALISIA

Berandu baino lehen

2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Lehenago egin besterik ez zuten. Zergatik beste hauteskunde batzuetara deitu? Zenbat eztabaida, zenbat gaitzespen, harrokeria, handiuste. Zenbat antzerki? PSOEk eta Unidas Podemosek hilabete luzeetan hitzartu ezin izan zutena egin dute egun eskas batean. Bi alderdietako ordezkariak pozik daude, gertura ezinak ziruditenen jarrerak aurrera egiteko prestasunez josiak, eta haiei begira milaka eta milaka herritar, tentel aurpegiarekin.

Nola zurituko dute aurretik egin ez izanaren azalpena? Ez da beharrezkoa izango, orain ez baita xehetasun horietan sartzeko garaia, etorkizun oparoari begiratzekoa baizik. Aitzakia hauxe Sanchezek jarri duena: ia-ia egina zuten aurrekoan, baina azkenean ezinezkoa izan zen. Orain, berriz, bat-bateko poztasuna eta elkarren arteko miresmena sentitu, eta ez dute minutu bat ere galdu. Argi utzi dute: koalizio gobernua egongo da legebiltzarraren gehiengoak hala nahi badu, eta gobernu hori progresista izango da, «nahi eta nahi ez».

Pedro Sanchezek zentsura mozioa irabazi zuenetik izan duen jarrera aldaketaren hertsitasunak ez zion zirrikitu askorik uzten Unidas Podemosekin beste saiakera bat egiteari. Hauteskundeak gertu zeudela, PPren abstentzioaren bila joateak zirudien egingarriena. Pablo Casadok bozen gauean ere ez zion atea itxi aukera horri. Sanchez eta alderdikideak, ordea, «gobernu progresista nahi eta nahi ez» esaten hasi ziren gau hartan bertan, eta efektu kolpea eman zuten atzo, egun batean zalapartarik eta antzerkirik gabe akordioa itxi eta aurrea hartuz oposizioari.

Ciudadanos ezerezean, eta Voxek bateria kargatua duela, PPren «jarrera zentzuduna» arriskutsua izan zitekeen sozialistentzat, kontserbadoreek, gobernua osatzen utzita, oposiziotik eta estatu arduraren izenean, hura higatuz joateko posizio sendoa har baitzezaketen. Orain zailagoa du Voxen bozgorailuarekin lehiatzea, eta botoak emango dizkion oposizioa egitea.

Hemendik aurrera babesen kapitulua ixtea geratuko zaio balizko gobernu koalizioari. Mas Pais eta EAJ hor izango ditu, eta babesen kopurua 168ra hel daiteke, hainbat alderdi txiki lotuz gero. Zazpi botoren faltan geratuko litzateke Sanchez lehen bozketan, eta bigarrenean hamabost abstentzio beharko lituzke. Ciudadanosen hamar diputatuak abstenituta ere —ezezkoa emango du— ERCren edota EH Bilduren abstentzioa beharko luke. Zentsura mozioan bezala, ezinbestekoak lirateke.

Joan den igandetik aurreikus zitekeen gauza bakarra zen aurreko hauteskundeek utzitako blokeo egoera bera gertatuko zela, ezker-eskuin blokeak antzeko geratuko zirelako, baina besteak beste eskuin muturraren gorakada izugarriaren ondorioz, gauzak aldatu egin dira, eta gehiago alda daitezke. Espainiako ezker blokeak horregatik bilakatu omen du lehen «aukera historikoa» zena «behar historiko». Eta alderdi independentisten gain geratuko da inbestidura ez oztopatzeko beharra. Baikortasunerako arrazoirik ez badute ere, inoiz ez dela berandu pentsatzea beste aukerarik ez baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.