Alemaniako boz orokorretako emaitzek ezusteko gutxi utzi dituzte hauteskundeen aurretiko inkestek aurreikusten zutenarekin alderatuta. Agian, irabazlea izan da inkestek bete-betean asmatu dutena. Zundaketek botoen %30 eta %32 artean ematen zizkioten Friedrich Merzen CDU Batasun Kristau-Demokratari, eta, azkenean, %28,5 lortu ditu. Ez dago zalantzarik irabazlea izan dela, eta Alemaniako hurrengo gobernua gidatuko duela, baina botoen %30era ez iristea ez da emaitza ona izan Merzentzat. Beren historiako bigarren daturik txarrena lortu dute demokristauek. Zerk egin du huts kanpainan? Balorazioak egiteko garaia orain hasi da, baina iritzi artikuluek nabarmendu dute alderdiaren hauteslerik «zentrokoenek» ez diotela barkatu hauteskundeak baino lehenago Bundestagen migrazio legea gogortzeko AfD Alemaniarentzako Alternatiba ultraeskuindarraren botoak onartu izana; araudia ez zen onartu, hain zuzen, CDUren baitan dozena bat parlamentarik kontra bozkatu zutelako. Zer esanik ez alderdi sozialdemokratari buruz. Olaf Scholzen SPDk inoizko daturik kaskarrenak lortu ditu, botoen %16,4, eta Scholzen «erretiroa» bultzatu dute. Azken agintaldian kantziler izan denak iragarri du aurrerantzean diputatu arrunt gisa jarraituko duela.
Edonola ere, Merzek haren alde izan du aritmetika. Demokristauen liderrak argi utzi du bere helburua SPDrekin soilik Koalizio Handia egitea dela, eta alderdi txikiek, alegia, FDPko liberalek eta Sahra Wagenknechten aliantzak ordezkaritzarik lortu ez dutenez, kontserbadoreek eta sozialdemokratek badute koalizioa osatzeko gehiengoa. Hori baino lehenago, ordea, ez du denborarik galdu nahi, eta motelegia izan ohi den Alemaniako burokraziaren tempoak gainditzeko intentzioa erakutsi du. Bozen ostean Scholzekin egin duen lehen bileran, zera adostu dute: zorraren frenoa askatzeko konstituzioaren erreforma bultzatzea. Alemaniak 2009an, Angela Merkelen garaian [2005etik 2021era bitarteko kantzilerra] eta euroaren krisi betean, onartu zuen konstituzioz herrialdeak izan dezakeen zorrari %3ko muga jartzea. Austeritatearen isla argia. Orain, lege hori aldatzeko botoen bi heren behar dira Bundestagen, baina Merzek ez du gehiengo hori lortzeko modurik hauteskunde hauek utzi duten parlamentuarekin, ezta alderdi ekologista batuz gero ere. Beraz, haren helburua da martxoaren 25ean Bundestagen legealdi berria hasi baino lehenago erreforma onartzea.

Eta zertarako? Ba defentsan gehiago inbertitzeko. Merzek iragarri du defentsa gastura bideratzeko 200.000 milioi euroko paketea onartu nahi duela. Ukrainako gerraren ondoren, Alemaniako armen industriak gorakada handi bat bizi du, eta oso errentagarria bilakatu da. Azpimarragarria da armagintza arloko Rheinmetall enpresa alemaniarraren balioa biziki hazi dela burtsan. Ukrainako gerraren aurretik akzio bakoitzak 90 dolar balio zuen; egun, 800 dolar inguru. Merzen aburuz, Alemaniak ezin du defentsaren alorrean AEBen mendekoa izaten jarraitu, eta horretarako ekipamendu militar gehiago ekoiztu beharra dagoela dio. Alemaniarentzat eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko beste hainbat kiderentzat tankeak, urpekoak, droneak eta defentsa sistema antiaereoak masiboki ekoizten hastea da kantziler berria izango denaren helburua. Une honetan, defentsarako gastuak Alemaniako BPG barne produktu gordinaren %2 betetzen du, baina arma ekoizleen lobbya aspalditik ari da muga hori gainditu beharra dagoela aldarrikatzen.
Merzek konstituzioaren erreformaren aurka izango ditu, besteak beste, AfD ultraeskuindarra eta Die Linke ezkertiarra. Alemaniako eskuin muturrak hurbiltasuna erakutsi dio Errusiari eta bete-betean babesten ditu Trumpen gobernuaren eta Moskuren arteko Ukrainaren gaineko negoziazioak. Ezkerra, berriz, prest egongo litzateke erreforma onartu eta zorraren frenoa askatzeko, baina azpiegitura zaharkituetan, eskoletan eta erietxeetan inbertitzearen truke. Merzek sozialdemokraten eta Berdeen aldeko botoa izango du horretarako.