Ekhi Erremundegi Beloki.

Arnasa macronistentzat, blokeoa aitzin

2024ko uztailaren 18a
21:27
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak desegitea erabaki aitzin bezala, Yael Braun-Pivet EPR Elkarrekin Errepublikarentzat taldeko diputatua izanen da Frantziako Asanbleako presidentea. Uztailaren 7tik macronistak eraiki nahian ari diren kontakizunari indarra emateko balio du: ez du ezkerrak irabazi, ez dute gehiengorik Frantziako Gobernua hartzeko, eta eskuinari dagokio gobernatzea. «Hemen ez da ezer gertatu».

Hiru bozketa behar izan ditu Braun-Pivetek, gehiengo sinplez legebiltzarraren gidaritza hartzeko. Alderdien arteko solasen berri duten hainbat kazetariren hitzetan LR Errepublikanoekin akordioa egin du horretarako, eta asanbleako hainbat kargu haien esku uztea adostu dute. Diputatuen botoa sekretua bada ere, hiru itzulien arteko matematikek LR diputatuen babesa izan duela erakutsi dute. Hirugarren bozketan LIOTeko gehiengo batek haren alde egin duela pentsa daiteke ere.

LFI Frantzia Intsumisoa eta RN Batasun Nazionala parez pare eman dituztenetarik da Braun-Pivet. Alta, orain arte ez du jarrera bera izan bi aldeekin. 2022an RN Batasun Nazionalari asanbleako postu jakin batzuk ematea onartu zuen, tartean asanbleako presidenteorde kargua, eta gogor egin du ezkerraren kontra —LFIko diputatu batzuek zigor zorrotzak jaso dituzte asanblean izandako jarreraren ondotik—. Aldi honetan hautatua izateko ere RNekin mintzatzeko prest zegoela zioten batzuek, baina itxuraz ez dute akordio bat lortu. Hirugarren bozketan Sebastien Chenu RNeko diputatuak hautagaitza atxiki du, ezkerraren esperantzak azken mementoraino bizirik atxikiz.

Macronen teilatuan da pilota orain. Izan ere, Frantziako konstituzioaren arabera presidentearen esku da lehen ministroa izendatzea. V. Errepublikako tradizioaren arabera, Frantziako Asanbleako indar harremanaren arabera izendatu ohi du presidenteak, eta hala gertatu dira historian zehar. Hauteskundeen ondotik gehiengo osoa duen talderik agertu ez zenez, presidentearen bozketa errespetatuko zuela adierazi du Macronek azken egunetan. Braun-Pivet gailendu izanak ideia horri indarra emanen dio.

Nor-nori-nork

Orain arte bezala segitu nahi du Macronek, baina deus ez da lehen bezala. Errepublikanoekin osa lezake gobernua; LR oposizioko talde gisara erregistratu da asanblean, baina lehen ministroa haren lerroetatik heldu bada proposamena onar lezakete. Azken bi urteetan Frantziako Gobernuaren makulu izan dira, eta 49-3 artikulua erabili ondotik aurkeztuak izan diren zentsura mozioek porrot egitea ahalbidetu dute. Uztailaren 7tik aitzina eraiki den indar harreman berriarekin NFP eta RNen botoak nahikoa lirateke zentsura mozio batek aurrera egiteko.

Hipotesietan, denetarik aipatu da. Azken urteetan eskuin muturraren ideiak normalizatu dituen Gerald Darmanin orain arteko Barne ministroa gobernuburu izendatzea RNen babesa lortzeko. Asanblearako hauteskundeen itzulian «fronte errepublikarra» osatzera deitu ondotik ausarta litzateke; baina macronistek zerbait erakutsi badute, hori da: edozertarako gai izan daitezkeela. Haatik, eskuin muturrari komeni al zaio Macronen makulu gisa agertzea? Gehiago dute galtzeko.

PSen bila joatea litzateke beste aukera bat. Baina PS, EPR eta LR batuta ez lukete gehiengorik. Ekologistak eta beste diputatu batzuk gehituta, bai; baina zer politika egiteko? «Elkarrekin mintzatu eta konpromisoak [lortzeko]» beharraz aritu da Braun-Pivet hautatua izan berritan, gauzak desberdin egiteko borondatea erakutsiz. Hori izan da macronismoaren diskurtsoa 2017tik; orain arte ez dute lortu.

Ezkerraren aukera

Gobernu bat osatzeko macronismoaren ezintasunak ezkerrari eman liezaioke aukera. Lehen ministro posiblearen inguruan eztabaidan aritu dira azken bi asteetan, baina, funtsean, estrategia politikoa da jokoan dagoena: zertarako eta nola gobernatu, eta nori dagokion ezkerraren lidergoa. Sozialisten eta Intsumituen arteko lehia dago hor. Baina asanblearako presidentegai bakarra hautatu izanak erakusten du adostasunetara heltzeko gaitasuna badutela.

Bi izen nabarmendu dira oraingoz: Huguette Bello Reunion uharteetako eskualdeko presidentea; komunistek aurkeztu dute, baina intsumituengandik hurbil da. Bestea sozialisten hautagaia da: Laurence Tubiana diplomata. Macronengandik hurbilegi izatea leporatu dio LFIk. Trenkatzeko, lau alderdien negoziazio eremutik atera, eta NFP osatzen duten diputatuen artean bozkatzea proposatu du batek baino gehiagok.

Baina ministrogai bat lortuko balute ere, macronisten gobernabide arazo berak izanen lituzkete. Berrehun boto lortu dituzte asanbleako presidentea hautatzeko bozketan; gehiengo osoa baino 89 gutxiago.

Minutua eta emaitza: ezkerrak erakutsi du asanbleako bloke nagusia dela, eta macronistek arnasa hartu dute. Baina blokeoa dator.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.