urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Aterpea kiskali

2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bost urte dira Turkiako hondartzarik turistikoenetako batean, Egeo itsasoaren ertzeko Bodrumen, haurtxo bat hilik agertu zela. Alan Kurdi zen, hiru urte zituen eta Kobanen jaioa zen, Siria iparraldean, Turkiako mugan. Hilabete batzuk lehenago, Estatu Islamikoa izeneko erakunde islamofaxistak hartu zuen arabiarrak bizi ziren mugalde osoa; Jazirako kurduen eta mendebaldeko Afrinekoen artean ehunka kilometro hartu zituzten, eta Turkiako mugazainen utzikeriaz sartu ziren Siriara Europa osotik iritsitako gizon-emakume fanatizatuak.

Kobane zen salbuespen bakarra; Siriako armadak hiri nagusietan gotortzeko alde egindakoek kurduek eurek kontrolpean hartu zituzten hiru kantonamenduetako bat zen: txikiena, bakartuena eta, teorian, ahulena. Hegoalderantz jihadistei libre joaten uzten zien artean, Turkiak erabateko blokeoa zeukan islamofaxismo hari aurre egiten zion leku demokratiko bakarraren aurrean. Kurduek hasieratik esan zuten ez zutela gatazkako alde bat ere babestuko, etxea defendatzeko sortutako miliziak zirela eta ez inori erasotzeko. Etxetik irten ziren lehen aldia 2014ko abuztuan izan zen: Siriako mugetatik ere irten ziren Iraken menpeko Sinjarrera jo eta dozenaka gazteren sakrifizioarekin yazidi genozidioa geldiarazteko. ISISek, ordainetan, bere eremuaren beste muturrera jo zuen, kurduak bakartuen zeuden eta Turkiak blokeatzen zituen Kobane hartara. Aurretik Sinjarren bezala, ahal zuenak ahal bezala ihes egin zuen, eta gerrillari kurduak geratu ziren herriaren defentsan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Kobane «galdutzat» jo zuen publikoki, haren defentsa ordurako ezinezko zela iradokitzen. Egiaz «irabazitzat» jo beharko zuen, askoz nahiago zituen bandera beltza zeramaten bizardunak, Kobane defendatzen zuten neska-mutil libreak baino. Baina geopolitikaren bitxikerietako bat gertatu zen, Ameriketako Estatu Batuek kurduen karta interesgarri zitzaiela iritzi, eta batzuek airez eta, batez ere, besteek lurretik ekinez, Kobanek libre jarraitu zuen. Txiki-txiki eginda, baina libre.

Turkian ziren Kobanetik zein Sinjarretik ihesi joandako milaka kurdu. Ameriketako Estatu Batuen laguntza militarra izan zuten islamofaxismoari aurre egiten zioten emakume gerrillariek, Europako iritzi publikoak liluratuta ikusi zituen, gerra hura baino askoz lehenagotik zetorren emantzipazio proiektuaz ere interesa piztu zen. Baina etxetik joan behar izan zuten haien senideak Turkiako kanpalekuetan egotea ez zitzaion inori ardura.

Euren etxeen eta proiektuaren defentsan lehendabizi baina denok beldurtzen gintuen islamofaxismo horren aurka bestetik, denek txalotu zuten neska-mutil borrokalari haien senideak ezer gabe zeuden. Armak bai, mendebaldar odolik isuri gabe gu guztion alde egin zezaten borroka. Baina ihesi zihoazenei aterperik ez. Sinjarren daude oraindik batzuk, orain Turkiaren bonben azpian. Turkian beste batzuk. Bada Alemaniara iristea lortu zuenik. Eta beste zenbat Egeoko uharte baten harrapatuta, beste milaka afrikar, afganistandar eta beste hainbat herritako lagunekin batera. Atzera itzuli ezin eta aurrera egin zen. Urtea joan, urtea etorri, umeak hazi, eta etxerik ere ez demokraziaren eta askatasunen arragoa ei den Europako Batasuneko bazter baten.

«Nekez igoko du inork seme-alaba txalupa baten itsaso zabalera joateko, lehorra arriskutsuagoa izan ezean». Behin baino gehiagotan erabili da esaera hori edo horren aldaeraren bat azken urteotan, Alan haurtxoaren heriotzaren ostean. Aylan Kurdi deitu zioten hasieran Turkiako agintariek; handik gutxira Alan zela argitu zuen familiak (gogoan dituzue eskola garaiko herri barbaroen artean aipatzen zizkiguten «alanoak»? Bada, kurduek herri irandar horrekin dute lotura), eta hala gogoratzen da herrialde guztietan, Mediterraneoan erreskatean dabilen ontzi batek ere Alan Kurdi izena du. Espainian baino ez dute esaten «el niño Aylan». Eta izen hori darabilenak, haurrari eta familiari errespeturik ez izateaz gain, Turkiari jokoa egiteaz gain, bere burua ere nabarmentzen du. Hau guztia azaldu ostean «Aylan» esatea hobetsi zuen kazetari bat dut gogoan, adibidez, «mundu guztiak hala ezagutzen duelako». Arrazoi komertzialak, lehendabizi. Arrazoi komertzialak eta Espainia.

«Nekez erreko du inork bere aterpe bakarra, sekula etxerik ez izatearen etsipena handiagoa izan ezean» egokitu liteke egunotan Lesbosen gertatutakoa. Zapatistek maskarak jarri zituzten legez, ez aurpegia ezkutatzeko, behingoan ikusgai egoteko baizik. Noraino heldu behar du pertsonak daukan aterpe bakarrari su emateko? Egoera horretan doi-doi iraun baino hobe duela dena kiskalita bide ertzean gosez egon, horrek gutxienez norbaiti nonbait zerbait eginaraziko diolako. Europa 400 adingabe nola banatuko dituen eztabaidan; orain arte zelan egon diren babesik gabe galdetu beharrean. Adingabeok Morian bizi zirenen ehuneko hiru izanik, gainontzeko 12.600 pertsonentzako beste kanpamentu bat planteatzea bera (beste bost urterako? hamar? ehun?) kriminal hutsa izatea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.