Zuhurtzia eskatu zien Claudia Sheimbaum presidenteak mexikarrei, «burua hotz» bere hitzetan. Orain artean, behinik behin, estrategiak atarramentu ona izan du, Donald Trump agintari estatubatuarraren apetaldien aurrean. Iparraldekoak hauteskundeak irabazi eta mehatxuak tiroak balira bezala botatzen hasi zenetik, mexikarrak argi utzi zuen ez zitzaiola esaten zuenari kasu egin behar, egiten zuenari baizik. Eta asmatu du, antza. Atzo zortzi Mexikotik jasotako produktuei %25eko muga zergak ezartzeko sinatutako agindua indarrik gabe utzi zuen Trumpek astelehenean bertan, Sheinbaumekin telefonoz ordu erdiz hitz egin ondoren. Trukean, hamar mila soldadu iparraldeko muga zaintzera bidaliko zituela agindu zion presidente mexikarrak.
Muga alde bietatik militarizatzea ederra izan daiteke mundua arerioz beteta ikusten dutenentzat. Baina ez du askorik balio izango bermatzeko fentanilo pilulak ez direla, orain arte bezala, Mexikoko muga zeharkatu ondoren AEBetako kaleetara helduko. Garaipen estetikoa Trumpena, ezbairik gabe. Muga zergen ezarpena hilabetez atzeratuko zela jakinarazteko Sheinbaumek idatzitako agirian, presidenteak hainbat gauza nabarmendu nahi izan zituen: hasteko, ordura arte migrazioaren auzia lantzeko asmoz herrialde biek osatuta zuten goi mailako lantaldearen antzeko beste bi osatuko zirela, segurtasuna eta merkataritza arloetan hain zuzen.
Segurtasunari dagokionez, Sheinbaumek ez zuen esan baina bai iradoki, telefonoz izandako solasaldian, gola sartu ziola iparraldekoari. Zergatik gola? Trumpek bere bakarrizketaldietan migratzaileak eta fentaniloaren legez kanpoko trafikoa aipatu ohi dituelako, mexikarrenganako duen gorrotoa zuritu eta muga-zergak arrazoitzeko; eta ahaztu egiten zaio, edo ez du aintzat hartu nahi izaten, muga beretik baina kontrako norabidean pasatzen direla urtero milaka eta milaka arma, Mexikoko talde kriminalen eskuetan bukatzen dutenak, mexikarren zorigaitzerako. Isil-hizketa solasaldi izan zen horretan, Sheinbaumek ez zion otzan erantzun, eta Trumpek berak gero aitortuko zuenez, oso modu lasaian bezain irmoan aurpegiratuko zion armen auzia, eta Trumpek solaskideari eskatu konpromisoa hartu behar izan zuen, telefonoa eskegi aurretik. Ziur aski ez du askorako balio izango, eta fentaniloak bidea egingo duen bezala, arma astunek asmatuko dute kartelen eskuetara heltzen, baina gola da neurri batean gobernu mexikarrarentzat, zerga mugak zuritzeko aitzakiarik handienak desitxuratuta geratu zaizkiolako New Yorkekoari.
Fentaniloak bidea egingo duen bezala, arma astunek asmatuko dute kartelen eskuetara heltzen
Merkataritza lantaldeari dagokionez, agintari mexikarrek Ipar Amerikako hiru herrialdeen itunaren aldeko apustu garbia egin dute, baita muga zergak gainera etorri zaizkielarik USMCA deituriko hitzarmena kolokan geratu den honetan ere. Trumpek agindua sinatzen zuen unean bertan, Mexiko Hirian batzarrera deitu zituen presidenteak gobernuko sailburu guztiak eta enpresa munduko eragile nagusiak. Guztiek berretsi zuten Mexiko Plana deitu duten egitasmoan orain hiru aste marrazturiko bidea. Etxean kontsumitu beharrekoak etxean bertan ekoizteko enpresa sare sendoa sortzea da asmoa, Asiatik eratorritako inportazioak gutxitzeko, batez ere. Sheinbaumek egun horretan gogoratu zuen neoliberalismoaren garaietan desegin egin zutela Mexikok zuen ehun industriala, eta apustua AEBetako automobil-industriarentzako piezak egitea izan zela, makila lana eginez. Orain, berriz, barne kontsumorako gaiak etxean bertan sortzeaz gain, teknologian eta, batez ere, medikuntza eta botiketan apustu garbia egin nahi dute agintari mexikarrek.
![Mexikoko Guardia Nazionaleko soldadu multzo bat aurreko asteartean Hermosillon (Mexiko), AEBetako mugara joateko pronto. DANIEL SANCHEZ / EFE Mexikoko Guardia Nazionaleko soldadu multzo bat aurreko asteartean Hermosillon (Mexiko), AEBetako mugara joateko pronto. DANIEL SANCHEZ / EFE](/uploads/s1/71/20/45/4/ef-649492-14650624_49_1000x666.jpeg)
Orain artekoak mutu utzi ditu oposizioko indar guztiak, baita gobernuaren kontrako bortitzenak ere. Guztiek txalotu dute presidentearen zuhurtzia, eta hilabeteko «su etenaren» ondoren ere indarrak batzearen alde agertu dira. Pitzadurak ezkerrean gertatu dira, oraingoz apal-apal agertu badira ere. Lopez Obrador presidente ohiak sortutako mugimendua, Frankenstein sortua izan zen antzera, handik eta hemendik hartutako indar, eragile eta lagunekin sortua izan zen. Bertan aurkituko ditugu, ezker muturrekoekin batera, ez horren ezkerrekoak direnak, eta baita gizarte gaietan aurrerakoiak izanik arlo ekonomikoan liberalak direnak ere. Ahaztu gabe, noski, oposizioko PRI eta PAN alderdien galbidetik ihesi ofizialismoaren hegal azpian aterpe aurkitu dutenak ez direla gutxi izan. Gobernua osatzerakoan Ekonomia sailburu Marcelo Ebrard aukeratu izanak argi erakutsi zuen Sheinbaumek ez zuela merkatuaren indar ilunekin lehiatzeko asmorik.
Trumpen apetaldiak, baina, Pandoraren Kutxa ireki du ofizialismoaren barruan. Sabina Berman ezkerreko hegalean kokatzen den idazle eta kazetari entzutetsuak asteon egin du aldarria: «AEBek USMCA akabatu duten honetan, egin dezagun bat BRICS herrialdeekin». Aurreko urrian Sheinbaumek baztertu egin zuen aukera hori, indarra, bere hitzetan, USMCA barruan zegoelako. Arrakala ireki da jada.
Oharra: Idatzi honek argia ikusi orduko, agian ezerezean geratu da hemen esaten den guztia, AEBetako presidenteak azken orduan erabaki duelako Sheimbaum presidentea Guantanamon giltzaperatzea, Trumpek berak erabakita, narkoari lotuta dagoelako. Auskalo!