Ane irazabal
Leku-lekutan

Austria eta nazismoaren apologia

2024ko urriaren 6a
05:05
Entzun

Emaitzak ez dira ezusteko bat izan. Austriako bozek azken urteetako joera konfirmatu dute. FPO edo Askatasunaren Alderdiak botoen %29 eskuratu du eta eskuin muturraren garaipena ekarri du hauteskunde orokor batzuetan. Ez da lehen aldia, ordea. Aitzitik, FPOk iragan ekaineko Europako Parlamenturako bozak irabazi zituen eta ondoren etor zitekeena argi utzi zuen.

Edonola ere, hauteskunde hauetan Austriako mapa ia osoa urdinez margotu da. Historikoki ezkerreko bastioiak diren hiri handiez gain, herrialdearen zati gehienak eskuinera edo eskuin muturrera bira egin du, eta, olatu ultra horren atzean, Herbert Kickl politikaria dago. Askatasunaren Alderdiaren hautagaiak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu FPOren adarrik erradikalena ordezkatuz. Viktor Orbanen erregimen iliberala kopiatzeko asmoz, Herbert Kicklek euroeszeptizismoa, antisemitismoa eta xenofobia harro aldarrikatzen ditu. Baina ez hori bakarrik. Zeharo gorabeheratsua izan den legealdiaren ostean, lider estremistak egonkortasuna eta segurtasuna berrezarriko dituela zin egin du. Bada, Austriak hiru lehen ministro izan ditu azken bost urteetan. Ustelkeria kasuengatik Sebastian Kurz kontserbadorearen gobernua erori ostean, Alexander Schallenberg eta gero Kark Nehammer aukeratu zituzten kantziler. Legealdi osoan zehar, kontserbadoreek berdeekin gobernatu dute eta bi alderdi horiek dira bozetan hautesleek gehien zigortu dituztenak. Austriako indar popularrak ia 11 puntu galdu ditu 2019ko bozetatik eta Berdeek bost puntu.

(ID_14297610) AUSTRIA PARLIAMENTARY ELECTION
Eskuin muturraren aurkako protesta bat Vienan, irailaren 29an. FILIP SINGER / EFE

Izan ere, herrialdea ezegonkortasun ekonomikoan murgilduta dago. Austriak estatu aberatsa izaten jarraitzen du, bai, baina 2023an inflazioa %7,8ra iritsi zen eta industria inbertsioak %18 jaitsi dira. Austriako ekoizpen industrialak beherakada handia pairatu du krisi energetikoaren ondorioz. Austria Alemania baino mendekoagoa da gas errusiarrarekiko. Oraindik ere herrialdera inportatzen den gasaren %83 Errusiatik dator eta prezioek izugarri egin dute gora. Gainera, historikoki, Vienak harreman komertzial eta politiko ezin hobeak izan ditu Moskurekin. Austria ez da NATOko kidea eta ez dizkio Ukrainari armak bidaltzen.

Hori hala, Kicklek zera proposatu du lehen ministro izatera iristen bada: Errusiarekin harreman diplomatikoak berrezarriko dituela eta Moskuren aurka Bruselan adosten diren zigorrak boikotatuko dituela. Hauteskundeen irabazlea Jorg Haiderren diskurtsoen idazle gisa hasi zen politikan, eta, honek alderdia utzi zuenean, FPOren baitako estatu kolpe antzeko bat gauzatu zuen boterea eskuratzeko. 2017 eta 2019 artean Barne ministroa izan zen Kurz kontserbadorearen gobernuan eta manifestazio eskubidea mugatzeko hamaika neurri hartu zituen. Halere, Kurzek kargutik bota zuen Ibiza Eskandaluarengatik, alegia, bere alderdiko kide bati eragin zion ustelkeria kasuarengatik.

Hauteskundeen aurretik, FPOren liderretako baten hiletan, alderdiko kideek Treuelied edo Fideltasunaren Kanta abestu zuten, SSen lemetako bat.

Orduz geroztik, Kickl are gehiago erradikalizatu da, nazismoaren garaiko nostalgia aldarrikatzeraino. Hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago, FPOren liderretako baten hiletan, alderdiko kideek Treuelied edo Fideltasunaren Kanta abestu zuten, SSen lemetako bat. Irudiek herrialdeari buelta eman zioten, baina alderdiari ez zioten botorik kendu. Ez da sekretu bat FPOren sortzaileak SSko kide ohiak izan zirela eta hasierako momentutik historiaren berrirakurketa bat bultzatu zutela. Kicklek berak ere Volkskanzler gisa aurkezten du bere burua: herriaren kantzilerra. Hitler horrela aurkezten zen jendetzaren aurrean.  

Nolanahi ere, ez dirudi Kickl Austriako kantziler berria izango denik. Alemanian ez bezala, Austriako alderdi politikoek ez dute inoiz eskuin muturraren aurkako babes hesia errespetatu, are gehiago, Askatasunaren Alderdiak gobernu dezentetan parte hartu du, bai demokristauekin, baita sozialdemokratekin ere. Baina oraingoan, hautagai guztiek betoa ezarri diote Kickli, erradikalegia delakoan. Honek «galtzaileen koalizioa» deitu dio horri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.